Mila egun eta mila gau. Kopuru borobil bat baino askoz gehiago. Atzo Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok mila egun bete zituzten kartzelan, eta beste lau gazteek ia 500 egun —477 zehazki— daramatzate jada. Tarte luze horretan, familiek 195.000 euro gastatu dituzte, eta 473.000 kilometro egin. Efemeride lazgarri horri buelta eman nahi izan diote. Atzo goizean, Beriaingo tontorretik Mila egun, mila mezu mila muxu kanpaina abian jarri zuten. Sakanaren eta Euskal Herriaren bihotzetik liburuxka bat atera zen, eta datozen egunetan herriz herri elkartasun mezuak bilduko ditu. Azken helburua da zazpi gazteak espetxetik atera eta askatasunaren gailurrera heldu ahal izatea.
Urriaren 15ean hiru urte beteko dira Altsasun (Nafarroa) gazte batzuek liskarra izan zutela taberna batean bi guardia zibilekin eta euren bikotekideekin. Covitek salaketa jarri eta terrorismo delitua egotzita, Auzitegi Nazionalak hartu zuen kasua. Epaiketa iazko apirilean egin zen, eta, Carmen Lamela epaile instruktorearen argudio nagusia baliogabetu bazuen ere, epaimahaiak zigor gogorra ezarri zien zortzi gazteei: bi urteko zigorrarekin Ainara Urkijok espetxea saihestu zuen, baina beste zazpientzat bederatzi eta hamahiru urte arteko zigorrak ezarri zituen. Aurten, Auzitegi Nazionaleko Apelazio Auzitegiak berriro aztertu zuen auzia, baina epaia bere horretan utzi zuen. Fiskalak ontzat jo zuen, baina defentsak Auzitegi Gorenera jotzea erabaki du, eta hark berriro gaia aztertuko du irailaren 18an.
Egun hori gogoan, atzo, goizean goiz, Unanun, ehunka pertsona bildu ziren Beriainera igotzeko asmoz. Euren artean zeuden gazteen guraso eta lagunak. Laino artean, gorantz egin zuen adin guztietako lagun talde handi batek. Eguerdian, San Donatoko ermitaren inguruan ekitaldi bat egin zuten. Lehenik, Mila egun, mila mezu mila muxu zioen pankarta zabaldu zuten.
Ondoren Bel Pozuetak hartu zuen hitza, eta «bidegabekeria eta astakeria hori» behingoz amaitu dadila eskatu zuen. «Hori izango da gure gailurra». Gurasoen izenean, Bel Pozuetak nabarmendu zuen preso diren euren semeak harro egon behar direla herriak egin duen lanarekin. «Ikus dezatela ere jende horri esker, zuei esker, gailur horretara iristen ari garela. Adin guzietako zenbat pertsona ari diren euren ekarpena egiten askatasunaren eta justiziaren aldeko borrokan».
Beriaingo tontorretik abiatuta, talde batek elkartasunaren liburua hartu, eta mendiko bizikletetan Urbasako Santa Marinaraino eraman zuen, handik parapentean jaisteko. Azkenik, irristailuekin eta oinez 20:00etan Altsasuraino heldu ziren. Ordu horretan egin zen gazteen askatasunaren aldeko elkarretaratzea.
Atzo abiatu zen kanpainaren lehen geltokia izan zen. Asmoa da liburu horrek Euskal Herria zeharkatzea, bertan gazteen aldeko mezuak biltzeko. Gainera, herritik igaroko ez balitz ere, edozein tokitan antzeko ekintzak egitera eta ondoren argazki bidez sare sozialetan jartzera deitu dute #AltsasuakoakAske traola erabiliz.
Elkartasuna Katalunian
Atzo bertan Bartzelonan, 20:00etan, Katalunia plazan, elkarretaratze bat egin zuten. Euskal Herritik kanpo, beste hainbat tokitan izan du oihartzuna gazteen aldeko aldarriak, baina horien artean, batik bat Katalunia nabarmendu da. Fiskalaren zigor eskaera neurrigabeak eta Auzitegi Nazionalaren azken erabaki gogorrak elkartasuna piztu du, eta Kataluniako prozesu subiranistaren aurkako epaiketarekin gogoratu dira kataluniar asko.
Atzo, Quim Torra Kataluniako presidenteak euskaraz gazteen aldeko mezua idatzi zuen Twitterren: «Ez zaituztegu ahazten. Berehala aske uztea exijitzen dugu. Elkartasuna adierazi nahi diegu beraiei eta beraien familiei eta Euskal Herri osoari». Gabriel Rufian ERCko diputatuak gogoan izan zuen zazpi gazte daudela espetxean, «guardia zibil bati orkatila hausteagatik». «Mundu guztiak daki Palencian gertatu izan balitz etxean leudekeela», gaineratu zuen. Oriol Junqueras espetxean bada ere, bere Twitterreko kontuak gogoan izan zuen efemeridea.
Arnaldo Otegik ere idatzi zuen, eta «harrituta» agertu zen hainbat agintari «isilik» daudelako auziaren inguruan. Ahal Dugu-ko Mikel Builek salatu zuen Altsasuko auziaren erabilera politikoak «etekin politiko arriskutsuak» eman dizkiola eskuin muturrari, eta auzi horri heldu zaiola Nafarroa estatu auzi bihurtzeko asmoz. Builen ustez, «bidegabekeria judizial» bat da, eta espero du Europako epaitegiek arrazoi ematea, nahiz eta inork ez dizkien itzuliko egun horiek guztiak gazteei.
Askatasunaren gailurra xede
Beriaingo tontorretik kanpaina bat abiatu dute, irailaren 18ra arte elkartasuna biltzeko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu