Joan den ostiralean amaitu zen Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko antolatu duen nazioarteko COP26 goi bilera. Ilunak eta argiak: denetarik utzi du Glasgown egindako biltzarrak. BERRIAk lau adituri galdetu die handik atera diren neurriek ekarriko dituzten aurrerapausoei buruz, baina baita utzi dituzten hutsuneez ere. Guztiak bat datoz gabezia batzuetan: garatu gabeko herrialdeei laguntzeko mekanismoak ez dira iristen, eta hartu diren neurriak ez dira eraginkorrak 2030. urterako munduko batez besteko tenperatura gehienez 1,5 graduko igoeran mantentzeko. Hala ere, pozik agertu dira aurten hartutako neurriak datorren urtean berrikusiko direlako.
1. Zer iruditu zaizu, oro har, COP26 goi bilera?
2. Ze hutsune ikusi dituzu hartu diren neurrietan?
3. Ze aurrerapauso eman dira Glasgown?
ANNA PEREZ CATALAIngurumen gaietako dibulgatzailea
«Bileran hartutako neurriek ez gaituzte helburuetara eramango»
1. «Argi dago bileran hartutako neurriek ez gaituztela inolaz ere behar dugun helburu horretara eramango: munduko batez besteko tenperaturan 1,5 graduko igoera bat mantentzea. Hala ere, egia da gauza txikiak hobetzea lortu dutela, orain arteko beste bilera batzuetan baino gehiago, behintzat».
2. Herrialde ez-garatuak laguntzeko finantzaketaren gaia izan da gabezia gehien izan dituen arloa. Hasieratik ikusi genuen garatutako herrialdeek ez zituztela 2009an promestutako 100.000 milioi horiek jarri. Plan zehatz bat adostu edo data handizaleago bat jarri beharrean, muga hori atzeratzea erabaki dute; 2025ean hasiko dira laguntza hori igortzen. Oso bidegabea iruditzen zait hori; hartutako konpromisoekin gauza bera exijitzen zaie herrialde guztiei, baita txiroenei ere, baina gero ez dira baliabideak jartzen horiek konpromisoak bete ahal izateko.
3. «Batetik, herrialde guztiek klima larrialdiaren aurkako planak berriro berrikusi beharko dituzte datorren urtean, eta ez dute bost urte itxaron beharko, eta hori oso positiboa da. Gainera, esango nuke aurtengo bileran lotura estuago bat egon dela zientziarekin. Adostu dute 2030. urterako emisioak %45 jaistea, eta orain arte ez da zenbaki bat zehaztu.
UNAI PASCUALIPBESeko ikertzailea
«Oraindik zapatan harri koskor handi bat dugu: ingurumen justizia»
1. «Goi bilera, orokorrean, gazi-gozoa izan da, urtero bezala. 200 herrialdek hartu dute parte, beren artean oso ezberdinak direnak, eta ez dago baldintzarik guztiak ados jarri eta elkarrekin pauso esanguratsuak emateko. Egia da oraingo honetan presio handiagoa zegoela herrialdeen gain, Paristik bost urte igaro direlako, eta, beraz, han hartutako neurriak bete diren edo ez aitortu behar zuelako herrialde bakoitzak».
2. «Oraindik zapatan harri koskor handi bat geratzen zaigu: ingurumen justiziaren gaia. Bileran ikusi da munduko herrialde pobreenek finantzaketa eskatu dutela beren ekonomia 'berdeago' bihurtzeko, emisioak gutxitzeko, klima aldaketara egokitzeko eta orain arte jasandako inpaktuak diruz berdintzeko. Herrialde garatuek konpromisoa hartzen dute laguntzeko, baina oraingoan ere ez dute zehaztu nola jarriko dituzten martxan herrialde horiei laguntzeko mekanismoak».
