Asiloa, are hauskorrago

Asilo eta Immigrazio Lege berria ontzeko sukalde lanetan ari da Frantziako Gobernua. Asilo eskubidea goitik behera erreformatzeko asmoa erakutsi dute, eta urte hasieran ekinen diote eztabaidari. Eskubidea erreformatu baino gehiago, ordea, desagerraraziko dutelakoan daude errefuxiatuen laguntza elkarteak.

Migratzaile bat, Hendaiako atxikitze zentroan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Asilo eskubidea benetakoa izateko hamabost baldintza ezarriak ditu Frantziako Asilo Eskubidearen Koordinakundeak. Haren ustez, egun, eskubide hori jada zangopilatua da. Baina egoerak okerrera eginen duen beldur dira: Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak aurkeztu duen Asilo eta Immigrazio Lege proposamenak asilo eskubidea goitik behera deseginen duelakoan daude: «Ideia arrazistak hedatzen ari diren honetan, lege proiektua kentzeko galdetzen dugu».

Azaroan aipatu zuen Darmaninek lege proiektua lehen aldiko. Zehazki, «immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege gisa aurkeztu du neurri sorta. Eta legearen logika argiki azaldu du: «Zintzoekin zintzoak izanen gara; gaiztoekin, berriz, gaiztoak». Izan ere, «etorkin delitugileak Frantziatik kanpo ezarri» nahi ditu Barne ministroak, eta «lan egitera datozenak lagundu».

Ikusi gehiago:«Are gehiago estigmatizatuko dituzte paperik gabekoak»

Baina zer dio lege proposamenak? Hasteko, «tentsioan diren lanbideei» berezitutako egonaldi baimen agiri berri bat sortu nahi du Frantziako Gobernuak. Bestalde, asilo eskubidea kudeatzen duten egiturak hastetik buru erreformatu nahi dituzte, eta kanporatze aginduak «hobeki» betearazi nahi dituzte, batik bat «etorkin delitugileak Frantziatik kanporatzeko». Frantziako Gobernuak atzerritarren eskubidea «sinplifikatzeko» lege proposamen gisa aurkeztu du. Errefuxiatuen laguntzarako elkarteek, berriz, beldur handiz hartu dute.

Urte hastapenean Frantziako Senatuari aurkeztuko diote lege proposamena —eskuinak du gehiengoa—, eta datorren udaberritik goiti hasiko da bozketa prozesua Frantziako Asanblean. 

ASILOAREN ERREFORMA

Asilo eskaerak tratatzeko epea luzeegia dela argudiatuta, lege proposamenak asilo sistema «erreformatu» nahi du. Horretarako, OFPRA Errefuxiatuen eta Aberrigabeen Babeserako Frantziako Bulegoa, asilo eskaerak jasotzen dituen egitura, deszentralizatu nahi dute —egoitza Paris aldean da orain—. Frantziako immigrazioa eta integrazio zerbitzuekin bateratu nahi dute; hau da, Barne Ministerioaren esku den eta migrazioa kudeatzen duen egituraren esku utzi. Elkarteen arabera, horrek zalantzan jarriko luke OFPRAren independentzia: prefeturen buruzagitzapean jarriko bailuke egitura.

Bestalde, Asilo Eskubidearen Frantziako Auzitegian aldaketak egitea dakar lege proposamenak. Batetik, auzitegi hori deszentralizatu nahi dute, eta, bestetik, epaile bakarraren prozedura hedatu nahi dute. Erraterako, orain arte, taldean aztertzen dituzte asilo eskaerak: hiru epaile, geopolitikari buruzko txostengile bat eta Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Aginte Goreneko ordezkari bat egoten dira. Epaile bakarraren prozedura ezarriz gero eskaerak «fiteago» tratatuko dituztela dio Darmaninek. Elkarteen aburuz, ordea, «hil ala biziko egoera bat» pertsona bakar baten esku uzteak «legez kanpo» kanporatzea ekar lezake. Ildo berean, auzi saioak bideokonferentziaz egiteko bidea eman nahi dute. Defentsaren eskubideak zangopilatuko lituzke neurri horrek, zuzenbide adituen arabera.

