Haizea alde dute berriro

Urteetako etenaldiaren ostean, proiektu eoliko eta fotovoltaiko handiak martxan daude berriro. Hegoaldean, instalatuta dagoen potentzia hirukoiztu nahi dute gobernuek

Haizea alde dute berriro.
inaki petxarroman
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Urte luzeetako geldialdiaren ostean, bultzada indartsua izaten ari dira berriro ere jatorri berriztagarriko energiak Euskal Herrian, bereziki eolikoa eta fotovoltaikoa. Joan den astean Nafarroako Garapen Ekonomikoko kontseilari Manu Aierdik jakinarazi zuenez, potentzia handiko hainbat proiektu tramitatzen ari dira herrialdean. Guztira, 2.266 megawatteko (MW) potentzia izango dute egitasmo horiek, eta, beraz, gaur egun instalatuta dagoen potentzia (1.200 MW) nabarmen handituko litzateke haiek gauzatzen direnean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, proiektuak horren aurreratuta ez badaude ere, antzeko joera gertatu beharko litzateke datozen urteotan, Jaurlaritzak iragarritako aurreikuspenak betez gero. Berez, EAEren 2030erako Energia Planaren arabera, gaur egungo potentzia eoliko eta fotovoltaikoa (170 MW inguru) halako hamar izango lukete instalatuta hiru herrialdeetan 2030erako, 1.076 megawatt hain zuzen ere.

Nafarroan aurreratuago daude egitasmo eolikoak: haietako hiru eraikitzen ari dira jadanik. Naturgy enpresa 49,5 MWeko potentzia duten bi parke eoliko egiten ari da Añorbe, Artaxoa, Barasoain eta Tirapu herrien artean. 45 milioi euroko inbertsioa egin du instalazio horietan. Iberdrola beste lau parte eoliko eraikitzen ari da Cadreitan eta Valtierran. Bi parkeok 2020rako prest egon beharko lukete, eta 111 MWeko potentzia izango dute. Bestalde, Enhol talde nafarra beste bi proiektu eraikitzen ari da Erriberan, Ablitas eta Cabanillas herrietan, hain zuzen ere. Bi proiektuek 90 MWeko potentzia izango dute, eta 86 milioi euro ari dira inbertitzen haietan. Nafarroan 1.500 megawatteko potentzia dago instalatuta gaur egun energia berriztagarrietan. Horren zatirik handiena energia eolikoak dauka (1.030 MW). Oraindik ere energia hidraulikoa da berriztagarrietan bigarrena (250 MW) Nafarroan. Eguzki energiak 162 MW instalatuta dauzka, oraingoz, baina hazkunde handia espero du datozen urteotarako.



Mugimenduak Araban

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere zenbait proiektu eoliko martxan jarri nahi dituzte hurrengo bi urteotan. Aurtengo uztailean osatu zuten Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Energiaren Erakundeak (EEE) Aixeindar enpresa. EEEk akzioen %40 ditu, eta gainerakoak Iberdrolak dauzka. Azken egunetan jakin denez, neurketak egiten hasi da Aixeindar, proiektu eolikoen kokapenen bila. Halako neurketak egin ditu, esate baterako, Iturrietako Mendietan (Araba). Hango herritarrek egitasmoa salatu dute, Entzia Mendilerroa Natura 2000 sareko babes bereziko eremua delako. Hain zuzen ere, mendi ingurune horretako hegaztiei proiektuak egin diezaiekeen kaltea salatu dute herritarrek eta Lurra mugimenduak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau parke eoliko eraiki zituzten 2000ko hamarkadan, baina, besteak beste, eragin zituzten protestengatik, Jaurlaritzak eta aldundiek luzamendu bat adostu zuten zenbait egitasmotarako. Besteak beste, baimenaren zain geratu ziren proiektuetako bat izan zen Iturrietako Mendietakoa. Beste hirurak dira Aldako Gurutzekoa eta Arkamokoa, biak ere Araban; eta Gazumekoa, Gipuzkoan. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak ziurtzat jo du hurrengo bi urteotan jarriko duela martxan Aixeindarrek bere lehen parke eolikoa. Non egongo den ez du zehaztu, ordea. Eusko Jaurlaritzaren asmoa da 2030erako %30era igotzea energia berriztagarrien kontsumoa —gaur egun, %7 ingurukoa da—. Nafarroan %23koa da energia berriztagarrien kontsumoa, eta gobernuaren asmoa da hura %50era handitzea 2030erako.

Ekian, probetan

Araba hegoaldean eraiki duten Ekian parke fotovoltaikoan probak egiten hasi dira elektrizitatea sortzeko. Duela lau egun egin zuten lehenengo proba, Irizarren autobus elektriko bat betez. Behin dena ongi dagoela ziurtatu ostean, sarera konektatuko dute parkea, eta guztira 24 megawatteko potentzia izango du. Hau da, urtean 40.000 megawatt-ordu (MWh) elektrizitate sortuko du, 15.000 familiaren urteko kontsumoa asetzeko bezainbeste. Eguzki energia aprobetxatuz Araban egindako egitasmorik handiena da Ekian, gaur-gaurkoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.