Gerra Ukrainan. Lurraldetasuna

Nazio izaera eta mugak eztabaidan

Ukrainaren eta Errusiaren arteko loturak sakonak dira, baina alde handiak daude eskualde batetik bestera, hizkuntzan eta joera politikoan, adibidez. Azken gertakariek atakan jarri dute erasopean den estatuaren lurralde eremua.

Nazio izaera eta mugak eztabaidan.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Ukraina modernoa Errusiak sortu zuen osorik». Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainaren kontrako erasoa hasi baino hiru egun lehenago egin zuen hitzaldian botatako esaldia da, helburu argi bati erantzuten diona: Ukraina soilik Errusiari lotuta uler daitekeela ziurtatzea. Putinen ikuspuntutik, Ukraina Errusiaren hurbileko ez bada, artifizio hutsa da, bere esentzia galdu duen sustrai gabeko estatua. Kontu ezaguna da bere diskurtsoan. Azken hilabeteetan behin baino gehiagotan errepikatu baitu ideia bera. Eta ukaezina da lotura historiko eta kultural sendoak dituztela bi estatuek, baina, aldi berean, ezin da Ukrainaren nazio izaera errusiarrarekin berdindu. Errusiaren erroak sakonagoak dira Ukrainaren ekialdean eta hegoaldean, mendebaldean baino. Hona herrialdeari buruzko zenbait zertzelada.



Egungo mugen jatorria

Estatu moderno orotan gertatu bezala, Ukrainaren estatu eratzearen jatorrian dago nazionalismoaren bultzada. Ukrainan, Lehen Mundu Gerraren ostean berpiztu zen indar nahikoarekin nazio sentimendua. Lurraldea Austria-Hungariako Inperioaren eta Errusiako Inperioaren artean banatua zegoen, eta azken horretan 1917ko iraultzak sortu zuen botere hutsuneak eman zion bide Ukrainako estatuari; iraultza osteko Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federalaren parte izan zen lehenengo, eta, lau urteko gatazken ondoren, eta hainbat erakundek lurraldearen gaineko agintea aldarrikatu ostean, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin batu zen, 1922. urtean.

Orduko Ukrainaren eremua egungoarena baino txikiagoa zen. Gaurko estatuaren erdigunea hartzen zuen. Baina bazituen egungo mugetatik kanpo gelditzen diren zenbait lur ekialdean, orain Errusiarenak direnak, eta mendebaldean, gaurko Moldaviarenak. Eremu zabalak bereganatu zituen, ordea, eratu ondorengo urteetan: Poloniarenak ziren lurrak, SESBek hura okupatu zuenean, 1939an; Errumaniaren eta Txekoslovakiaren esku zeuden zenbait lur, 1940ko hamarkadan, eta Krimeako penintsula 1954an, SESBek asmo oneko keinu gisa emana.



Hizkuntzak

Ukrainak bere historian izan dituen lurralde gorabeherak eta egun dituen mehatxuak ez dira haren naziotasuna ukatzeko nahikoa arrazoi. Edo bestela esanda, badira haren nazio izaera baieztatzeko argudio sendoak. Horietan garrantzitsuena, hizkuntza. Ukrainera herrialdearen zatirik handienean hitz egiten da. Lurralde ia osoan da nagusi, Errusiarekin harreman historiko estuena izan duten eskualdeetan izan ezik. Hau da, Transnistrian, Krimean eta Donbassen.

Ukraina ekialdeko eskualde horretan nabarmen handiagoa da jatorri errusiarreko biztanleen pisua. XIX. mendeaz geroztik, ikatz meatzaritzari lotutako eremu industriala izaki, langile errusiar ugari finkatu ziren lur horietan SESBen garaian. 2014an Donbassko gerra piztu aurretik, biztanleria handieneko eremua zen Ukrainan, Kiev salbuetsita.

Donbassen biztanleriaren %40 inguru da jatorri errusiarrekoa, baina %65-75 inguru mintzo dira errusieraz. Eskualdean, ukrainar jatorriko herritar askoren ama hizkuntza da errusiera.