Gainera, asiloa lortzen ez duten migratzaileek berehala indarrean sartzen den kanporatze agindu bat jasoko lukete. Helegitea suspentsiboa izanik ere, hori pausatzeko epea murriztu nahi dute. 

KANPORATZE AGINDUAK

Darmaninek hitzeman du Frantziatik kanporatzeko aginduak «hobeki betearaziko» dituela lege berriaren bidez. Kanporatze aginduak kentzeko helegite posibleen kopurua «hamabitik bira» apaldu nahi du. Errefuxiatuen defentsa elkarteek salatu dutenez, «gezurra» da egun hamabi prozedura badirela erratea.

Horiek horrela, kanporatze agindupean direnen «bizia ezinezkoa egin» behar dela erran du barne ministroak. Horretarako, prefetei galdeginen die pertsona horien jarraipen zorrotza egiteko. «Laguntza sozialik eta larrialdiko bizitegi sozialik ez dute gehiago izaterik». Hara zer planteatzen duen ministroak. «Migratzaile delitugileei» dakienez, kanporatze agindua «are zorrozkiago» betetzeko asmoa erakutsi du, gainera. Azkenik, kanporatze agindua duen pertsona oro bilatuak diren pertsonen fitxategian sartzeko proposamena egin du.

Frantziako Asilo Eskubidearen Koordinakundearen arabera, kanporatze aginduen bidez, migratzaileen kontrako «errepresioa handituko da», eta «are gehiago hetsiko dira» atxikitze zentroetan. Gehiago dena, horien kontrako «jazarpena instituzionalizatuko» dute.

EGONALDI BAIMEN BEREZIA

Tentsioan diren lan arloetan lanean aritzeko egonaldi baimen bereziak sortu nahi ditu Frantziako Gobernuak. Urte bateko balioa luke agiriak. Epea bukatzean, bi aukera izanen lituzke: kanporatzeko agindua jasotzea, ala egonaldia luzatzeko baimena lortzea. Frantziako Lan ministroarekin batean definituko lukete tentsioan diren lanbideen zerrenda. 

Paperik Gabeko Langileen Batzordeak ez du begi onez ikusten neurria. Haren ustez, «nagusi baten menpe egoteaz gain, Estatuaren menpe ere egonen» dira paperik gabekoak. «Iragarki kosmetiko bat da: immigranteen talde jakin bati egonaldia onartzen diote, lan egiten duelako, baina lan baldintza zailekin gaizki ordaindutako lanbideak betetzen jarraituko dute».

INTEGRAZIOA

«Migratzaileen integrazioa» bultzatzeko parte oso bat dakar lege proposamenak. Batik bat, frantsesa menperatzera derrigortu nahi ditu Darmaninek. Hala, urte askoko egonaldi baimenak frantses azterketa batekin baldintzatzeko asmoa erakutsi du. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak proposatu zuen neurri hori, lege proposamena plazaratu aitzin. «Etorkin gehiegi dira frantsesa ez dakitenak», erran zuen orduan.

MUGALARIEN ZIGORRA

Azkenik, pasatzaileen kontrako zigorrak handitu nahi dituzte lege proposamenaren bidez. «Frantziako Estatura sartzen laguntzea, zirkulaziorako laguntza ematea, edo egonaldi irregularrarentzako laguntza ematea» hamabost urteko kartzelaldiarekin zigortzen ahalko dute, delitua «talde antolatu» batek egin badu. Harrera elkarteek kezkaz hartu dute: uste dute haien kontrako errepresioa areagotuko dela eta migratzaileek are arrisku gehiago hartu beharko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.