«Espainia federal batean egongo den Euskadi» nahi du PSE-EEk

PSE-EEk bederatzigarren kongresuan eztabaidatuko duten txosten politikoa aurkeztu du. Azaroaren 20an eta 21ean egingo dute

Gil, Retortillo eta Blasi, atzo Bilbon egindako agerraldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
PSE-EE bere bederatzigarren kongresura begira jarrita dago. Atzo aurkeztu zuten kongresuan eztabaidatuko duten txosten politikoa hura osatzeko prozesuan koordinatzaile lanetan aritu diren Begoña Gilek, Alfredo Retortillok eta Pau Blasik, Bilbon egindako agerraldian. Bertan, «Euskadi sendo eta segurua» defendatu zuen Retortillok, «Espainia federal baten eta Europa federal baten barruan» egongo dena. Ondo bidean, azaroaren 20an eta 21ean egingo dute kongresua.

Aurkezpenean bezala, testuan ere federalismoa defendatu dute, mende honetako erronkei aurre egiteko modurik onena delakoan: «Uste dugu eredu federala dela batasuna lortzeko bidea, nazioen eta erregioen aniztasuna eta espezifikotasunak errespetatuz». Erabakitzeko eskubideak, berriz, «Erdi Aroko erresumen mundu batera» itzultzea dakarrela ohartarazi dute. Gainera, independentzia lortuz gero, «automatikoki» Europako Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela nabarmendu dute.

Bestelako hainbat gai ere landu dituzte txosten politikoan. Haien hitzetan, COVID-19ak agerian utzi du zaintzak duen garrantzia, eta PSE-EEk adierazi du «beste zaintza eredu bat» sortu behar dela, «familian oinarrituko ez dena eta feminizatua egongo ez dena». Osasun sistema publikoak ere «bultzada bat» behar duela uste dute, eta hori PSE-EEk soilik gida dezakeela.

Aldaketak zerga sisteman

Ekonomiaz ere aritu dira testuan: «Ekonomia berritzaile, jasangarri eta inklusibo baten alde lan egingo dugu, zeinak zientziaren eta ikerketaren aldeko apustua eta finantzaketa publiko argia bultzatuko duen». Erantsi dutenez, trantsizio ekologikoa eta digitala «funtsezko bektoreak» dira industria politika berrian. Beharrezkoa iruditzen zaie zerga sistema «modernizatzea» ere, «hazkundea inklusiboa eta jasangarria» izan dadin, eta ezinbestekotzat dute ingurumen fiskalitatea klima larrialdia kudeatzeko.

Hezkuntzari ere erreparatu diote. Besteak beste, esan dute garaia dela eredu elebidun batetik hirueledun batera igarotzeko.

Ezker Anitzak, berriz, hamargarren asanbladara deitu du. Dokumentu politikoak jasotzen duenez, « Elkarrekin Podemos-IUk Euskadin duen esparru politikoa» indartu asmo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.