Joera politikoak

Aldea ere esanguratsua da joera politikoetan. Azken bozen emaitzei erreparatuta, Mendebaldearekin elkarlana areagotzearen aldeko indarrak izan ziren nagusi 2019an, parlamenturako eta presidentetzarako hauteskundeetan, ia Ukraina osoan, baina alderdi errusiazaleak gailendu ziren Donbassen —matxinoen esku dauden eremuetan ez ziren hauteskundeak egin— eta Odesan.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak eta hura buru duen Herriaren Zerbitzaria alderdiak nagusitasunez irabazi zuten Ukrainako barruti gehienetan. Donbassen eta Odesan, berriz, Juri Boiko errusiazaleak lortu zuen boto gehien, eta hark gidatutako hauteskunde plataformak.



Ia erabat inguratuta

Ukrainaren lurraldetasuna arriskuan jarri dute azken urteetako gertakariek. Nagusiki, Errusiak Krimeako penintsula anexionatu zuelako 2014an, eta urte berean piztu zelako Donbassko gerra. Ekialdeko eremu horren zati bat matxino errusiazaleen kontrolpean dago, eta Luhanseko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aldarrikatu zuten gatazka hasi zenean. Moskuk astelehenean aitortu zituen estatu independente gisa, eta Kievi egotzi zion lur horietan hiztun errusiarren kontrako «genozidioa» egiten aritzea. Salaketa horretan oinarritu da Putin Errusiako tropak Donbassko eremu matxinora bidaltzeko, hango biztanleria «babestera».

Krimeako eta Donbassko lurren kontrolari esker, Moskuk ziurtatua du Ukrainaren itsasorako sarbidearen zati handi bat: Azoveko itsasokoa. Krimea anexionatuta, bere esku baitu Kertxeko itsasartea ere.

Baina Errusiaren presioa mugen perimetro ia osoan du Ukrainak. Mendebaldean, Moldaviarekiko mugan, Transnistriako Moldaviar Errepublika du, 1991n Errusiaren babesarekin gerra zibila irabazi zuenetik de facto estatu independentea dena. Ordutik, tropa errusiarrak hartzen ditu. Eta iparraldean, Errusiak 30.000 soldadu bidali ditu Bielorrusiara, armamentu pisuarekin eta gerra hegazkin eta helikopteroekin, ariketa militarrak egiteko aitzakiarekin. Joan den igandera arte gelditzekoak ziren, baina epe «mugagabean» geldituko zirela jakinarazi zuen Bielorrusiako Gobernuak egun horretan, Donbassko egoerak «okerrera» egin zuela argudiatuta. Ekialderago, Errusiarekin berarekin du muga Ukrainak.

Errusiak Ukraina inguratua duela baliatu du herrialdearen kontrako erasoa egiteko. Donbasstik, Errusiatik bertatik, Krimeatik eta Bielorrusiatik sartu dira tropak, eta horrek Ukrainaren lur eremu zabal bat kontrolpean hartzeko aukera eman diezaioke Moskuri. Hala eginez gero, Ukrainak ezingo ditu ziurtatu gaur dituen muga berberak.

Ikusteko dago Putinek zertara joko duen. Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortu duenez, aukera posible bat da horiei estatu propio bat edo estatus berezi bat bermatzen saiatzea. Errusiako tropak Kievetik horren gertu izanik, ezin daiteke baztertu, ordea, Errusiak Donbasstik mendebaldera egitea ere, eta Ukraina iparraldetik hegoaldera erdibitzen duen Dniepen ibairaino iristea —ibaiak hiriburua ere zeharkatzen du—. Hipotesi horrek bat egingo luke AEBek Putini egotzi dion nahiarekin. Washingtonen esanetan, Kremlinek erabakia du Kiev hartu eta Zelenski presidentearen gobernua kentzea. Moskuk aukera izango luke Donbass Krimearekin lotu eta Ukrainaren lurren erdia bere menpe hartzeko. Argitzeko dago Putinen mugak zein diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.