Koronabirusa

Tolosalderako ospitale publikoa eskatu dute

Manifestazio bat egin dute Tolosan, Asuncion klinikako agerraldia «kudeaketa ereduaren» eta «kontrolik ezaren» ondorio dela salatzeko

Herritar talde batek eta langile talde batek deitutako manifestazioa, atzo, Tolosa zeharkatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ane Eslava.
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Osasun sistema publikoaren aldeko aldarria ez da berria Tolosaldean (Gipuzkoa), baina azken egunetan Asuncion klinikan 42 COVID-19 kasu atzeman izanaketa ospitalea itxi behar izanak areagotu egin dituzte kezka eta haserrea. Atzo, hainbat herritar eta langilek deitutako protesta jendetsu batek Tolosa erdigunea zeharkatu zuen, «kalitatezko osasun zerbitzu publikoa» eskatzeko.

Asuncion klinika pribatua da, baina, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez, zerbitzu publikoa eskaintzen du. Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako bizilagunak artatzen dituzte han; horietako asko, ordea, ez daude eredu horrekin ados.

Atzoko protestan, «kudeaketa eredu pribatizatuari eta osasun sistema kaskarrari» egotzi zizkieten klinikan izandako kutsatzeak. Manifestarien esanetan, «ez da kasualitatea» agerraldia Asuncion klinikan gertatu izana. «Asuncion klinikaren itxiera Tolosaldeko osasun zerbitzu eskasaren ondorio da: administrazio publikoak klinikarekiko duen esku hartze eta kontrolik ezaren ondorio. Urteetako murrizketen politikaren ondorioak azaleratu ditu pandemiak», adierazi zuten manifestazioaren amaieran. Tolosan gertatutakoa «beste inon» gertatu gabekoa dela salatu zuen, eta «gainerako eskualdeen pareko» izan nahi dutela adierazi zuten.

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere izan ziren protestan, eta antzeko aldarriak plazaratu zituzten. ELAko Marian Etxeberriak azpimarratu zuen Tolosaldeak ere behar duela eskualdeko ospitalea, «gainerakoek bezala». LABeko Marian Etxeberriak, berriz, sistema publikoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Aspalditik ari gara publiko egiteko eskatzen».

Kokaleku bila

Eskualdeko udal gehienek babestu zuten manifestazioa; ez, ordea, Tolosakoak. Olatz Peon alkateak ohar batean adierazi zuen kasuen gorakadak ez duela zerikusirik klinikaren kudeaketa ereduarekin. Hala eta guztiz ere, gertatutakoaren «arrazoiak aztertuko dituztela» eta Eusko Jaurlaritzari «neurri gehiago exijituko» dizkietela ziurtatu zuen, eta iragarri zuen dagoeneko ari direla ospitale publikoarentzako kokaleku baten bila. Osasun Sailarekin bilera bat egingo dute «aurki».

Iragarpen horrekin pozik agertu ziren manifestariak, baina udalari galdetu zioten zergatik, eskualdeko osasun arreta «ezin hobea» dela defendatzen aritu ondoren, bat-batean, ospitalea eraikitzearen alde egin duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.