3. «COP26 baino lehendik ere bagenekien oso zaila izango zela bileran 1,5 graduko langa hori mantentzea, eta helburu hori politikoki mantentzea lortu da, behintzat. Esan liteke hori diplomatikoki garaipen txiki bat badela, muga hori bertan behera geratzea benetako arrisku bat baitzen».
ELISA SAINZ DE MURIETABC3ko ikertzailea
«Bilera honetan, behintzat, onartu da 1,5 graduko langa»
1. «Uste dut badituela argi batzuk edo arlo positibo batzuk, baina egia da aurreikuspen urriak zeudela, eta gehienak ez direla bete; zintzilik geratu dira gai garrantzitsu batzuk» .
2. «Hasierako dokumentua indartu beharrean, ahuldu egin da, eta orain indarrean dauden konpromisoek ez gaituzte 1,5 graduko helburu horretara hurbiltzen. Gainera, garatutako herrialdeek ez dute atea zabaldu garatu gabekoei konpentsazioak emateko, ezta diruz laguntzeko ere. Jada ikusten ari gara garatu gabeko herrialdeak zer kalte jasaten ari diren, eta gehiago izango dira datozen urteetan».
3. «Orain arte asko aipatu izan da bi graduen langa, eta uste dut bilera honetan ez dela zalantzan jarri gehienez 1,5 graduko tenperatura igoera onar dezakegula. Horrez gain, lehenengo aldiz aipatu da ikatza murriztu behar dela, eta erregai fosilei emandako diru laguntzak desagertu egin behar direla. Parisko akordioko beste neurri batzuk ere bete dira: esaterako, gardentasunaren markoa edo merkatuen atala. Aipatzekoa da, halaber, ohi bezala bost urte itxaron beharrean, datorren urtean berriro ere helburuak areagotuko direla oraingoan, Egipton egingo den bileran».
LOREA FLORESGreenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea
«Mahai gainean jarri da erregai fosilak erabiltzeari utzi beharra, behintzat»
1. «Orokorrean, Greenpeacek uste du sortu den akordioa hagitz ahula dela, eta estatuen borondatearen menpe geldituko dela aitzinera pausoak ematea. Euskal Herriari dagokionez, litekeena da nahiko lurralde zaurgarria izatea klima aldaketarekiko; bai kostaldean, itsas maila igotzen ahal delako, eta baita hegoalderago ere, Nafarroan, klima mediterraneoa izanik ur eskasia izaten ahal dugulako. Beraz, garrantzitsua zen asmo handiko akordioak izatea».
2. «Gabezia handiena da ez dela amaiera data zehatzik ezarri erregai fosilak baztertzeko, eta, bereziki, ikatza erretzeari uzteko. Eta berdin diru laguntzei lotuta ere: hasieran bazirudien onartuko zela erregai fosilak diruz laguntzen utzi beharko zela, baina, azkenean, onartu da murriztuz joatea, eta hagitz konpromiso ahula da hori. Gainera, Parisko akordioaren arabera, herrialde aberastuenek dirua bideratu behar zuten garapen fasean zeuden herrialdeei laguntzeko, bai adaptazioan eta bai kalte handienei aurka egiteko, eta, nahiz eta diru kopuru bat bideratzea onartu den, aurreikusita zegoenetik edo beharko zuenetik hagitz urruti gelditzen da berriz ere: 100 bat mila milioi bideratzea espero zen, eta uste dut 45 mila milioitan geldituko dela».
3. «COP26 honetako alde positiboenak izan dira, alde batetik, behintzat mahai gainean jarri dela erregai fosilak erabiltzeari utzi behar hori, eta hori positiboa da: behintzat bide onean jartzen gaituela erran dezakegu. Eta, era berean, onartu da estatuak ez direla nahikoa egiten ari, eta eskatu zaie datorren urterako berotegi efektuko isurien murrizketei lotutako helburuak finkatzea eta, batez ere, portzentajeak handitzea, bertzela ez garelako garaiz iritsiko klima aldaketa gelditzera».