Gorputzaren sentitzeko bideak aurkitzeagatik, Nobel saria

Medikuntzakoa jakinarazi dute: David Juliusek eta Ardem Patapoutianek jasoko dute. Lehen saria da; gaur Fisikakoaren berri emango dute

Sariaren berri emateko agerraldia, atzo. JESSICA GOW / EFE.
arantxa iraola
2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
2021. urteko Medikuntzako Nobel sariaren berri emateko asmoz atzo argitaratu zuten oharrean nabarmendu zutenez, «milurteko» askotan galdera askoren sorburua izan da ea «mundu fisikoa sentsazio somatikoen bidez» nola sentitzen den, eta, hain zuzen, bide horretan egin dituzten aurkikuntzengatik jasoko dute saria David Juliusek eta Ardem Patapoutian ikertzaileek. Haien ikerketak giltzarri izan dira estimulu horiek nerbio sistemara nola heltzen diren eta han bulkada elektriko nola bihurtzen diren argitzeko. Ondorioz, oinazea ulertzen ere lagundu dute, eta haren kontra egiteko erak lantzen.

Sariaren berri emateko, gogora ekarri zuten XX. mendearen lehen erdialdean egin zirela hainbat aurkikuntza garrantzitsu: «Argi geratu zen tenperaturak eta presioak eragina dutela azaleko hainbat nerbiotan». Argitzeko «misterioak» bazeuden, ordea, eta horiek argitzeko asmoz bi ikertzaileek egindako lana nabarmendu zuten. Ohi denez, Karolinska Institutuaren Nobel Batzarrak eman zituen sariaren aldeko argudioak. «Bien aurkikuntzek era eman digute ulertzeko beroak, hotzak edo indar mekanikoak bulkada nerbiosoak nola has ditzaketen, gu gure inguruko mundura egokitzeko», azaldu zuen oharrean. «Izadiaren sekretuetako bat argitu dute», nabarmendu zuen sariaren berri emateko agerraldian Nobel Batzordeko ordezkari Thomas Perlmannek: «Berebiziko garrantzia du bizirik irauteko». Bi zientzialariek egindako aurkikuntzak giza organismoak inguruarekiko nola erantzuten duen ulertzeko «katebegi galduak»zirela esplikatu zuten.

AEBetan ari dira

Bi ikertzaileak AEB Ameriketako Estatu Batuetan ari dira, baina Patapoutianek Libanon du jatorria. Julius 1955ean jaio zen, New Yorken. Californiako Unibertsitatean dihardu; zapore oso minak erabiliz egindako ikerkuntzen bitartez, zentzumenentzat ezinbestekoak diren sentsoreak atzeman ditu. Scripps Ikerketa Institutuan ari da Patapoutian. 1967an jaio zen, Beiruten. Indar mekanikoaren eragina atzematen duten sentsoreei erreparatu ahal izan die berak, bere ikerketen bitartez.

Medikuntzakoa lehen Nobel saria izaten da. Bihar Fisikako Nobel saria norentzat den esango dute; etzi, Kimikakoa. Atzetik Literaturakoa, Bakearena eta Ekonomiakoa jakingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.