Ikastola guztiek esparru pedagogiko berria izanen dute ikasturte honetatik aurrera. «Pertsonetan zentratutako hezkuntzara salto egitea» da Ikastolen Elkartearen asmoa, eta, horretarako, Hezkuntza Marko Orokorra aurkeztu dute: «Ikastolentzako zoru komuna izanen dena, ikuspegi pedagogiko komun bat, ikastola guztientzat».
Vianako kultur etxean egin zuten aurkezpena (Nafarroa), atzo, 2023-2024ko ikasturtearen hasiera ekitaldian. Bertan azaldu zutenez, ikastola bakoitzak aukera izanen du esparru pedagogiko orokor hori «bere errealitatera egokitzeko», Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolaren arabera.
Liburu batean jaso dute ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria Amaia Anterok, Amaia Artolazabalek, Esther Garaialdek eta Zigor Ibarzabalek. Bazatoz? izenburua eman diote. «Esparru honek jauzi bat proposatzen digu: Pertsonan zentratutako hezkuntzara salto egitea. Azken urteotan egin eta ikasi duguna jaso, eta egungo testuinguru eta errealitateari erantzuteko proposamena da. Horrek garamatza irakaskuntza pertsonalizatuago batera», adierazi du Artolak.
Egungo eskaintza pedagogikoaz harago, baina, etorkizunari ere erreparatu dio Ikastolen Elkarteak. Izan ere, hurrengo udan eginen dute VII. batzarra, ikastolak hurrengo urteetarako «prestatzeko» eta «biharko ikastolak irudikatzeko» xedez. «Ikastolen mugimendua osatzen dugunok gogoeta egin behar dugu XXI. mende honen hirugarren hamarkadako euskal gizartearen eskariez, eta haiei erantzuna ematen saiatu behar dugu; hots, ikastolen mugimenduak Euskal Herriko gizarteari egin behar dion ekarpena erabaki behar dugu», esan du Ikastolen Elkarteko lehendakariak.
Ofizialtasuna aldarri
Artolak euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du «Euskal Herri osoan», eta baita Euskal Herrirako «hezkuntza sistema propio bat» ere. Ikastolen beharrezkotasuna azpimarratu du, «euskara eta euskal kultura sistemaren erdigunean jartzeko», eta mugimenduaren «sendotasuna» nabarmendu du. Horren adibidetzat jo du aurten ateak ireki dituen Senpereko Kattalin Elizalde kolegioa.
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Ana Ollok eta Vianako Hezkuntza zinegotzi Aitana Duquek ere parte hartu dute ikastolen ekitaldian, eta, horiez gain, beste hainbat ordezkari politiko, sindikal eta euskararen esparruko ordezkariak batu dira saiora.
Begirada komun bat ikastolentzat
Ikastolek hezkuntza marko orokor berria aurkeztu dute, Vianan. VII. batzarra eginen dute 2024an, etorkizuneko erronkak aztertzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu