Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek berriro eskatuko dio Kongresuari estatuko alarma egoera luzatzeko. Eskaera horrek, baina, bi desberdintasun garrantzitsu izango ditu aurrekoekin alderatuta: hilabetekoa izango da orain artekoak bi astekoak izan dira eta Espainiako Gobernuaren borondatea da «azkeneko» luzapena izatea. Asteazkenean izango da saioa, Kongresuan.
Berritasun gehiago ere izango luke luzapen horrek: orain arte, alarma egoerak iraun duen bitartean, lau ministeriok izan dute agintea, Sanchez presidentearekin batera: Osasun, Garraio, Defentsa eta Barne ministerioek. Aurrerantzean, baina, eta, Kongresuak gobernuaren proposamena onartuko balu, Osasun Ministerioa izango litzateke agintari nagusia, autonomia erkidegoekin batera «kogobernantzan».
Espainiako Gobernuak proposatutako luzapena onartuko balitz, alarma egoeraren amaiera bat etorriko litzateke normaltasun berrira iristeko diseinatutako trantsizio prozesuaren bukaerarekin. Horregatik, Sanchezek espero du, hura amaituta, egoera normaldurik egongo dela eta ez dela beharrezkoa izango luzapen gehiago eskatzea. Baina horrek ez du esan nahi, baldintzak egokiak badira, epeak laburtzeko modua egongo ez denik: «[Espainiako] Gobernuak ikusten badu, hilabeteko epea amaitu aurretik, alarma egoera eten daitekeela lurralde osoan edo zati batean, halaxe egingo du», esan zuen Sanchezek atzo egindako agerraldian.
Babesa bilatu behar
Gobernuak datorren asteazkenean aurkeztuko du alarma egoera bosgarren aldiz luzatzeko proposamena. Ez du erraz izango Kongresuaren oniritzia lortzea: gobernuburuak bere asmoaren berri eman eta atoan iragarri du PPren presidente Pablo Casadok ez diotela babesik emango. Gainerako talde parlamentarioen laguntza bilatu beharko du, azkeneko luzapenetan bezala.
Horregatik, Sanchezek berretsi du orain arte errepikatutako ideia: alarma egoera da tresna juridiko egoki bakarra herritarrak mugitzeko eta biltzeko eskubideak mugatu ahal izateko. «Urratzen ari garen bidea da bide bakarra», azaldu du. «Alarma egoera salbu, Espainiako Gobernuak ez du beste tresnarik izurriari buru egiteko». Gainera, Sanchezen arabera, alarma egoerak erakutsi du «eraginkorra» izan dela COVID-19 pandemia geldiarazteko.
Edonola ere, Sanchez prest azaldu da talde parlamentarioekin negoziatzeko. Eta beste iragarpen bat ere egin du: alarma egoera bukatutakoan, ohiko legerian —adibidez, Osasun Publikoaren Legean aldaketak egitea proposatuko du, «pandemiaren kontra borrokatzen jarraitzeko eta egoera kudeatu ahal izateko». Lege aldaketa horien inguruko xehetasunik ez du eman, baina aurreratu du gainerako talde parlamentarioekin negoziatzeko asmoa daukala.
Koronabirusa
Alarma egoera hilabete batez luzatu nahi du Pedro Sanchezek
Asteazkenean aurkeztuko du proposamena Espainiako Kongresuan. Azken luzapena litzateke, Osasun Ministerioaren agindupean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu