Ezkerreko abertzaleak bilduko dituen talde politikoa izanen da Euskal Hirigune Elkargoan. EH Baik bultzatuko du, baina ez du hertsiki haren etiketa eramanen. Hala baieztatu dio BERRIAri Nikolas Blain EH Baiko koordinatzaileak. Oraindik ez dute eskaera ofizialik egin, baina izen zerrenda osatua dute, eta Jean Rene Etxegarai lehendakariarekin harremanetan dira ikusteko zer baldintzatan sortzen ahal duten talde politikoa. «Ez da baimen eskaera bat; irizpide teknikoak ikusi nahi ditugu berekin», esplikatu du. Bi bozeramaile izendatu dituzte: Jean Claude Mailharin eta Nicole Etxamendi. «Ez du erran nahi horiek izanen direnik talde politikoaren buruak; bitartekaritza lana egiteko izendatu ditugu». Irailean egin zuten lehen bilkura Etxegarairekin, eta urrian gutun bidez komunikatu dute. Ondoko asteetan EH Bairen inguruan elkartzen diren elkargoko 40 bat hautetsi bilduko dituzte lehendakariak emandako erantzunen kontrastea egiteko.
Ikusi gehiago:TALDE POLITIKOEN ALDAGAIA
Epeei buruz erabaki behar dute orain, bereziki. Elkargoaren aurrekontuan talde politikoen kolaboratzaileak ordaintzeko diru zama bat aurreikusia izan dadin nola egin ikusi behar dute. «Badakigu horretan eztabaida izanen dela. Segur da batzuek leporatuko digutela funtzionamendurako gastua emendatuko dugula». Abenduaren 10ean da ondoko elkargo batzarra; hurrengoa otsailaren 4an izanen da, eta aurrekontuaren norabideak bozkatzen hasiko dira. «Deliberoa pasarazi nahi badugu, eginahala goiz egin beharko dugu».
Blainek ez du ukatu talde politikoaren sortzeko erabakiak eztabaida handiak eragin dituela EH Bai barnean, tartean «eztabaida politikoak»; argi du ez dela «gauza neutroa». 2019tik darabilten ideia da, pixkanaka landuz joan direna. «Badugu esperientzia bat Pirinio Atlantikoetako departamenduan; badakigu nola iragaten den Frantziako Asanblean. Baina ez du deus ikustekorik elkargoarekin».
Ipar Euskal Herriko erakundearen gobernantzak anitz baldintzatzen du bere hitzetan. «Hautetsiak lehenik herrien ordezkari dira; herrien arteko elkargo bat da, eta exekutiboa araberan osatzearen alde egon gara beti. Baina osagai politikoa gehitu behar zaiola uste dugu. Ikuspegi ezberdinak ditugu politika publikoei buruz». Era berean, elkargoa «aberastu» eta hautetsiei «leku gehiago» emateko balioko duela ere uste du. «Hautetsi anitzek erraten dute gaindituak direla informazioa metatzen delako, eta ez dutela denborarik dena tratatzeko. Bada alde politikoa eta alde teknikoa: uste dugu baliabideak dituen talde politiko bat ukaiteak hautetsien lana erraztuko duela».
Hautuen tenorea
EH Baik bultzatutako talde politikoa izanik ere, ez du EH Bairen etiketa eramanen, eta osaketa ere araberakoa izanen dela erran du Blainek: «Izanen dira EH Baiko kide ez direnak taldean, eta izanen dira EH Baiko kide direnak taldean izanen ez direnak». Batzuk «dudakor» agertu direla esplikatu du, herriko ordezkari gisa ikusten dutelako haien burua, eta badituztelako «haien orekak» errespetatzeko. Eneko Aldana izan liteke horietako bat, adibidez. Denak abertzaleak ez diren ezkerreko zerrenda zabal baten buru iritsi zen Ziburuko (Lapurdi) auzapez izatera. Ikusi beharko da ere elkargoan lehendakariorde karguak dituzten EH Baiko hautetsiek zer erabakitzen duten. Daniel Olzomendi Izurako (Nafarroa Behera) auzapeza Turismorako lehendakariordea da eta Antton Kurutxarri Baigorriko (Nafarroa Beherea) hautetsia Hizkuntza eta Kultura politikena. «Erabaki beharko dute haien izenpedura gehitzen duten ala ez. Ez badira talde politikoan sartzen ez ditugu EH Baitik kanporatuko; eta lan egiten segitu beharko dugu haiekin».
