COP26

«Inflexio puntua», Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko

Bihar hasiko da Glasgown COP26 klima larrialdiari buruzko nazioarteko goi bilera. Hainbat adituren iritziz, azken aukera izango da klima seguru bat berma dezaketen neurriak hartzeko

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa eta David Attenborough COP26ko herritarren abokatua, 2020ko otsailean, Glasgowko goi bilerari buruzko ekitaldi batean. ERRESUMA BATUKO GOBERNUA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hondamendiari aurre egiteko azken aukera izango da, askoren iritziz, COP26 klimari buruzko nazioarteko konferentzia. Adituek mezu argia eman diete munduko agintariei, bilkuraren aurreko asteetan argitaratu diren txostenetan: ezinbestekoa da berehalako erabakiak hartzea, urrats eraldatzaileak egitea eta konpromisoak betetzeko neurriak zehaztea, mende amaieran Lurraren berotzea ez dadin 1,5 gradu baino handiagoa izan.

Mundua helburu hori lortzeko bidetik aldenduta dagoela ohartarazi zuen, joan den asteartean, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak, COP26 biltzarraren antolatzaileak. Konpromiso ausartagoak behar dira, eta ausardiak neurtuko du bihar Glasgown hasi eta azaroaren 12ra arte egingo den goi bileraren arrakasta. «Inflexio puntua» izan behar du, NBIPren esanetan, planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzea ezinezkoa bihur ez dadin. Goi bilera iaz zen egitekoa, baina COVID-19aren pandemiak behartu zuen hura urtebete atzeratzera.

BIGARREN MUGARRIA

Denera, 200 herrialdek parte hartuko dute, eta espero da guztiek berotegi gasen isuriak nabarmen murrizteko engaiamendua adieraztea, Parisko Hitzarmenean (2015) jasotako helburuak egingarriak izan daitezen. 

Parisko goi bilerak —COP21 konferentziak— mugarri garrantzitsua ezarri zuen, lehenengoz ezarri zituelako klimaren gaineko helburu adostuak. Lurraren berotzeak 2100. urtean 1,5 gradu ez gainditzeko ahaleginak egingo zituztela hitzeman zuten 195 estatu sinatzaileek, eta bi graduko sabaitik ahalik eta urrunena gelditzeko konpromisoa hartu zuten. Adituek uste dute klima aldaketaren ondoriorik larrienak saihestuko liratekeela 1,5eko helburua lortuta.

Parisen, isuriak murrizteko helburuak zehaztu zituzten herrialdeek, 2030erako. Glasgowko goi bilerak balioko du estatu bakoitzak egindako bidea aztertzeko.

NORAINO HELDU?

Dagoeneko, planeta 1,2 gradu berotu da industrializazioaren aurreko tenperaturarekin alderatuta. Estatuek iragarri dituzten azken konpromisoekin, berotegi gasen isuriak aurreko neurriekin baino %7,5 gehiago murriztuko lirateke, baina, mende amaieran berotzea 1,5 gradutik beherakoa izan dadin, nahitaezkoa da murrizketa dezente handiagoa egitea: %55ekoa. Beraz, agintariek aldaketa sakonak iragarri beharko dituzte, Parisko Hitzarmena bizirik mantentzeko.

NEUTRALTASUNA

Hamarkada amaierarako isuriak nabarmen murriztearekin batera, Parisko helburuak lortzeko ezinbesteko urratsa izango da 2050erako karbono neutraltasuna lortzea —isurtzen den beste karbono dioxido xurgatzeko gaitasuna izatea—. Estatuek helburu hori bere egiteko eskatzen duten ahotsak indartu dira COP26 biltzarraren aurretik, eta arlo horretan adierazpen esanguratsu bat egitea espero da; bereziki, karbono gehien isurtzen dutenen aldetik.

Oraingoz, 49 estatuk eta EBko 27 kideek hartu dute mende erdirako karbonoan neutro bilakatzeko konpromisoa —EBk eta AEBek 2050erako, eta Txinak 2060. urterako—. Guztien artean, karbono isurien erdiaren erantzule dira.

Isurien egungo erritmoan, Lurra 2,7 gradu berotuko da, NBIPren arabera. Baina kalkulu hori 2,2 gradukoa da hipotesi gisa onartzen bada karbono neutraltasuna iragarri duten estatuek konpromisoa oso-osorik beteko dutela.

 


Iturria: IEA Nazioarteko Energia Agentzia

NEURRI ZEHATZAK

Gobernuen iragarpenetatik eta luze gabeko edo luzera begirako asmoetatik harago, laster hartu beharreko neurri zehatzak eskatzen ditu egoerak; gaurko bizimoduan aldaketak eragingo dituztenak. Horiek zuzeneko lotura behar dute munduko sistema ekonomikoarekin. Arlo horretan ere neurriak espero daitezke. Besteak beste, erregai fosilak erabiltzen dituzten autoetatik ibilgailu elektrikoetarako jauzia bizkortzeko, ikatza energia iturri gisa alboratzeko, zuhaitz mozketak gutxitzeko eta karbono isuriak ekonomikoki zigortzeko. Azken neurri horri garrantzi handia aitortzen diote adituek, karbono gehien isurtzen duten industriak teknologia berdeetara bultzatzeko neurririk eraginkorrena dela iritzita.

Hainbat enpresatako ordezkariek eta eragile ekonomikoek ere parte hartuko dute Glasgowko goi bileran, eta auzi horiek izango dituzte eztabaidagai, nagusiki.

FINANTZAKETA

Klima larrialdiak ez die herrialde guztiei berdin kalte egingo, eta alde handiak daude batzuek eta besteek duten arduran. Garabidean diren estatuek gutxiago kutsatzen dute industrializatutakoek baino, baina lehenak dira ondoriorik latzenak jasango dituztenak. Hori dela eta, 2009an akordio global bat sinatu zuten, herrialde aberatsek pobretutakoei diruz laguntzeko. 2020rako, 85.000 milioi euro baino gehiago biltzea adostu zuten, baina ez dute halakorik lortu oraindik.

Garabidean diren herrialdeek diru poltsa garrantzitsu bat eskatuko dute, klima larrialdiaren ondorioei aurre egiteko, eta planetaren berotzea apalduko duten neurriak hartu ahal izateko; besteak beste, energia berdeen sustapena, ekosistemen eta biodibertsitatearen babesa eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren jarduera ekonomikoen eraldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.