Ene alabak bere burua bota zuen/ Eta lurrean aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Bi katu, zakur bat/ Loroa/ Lekuko/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki? (...)Hondoa joa/ Ondo maitea/ Hor/ Hilkorren ertzean/ Haur bedeinkatua/ Hutsune sideral/ Auzi medikuarenean/ Ene neskatoak zabu egin zuen/ Espaloian, han aurkitu genuen/ Kea uxatzeko/ Ireki ote zuen leihoa?/ Zigarretak/ Eta haren eskuan, txiskeroa/ Lekukorik ez/ Misterioa/ Baliteke istripu bat izatea/ Txoroa benetan/ Nork daki?». Jane Birkin (Londres, 1946), bere alaba Kateri buruz, Cigarettes (Zigarretak) kantan. Argitaratu berri duen Oh! Pardon tu dormais... diskoko ale harrigarrienetako bat, hitzez ageri duen mina Kurt Weillen kabaret aireko musikaz eta Birkinen beraren ahotsez gozatua. «Kate hil ostean idatzi nuen lehena hauxe izan zen».
Kate. Birkinen alaba nagusia. John Barry musikariarekin izan zuen, 1967an, eta 2013an hil zen, Parisen, bere etxebizitzatik —laugarren solairutik— erorita. Suizidiotzat jo zuten berehala, baina Birkinen bigarren alabak, Charlotte Gainsbourgek, istripua izan zitekeela esan zuen.
Kate eta Charlotte dira Les Jeux Interdits (Jolas debekatuak) kantaren protagonistak, hain zuzen ere. Birkinek disko berrian osatu duen hamahiru piezako erretaula eklektikoan badira gehiago ere. Lehen aldia du berak idatzitako kantekin disko bat grabatzen, eta lehen aldia du, baita ere, ingelesez idazten. Bi kanta ditu ingelesez, zehazki. Ghosts (Mamuak) da bat, musikariak William Blake, Gustave Dore eta Disneyren arteko nahasketa fantastiko-gotiko baten moduan deskribatu duena: «Lotan naizela, neure baitatik aiton-amonak, gurasoak, bilobak, alabak, lagunak, kideak, katuak, txakurrak... aterako balira bezala irudikatu ditut». Eta disko osoak badu iraganeko mamu zantarrak uxatzeko eta maiteak gordetzeko ahalegin bat, itsasoa, malenkonia, maitasun harreman hautsiak, grinaren nostalgia, jelosia, absentzia, edertasuna inbokatuz. «Diskoa bukatu eta lehen aldiz entzun nuenean, sentimendu zoragarria izan zen nire ahotsa neure hitzak kantatzen entzutea.Orain arte, beti sentitu izan dut maila ez ematearen larritasuna; Sergeren [Gainsbourg] hitz ederrak behar bezala ez kantatzearen sentsazioa. Orain, berriz, nire ahotsa zen, nire hitzak kantatzen. Liberazioa izan zen». Max kantuko protagonistarena bezala: «Afrikako herrialde bat bezala ari nintzen askatzen».
«Terapeutiko» deitu dio Birkinek diskoari, zer eman dion galdetu izan diotenean: «Beldurra galtzea, larritasuna gainditzea, naizena onartzea ekarri dit, dauzkadan urteak eta esperientziak ditudala jakitea». Katarsia. Lehenik eta behin, alabaren heriotzaren mina nolabait gainditzeko. Ez da kasualitatez abenduaren 11n merkaturatu diskoa, abenduaren 11 batez hil baitzen hura.
Enfants d'hiver (2008) eman zuenetik dozena bat urte joan dira, eta inork gutxik espero zuen Serge Gainsbourgekin bikote mitiko bat osatu zuen abeslaria halako lan batekin itzuliko zenik, folkez eta rock sinfonikoz zipriztindutako pop dotore eta orkestratua biltzen duen disko intimoarekin. Alaba hil ostean, gainera, leuzemia berriro agertu zen bere bizitzara —duela hogei urte diagnostikatu zioten lehen aldiz—, eta, urte eta erdiko tratamendua behar izan zuen berriro gainditzeko.
Etienne Daho musikaria izan da 74 urteko kantari eta aktore mitikoaren proiektu berriaren eragile nagusia. Urteak dira Birkinekin kolaboratzen hasi zela; urteak dira —zehazki, 20— disko bat elkarrekin grabatzeko eskatu ziola. «Etiennek nik baino gehiago desiratu izan du haur hau». Haurrak Birkinek 1992an zuzendu zuen film baten izena hartu du:Oh! Pardon tu dormais... Film hark, gero, antzerkira egin zuen jauzi. Disko bat da orain. «Etiennegatik ez balitz, ez nuen hau sekula egingo», zioen Birkinek TV5 Monde katean, diskoa merkaturatu zuten egun berean.
«Barruan zauri jasangaitz bat duzunean, zulotik ateratzeko bide bakarra mina eraldatzea da, beste zerbaitetan bihurtzea, eta uste dut hori dela Etiennek egin duena». Dahok, izan ere, hitzak musikatu eta moldaketak egin dizkio —Jean-Louis Pierotekin batera—, eta ahotsa ere jarri du bi kantutan.
Memoria ariketak
Jane Birkinek aspaldi hartu zuen idazteko ohitura. 12 urte zituenean hasi zen eguneroko bizipenak letretara aldatzen. Eta bazuen zer kontatua. Zinema munduan murgildu zen lehenik, Ingalaterran; Frantzian, Gainsbourgen eskutik, abeslari ibilbidea ere hasi zuen. 2018an Munkey Diaries (1957-1982) memoria liburua eman zuen; eta 2019an Post-scriptum: Le journal intime de Jane Birkin 1982-2013. Bietan sumatzen da Gainsbourgek Birkinen bizitzan utzitako arrastoaren sakonera. «33 urte dauzkat, eta nahi bezala bizitzeko gogoa daukat, menperatua izan gabe, beldurrik eta lotsarik gabe», idatzi zuen, hura uzteko erabakiari buruz.
Hala ere, Gainsbourg bihotzeko baten ondorioz hil zenean, «dena lausotuta, baina amesgaizto baten zehaztasunarekin» ikusten hasi zen, idatzi zuenez. 1991 zen. Denborarekin, esnatzea lortu zuen.
2013an bukatzen dira Birkinen memoria liburuak. Hor Kate, berriro ere, haren heriotzak geldiarazi baitzuen erlojua artistaren gogoan. «Ordutik, sentimenduak adierazteko nire era disko honetarako idatzi ditudan testuak dira». Hor Oh! Pardon tu dormais..., berriro ere, Birkinen katarsiari soka emanez.
Jane Birkinen katarsia
Dozena bat urteko etenaren ostean, diskoa eman berri du: 'Oh! Pardon tu dormais...'. Alabaren heriotzaz eta beste hainbat mamuz mintzo da idatzi dituen kantetan. Etienne Dahok musikatu dizkio hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu