Nafarroako biltzarra osatu zuten atzo Geroa Sozialberdeek, alderdia sortu eta ia urtebetera. Nafarroako hiriburuko Iruña Park hotelean, hamabi lurralde batzordeetako ordezkariak eta alderdiko alkateak, senatariak eta parlamentariak bildu ziren, lehenbiziko batzarrean parte hartzeko. Nafarroako biltzarra alderdiko Batzorde Betearazlearen deliberazio, laguntza eta aholku politikoetarako gobernu organoa izanen da. Uxue Barkos idazkari nagusiak udaletako politika indartzearen alde egin zuen bukaerako hitzaldian, politika «dimentsio gizatiarragoetara itzultzeko». Gainera, «Europatik heldu den ideologia sozialberdea» Nafarroa osoan zabaltzeko nahia agertu zuen.
«Udaletako politikak aukera emanen digu gizartearen beharretatik oso urrun dauden ekintza politikoei berriz neurria hartzeko», esan zuen Barkosek. Bide horretan, ekintza politikoek politika publikoak zuzendu behar dituela azpimarratu zuen: «Politika publikoak ez dituzte beste erakunde mota batzuek zehaztu behar; adibidez, argindarraren prezioa zehazten dutenek».
Diskurtsoaren zati handi bat sozialberde deitu duten ideologiaz mintzatzeko baliatu zuen Barkosek. «Europan jorratzen ari den bideari lekukoa hartu nahi diogu Nafarroan, eta bide hori ulertu nahi ez duenak ez du ikusten zer erronka dugun begien aurrean: beharrezkoa da erantzun koherenteak, gaitasun handikoak eta ilusioa pizten dutenak ematea». Barkosen aburuz, uztargarriak dira ingurumenaren zaintza eta «ongizatea mantentzea posible egiten duen» garapen ekonomikoa. «Ez fidatu planetaren zaintzaren eta garapen ekonomikoaren eta, beraz, ongizatearen artean aukeratzera behartu nahi gaituzten horiez», ohartarazi zuen.
Bide horretan, eskaintza hau egin zuen idazkari nagusiak: «Energia garbia sortzea, energia garbi horretatik abiatuta baliabide ekonomiko publikoak sortzea, ingurumena zaintzea, eta, azken finean, subiranotasun energetikoa». Horregatik, sozialistak, aurrerakoiak eta berdeak direla defendatu zuen.
Geroa Bai koalizioaz ere mintzatu zen Barkos. Haren esanetan, Nafarroako espazio politikoa iraultzeko baliagarria izan da azken hamar urteetan; lehenbizi, aldaketaren gobernuaren buru izanik, eta, ondoren, PSNren gobernua babestuz. Alde horretatik, Nafarroan eta udaletan gobernu «aurrerakoiak» eta «askotarikoak» babestuko dituztela azaldu zuen idazkari nagusiak.
Euskararen defentsa
Kexu agertu zen PSNk euskararekin duen jarrerarengatik, eta lan deialdi publikoetan euskara aintzat ez hartu izana deitoratu zuen. Horregatik, erizainentzako azken lan deialdi publikoa birpentsatzeko eskatu zuen, atzerriko hizkuntzak aintzat hartzen baititu, baina euskara ez. «PSNk interes orokorraren eta Nafarroako identitatearen defentsaren kontrako jarrera agertzen duenean, salatzen jarraituko dugu», ohartarazi zuen. Euskararen aferan ez dutela atzera eginen azaldu zuen, ia osorik gaztelaniaz egin zuen diskurtsoan. «Herritar guzien eskubideak defendatuko ditugu, baita Nafarroako euskaldunenak ere».
Azkenik, aldarrikatu zuen Nafarroa bere etorkizunaren jabe izan behar duen subjektu politikoa dela, eta, bide horretan, autogobernuaren alde egin zuen irmo: «Hitzarmen ekonomikoa garatu eta indartu behar da. Horretarako, legea berrikusi behar da, 1990ekoa baita, eta, garai hartan, ez ziren zerga batzuk existitzen; BEZa, esaterako». Beraz, ezinbestekotzat jo zuen hitzarmen ekonomikoa gaurkotu eta «XXI. mendera egokitzea».
Geroa Sozialberdeek udal politika lehenestea adostu dute biltzarrean
Ingurumenaren babesa sustatu eta autogobernua indartu nahi dute alderdiko arduradunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu