Herritarrak eta ingurua, ahotsez lotuta

Twitterren abiatutako 'Haritik hirira' kontua podcast bihurtu dute Josu del Campo eta Jon Macias geografoek

Josu del Campo eta Jon Macias geografoak. BEÑAT PARRA / IRUTXULOKO HITZA.
jakes goikoetxea
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Harietatik gidoietara pasatu dira, txioetatik ahotsera. Twitterreko Haritik hirira kontua podcasta ere bada orain. Lehen atala sareratu dute Jon Macias eta Josu del Campo geografoek: Eredua zalantzan: COVID-19 ondorengo hiria. Podcastean eutsi egingo diote Twitterreko kontuaren funtsari: herrien, hirien eta lurraldearen antolaketaren oinarriak azaltzea, eta haiek herritarren bizimodua nola baldintzatzen duten argitzea.

Horrez gain, geografoek gaur egungo modua ulertzeko eta erakusteko egin dezaketen lan oparoa gizarteratzea, sarritan, herritarren iruditerian, haien lana kartografiara soilik mugatzen baita. «Ezjakintasun handia dago gure lanaren inguruan», Josu del Camporen esanetan.

Del Campok txio bat idatzi zuen. Txioa ikusi, eta erantzun egin zion Maciasek, geografia ikasketetan haren ikaskide izandakoak: aukera ederra zela zerbait egiteko, euskaraz ez baitzegoen lurraldea, hiriak eta geografia lantzen zituen konturik. «Zergatik ez gara ausartzen kontu bat sortzera eta egin dezakegun guztia erakustera?», galdetu zion. Horrela sortu zen Haritik hirira, duela urtebete inguru.

Urtebetean hainbat hari argitaratu dituzte, zenbakizko datuak eta mapa koloretsu eta argigarriak uztartuz. Oihartzun handia izan zuen, esaterako, Donostiako eta Gasteizko apustu etxeei buruz egindakoak: bertan ikus zitekeen errentarik apalena eta langabezia tasarik handiena duten auzoetan pilatzen direla apustu etxeak.

Zergatien bila

Herritarrak eta haien ingurua lotu dituzte, erakutsiz espazio fisikoak ez direla elementu estatiko eta neutroak. «Saiatzen gara irudikatzen ez direla kasualitateak lurraldean eta hirian egunero gertatzen diren gauza gehienak», azaldu du Del Campok. «Gauzen atzean zer dagoen eta egoera batera iristeko zer gertatu den azaltzen dugu, zergatik gertatu den», osatu du Maciasek. Analisiak eta ikusgarritasuna uztartu dituzte.

Geografia erabiltzen dute oinarri gisa, eta egungo gizartearen arazoei, harremanei eta abarrei buruzko ikuspegi ezberdinak aztertzen dituzte. Espazioari buruzko azterketak dira batez ere: herritarren eta eremu berdeen arteko harremana, tren geltokietarako irisgarritasuna, turismorako azpiegituren hazkundea Donostian... «Aukerak eta irtenbideak ere planteatzen ditugu», nabarmendu du Maciasek.

Twitterreko txioak eta hariak, baina, motz geratu zaizkie gai batzuk nahi eta behar bezain sakonjorratzeko, edota gai horiei buruzko ahots gehiago txertatzeko, adituenak eta herritarrenak. Horregatik sortu dute podcasta. «Aukera ona da», azaldu du Maciasek, «gai batzuei buruz patxadaz eta lasai hitz egiteko, eta hobeto azaltzeko».

COVID-19aren osteko hiriaz hitz egin dute lehenengoan. Hamar minutuko saioa da. Youtube-n, Ivooxen eta Spotifyn entzun daiteke. Hilean bat egiten saiatuko dira. Ez dute baztertzen irudiak dituzten podcastak egiten hastea, formatu aldetik ere berritzaileak izan nahi baitute. Tabakalerako 2deo ikus-entzunezkoen laborategian grabatzen dute.

Itxialdian eta itxialdiaren osteko lehen egunetan auzitan jarri zen herri eta hirien antolamendua, agerian geratu zelako ez zituela asetzen herritarren oinarrizko hainbat premia. «Oso momentu ona zen gaur egungo hiri eredua, espazio publikoa, ematen diogun erabilera eta mugikortasuna zalantzan jartzeko», Del Camporen iritziz. Gauzak ez dira aldatu, ordea. «Nire sentsazioa da pixkana normaltasunera itzuli garela eta alde batera utzi ditugula zalantzak, galderak eta aldatu nahi genituen gauza guztiak. Bigarren mailako kezka bihurtu dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.