Funtsean, azken urteetan, behin baino gehiagotan agertu dira EH Baiko kideen artean izan daitezkeen ikuspegi ezberdinak; bai elkargoaren gobernantza eta funtzionamenduari begira, baina baita Etxegarairen figurari begira ere. Komeni da 2020ko herriko hauteskundeetara itzultzea. Baionan eztabaida biziak izan ziren bigarren itzuliari begirako jarrerari buruz. Baina bozetako hirugarren itzuliak erakutsi zituen, bereziki, abertzaleen arteko desadostasunak. Alain Iriart Hiriburuko (Lapurdi) auzapez eta EH Baiko kideak Euskal Elkargoko lehendakaritzara aurkezteko asmoa agertu zuen komunikabide ezberdinetan. Eztabaida handia sortu zuen mugimendu abertzalean, eta hautagaitza horren aldeko eta kontrako iritziak agertu ziren han eta hemen. Mugimendu abertzaleko 24 pertsona ezagunek iritzi artikulu bat publikatu zuten. Horien artean ziren, besteak beste, Jakes Abeberri, Xabi Larralde, Mixel Berhokoirigoin, Daniel Dergi, Mertxe Colina eta Daniel Olzomendi. Iriart eta Etxegarairen arteko lehia ez zela «desiragarria» adierazi zuten, biak ildo berekoak zirela argudiatuta. Euskal Elkargoko lehendakari izaten segitzeko Etxegaraik zuen «zilegitasuna» azpimarratu zuten, eta bien artean hautagaia bera izan beharko litzatekeela ulertzera eman.
Astebete berantago hartu zuen erabakia EH Baik. «Gaur egun esku artean ditugun elementuak kontuan harturik, eta Ipar Euskal Herriko egoera politiko orokorraz jabeturik, EH Baiko militanteek kontsideratu dugu baldintzak ez direla bilduak uztailaren 17an abertzale baten hautagaitza aurkezteko Euskal Elkargoko lehendakaritza kargurako». Sorpresarik gabe Etxegarai hautatua izan zen elkargoko lehendakari.
Jarrera kontrajarriak
2017tik, EH Baiko eta inguruko hautetsi batzuek elkarrekin prestatzen dituzte bilkurak, baina behin baino gehiagotan gertatu da EH Baiko kide diren hautetsiek boz ezberdina ematea, BTP Bizitegien Tokiko Planean bezala. «Bozka konsignetan ez gara biziki zorrotz, eta ez dugu pentsatzen talde politikoak sortzeak denak ados jarriko dituenik egun batetik bestera. Ez nuke pariatuko denek aho batez bozkatuko dutenik», esplikatu du Blainek. Hala ere «homogeneotasun bat» irabaziko dutela uste du.
Baina azken hilabeteetan arrakala batzuk ageriago eginen dira. Joan den uztaileko batzarrean bezala. Egoitz Urrutikoetxea Lexantzüko (Zuberoa) hautetsi eta EH Baiko kidea izan zen batzuek jasandako presioak salatu, eta sekretuzko bozka eskatu zutenetariko bat. EH Baiko beste kide bat izan zen erantzun zionetako bat: Antton Kurutxarri. Kexu mintzatu zen: «Zer gertatzen da? Bata bestearen beldur al gara?», galdetu zuen. Sekretupeko bozketa «ulertezina» zaiola esan, eta «hautuak asumitzeko» eskatu zien hautetsiei. Alderdi beraren etiketa daramaten bi ikuspegi eta jarrera kontrajarri, parez pare.
Euskal Hirigune Elkargoa
EH Bai, baina ez denak
Ondoko asteetan sortuko dute ezkerreko abertzaleen talde politikoa Euskal Elkargoan. Ez du EH Bairen etiketa eramanen, eta aurreikusten da EH Baiko guziak ez direla parte izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu