Ikasturte amaiera bertatik bertara dugula, datorren urteari begira jarriak gaude. Hitz egiten ari gara ikasleak eskoletako geletan nola antolatuko diren, jolas ordu zein jangelak nola atondu, jardun presentzial eta ez-presentzialak nola uztartu, baliabide digitalak nola zabaldu eta erabili... Baina ez dakit arreta nahikorik jartzen ari ote garen gure hezkuntza sisteman erdigunekoa den erronka bati: ikasle askorentzat euskara ez da etxeko hizkuntza eta, beraz, datorren irailean urte erdia eramango dute ikasleek «murgiltzerik» gabe.
Pandemia aurretik ere euskarazko gaitasunaren eta erabileraren inguruko kezka bazegoen hezkuntza komunitateko hainbat sektoretan. Murgiltze ereduaren emaitzek positibotik baduten arren, irakasle askoren bizipenek eta zenbait probaren emaitzek zalantzan jartzen dute ikasleen euskara maila eta haren erabilera nahikoa ote den. Beraz, etxealdiak ez gaitu indartsu harrapatu.
Irakasleek sarri aipatzen dute udaren ondoren euskararen ezagutzan eta erabileran koska bat behera eginda itzultzen direla ikasleak ikasgeletara, baina oraingoan sei hilabete dira, urte erdia. Garaia da, hortaz, kaltea gutxitze aldera berandu baino lehen euskararen gaia erdigunean jarri eta familiei baliabideak eskainiz konpromisoak eskatzeko.
Batetik, euskara entzuteko aukerak ugaritu behar genituzke, eta hori lortzeko, ikus-entzunezkoak gako dira. Gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez dauden edukiak gure ikasleengana berez iristen dira, inongo ahaleginik egin gabe. Euskarazko edukiek, ordea, itsasoan galduriko irlak dirudite. Ikasleek, haur zein gaztetxoek, klik batera izan behar lukete euskaraz ekoizturik dagoen ikus-entzunezko material guztia, modu erakargarri eta errazean helarazia. Eta zergatik ez, gertuko sortzaileei aukera eta baliabideak eskaini ahal zaizkie euskaraz kalitatezko eduki berria sortu eta plataforma hori aberasteko.
Bestetik, euskaraz hitz egiteko aukerak sortu behar lirateke. Talde txikitan, presentzialki zein online, betiere aisialdirekin eta atseginarekin lotuta, ume eta gazteei euskaraz jarduteko aukerak zabaldu ahal zaizkie. Udaleku irekien aukera ba omen dago orain, herri askotan badira banakako online elkarrizketak «mintzalagun» erara, lagunarte txikitan euskaraz aritzeko topaketak antolatu daitezke, familia euskaldunekin egoteko aukerak zabaldu... Euskal Herriak aisialdiaz euskaraz arduratzen den sare zabal eta emankorra dauka, baita euskararen eta euren seme-alaben ikaskideen alde jarduteko eta ardurak hartzeko prest egon daitekeen familia asko ere. Helburuak finkatuz eta baliabideak eskainiz gero, uzta emankorra jaso daiteke; antolatu egin behar.
Irakasle-familia arteko elkarrizketetan erdiguneko gaietako bat izan beharko litzateke hau; kasu guztietan da garrantzitsua etxean euskararen erabilera sustatzea, baina etxean eta inguruan euskararen presentzia txikia den kasuetan ezinbestekoa da horren garrantziaz eta balioaz jabearaztea, besteak beste iraileko «murgiltzean» itolarririk izan ez dezagun.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN
Itolarririk gabe murgiltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu