Donostiako 71. Zinemaldia. Sari banaketa

Jaione Cambordaren 'O corno'-k irabazi du 71. Urrezko Maskorra

Emakumeak protagonista dituen lanarekin, Donostiako 71. Zinemaldiaren sari nagusia eskuratu du zinemagile donostiarrak. Isabella Eklof suediarraren 'Kalak'-ek Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du

Jaione Cambordaren 'O corno'-k irabazi du 71. Urrezko Maskorra.
Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Emakumeak erdigunean jarri zituen Jaione Cambordak Sail Ofizialera aurkeztu zuen O corno lanean. Eta bere atzetik etorriko diren emakume zinemagile guztiei eskaini zien Donostiako 71. Zinemaldiko Urrezko Maskorra, atzo, garaikurra eskuetan zuela. Galizian filmatutako lanarekin eskuratu du zinemagile donostiarrak jaialdiko sari nagusia. Beste emakume baten eskutik jaso zuen aitortza, aurten epaimahai ofizialeko buru izan den Claire Denis zinemagilearen eskutik, iluntzean egin zuten sari emate ekitaldian.

Film bakoitzaren atzean «ahalegin handia» dagoela eta erabaki ugari hartu behar direla adierazi zuen Cambordak, eta, horregatik, filmeko lan talde osoarekin esker oneko agertu zen. «Ezin izan dut hobeto lagunduta egon». Aitortu zuen «oso berezia» zela beretzat hazten ikusi zuen hirian saria jasotzea. Eta segidan, erreferenteak aipatu zituen, «bidea urratu zutenak». Hala, «etortzeko dauden emakume zinemagileekin, hurrengoentzat erreferente izango direnekin» partekatu zuen saria.

Galizian eta galegoz ondu zuen O corno zuzendariak. 1971. urtean, Illa de Arousan girotua, beste andre batzuei erditzen laguntzen dien emakume bat da kontakizuneko protagonista. Ustekabeko gertaera bat tarteko, Portugalera ihes egin beharko du, eta zeharkaldi arriskutsu bat abiatu. Bizirik irauteko borrokan, beste emakume batzuen konplizitatea topatuko du. Hala, erditzeak, abortuak, andreen gorputzen gaineko kontrola eta zapalkuntza ageri dira filmean, baina baita ahizpatasuna, babesa eta laguntza ere. Gai horien inguruan zituen galderak publikoarekin partekatu nahi zituela azaldu zuen. Eta emakumeekin partekatu du orain saria.

Beste zinemagile donostiar batek ere parte hartu du aurten Sail Ofizialeko lehian. Hain zuzen ere, Sultanaren ametsa animaziozko utopia feminista aurkeztu zuen Isabel Herguera zuzendariak. Ez zuen epaimahai ofizialaren saririk jaso, baina ez zen aitortzarik gabe joan: Euskal Gidoigileen Elkartea Saria ez ezik, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuen filmak, sail horretako epaimahaiaren iritziz, «pazientzia, dedikazio eta lan finaren eredu» delako eta, «finean, zinema artelan bat delako». Garaikurra eskuetan, Herguerak eskerrak eman zizkien «halako proiektu arriskatu bat babestu eta nahi bezala egiteko erabateko askatasuna» eskaini diotenei eta filmeko lantaldeari. Bere inguruko emakume guztiekin ere gogoratu zen zuzendaria, eta haiei eskaini zien saria.

Epaimahai ofizialak sari berezi bat emateko aukera ere badu urtero, eta Isabella Eklof suediarrak zuzendutako Kalak filmari aitortza egitea erabaki zuen. Film horretan egindako lanagatik, halaber, Argazki onenaren saria eraman zuen Nadim Carlsenek.

Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zuzendari taiwandarrek hunkituta jaso zuten Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra. Hain zuzen, analogikoan, hokkienera-taiwaneraz eta lau eskutara filmatu dute beren opera prima, familia, heriotza eta dolua ardatz dituena.

Aktoreei dagokienez, Interpretazio nagusi onenaren saria bi gizonezkori ex aequo ematea erabaki zuen emaimahaiak: Tatsuya Fuji japoniarrari, Great Absence (Kei Chika-Ura) laneko antzezpenagatik; eta Marcelo Subiotto argentinarrari, publikoa barrez jarri zuen Puan komedia filosofikoan jokatutako rol protagonistagatik —Gidoi onenaren saria ere irabazi zuen Maria Alchek eta Benjamin Naishtatek zuzendutako lanak—.Taldeko interpretazio onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Hovik Keuchkerianentzat izan zen, Isabel Coixeten Un amor pelikulan egindako antzezpenagatik.

Claire Denisekin batera, epaile lanetan aritu dira Fan Bingbing aktore txinatarra; Cristina Gallego ekoizle, zuzendari eta aktore kolonbiarra; Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra; Vicky Luengo aktore katalana; Robert Lantos ekoizle hungariarra; eta Christian Petzold zinemagile alemaniarra.

Beste sailetako sariak

Zuzendari Berriak saria Diwa Shah indiarraren Bahadur The Brave filmari eman zion atal horretako epaimahaiak. Zabaltegi-Tabakalera saria, berriz, Eduardo Williams argentinarraren El auge del humano 3-ek eraman zuen, eta Ulises de la Orden argentinarraren El Juicio-k epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Horizontes Latinos saria ere beste argentinar batek irabazi zuen, Martin Benchimolek jaso baitzuen aitortza, El castillo filmari esker.

Perlak sailean, berriz, ikusleak dira irabazlea erabakitzen dutenak, eta Juan Antonio Bayona zinemagile katalanaren La sociedad de la nieve filmari eman zioten Donostia Hiria Publikoaren Saria —hamarretik 9,23ko puntu jaso zituen—. Sail berean, Europako ekoizpen onena ere hautatzen du publikoak, eta, kasu horretan, Matteo Garrone zuzendari italiarrarentzat izan zen aitortza, Io Capitano lanagatik —hamarretik 9,13 puntu eman zizkioten—.

Nazioarteko zinema kritikariek ematen duten Fipresci saria Christos Nikou greziarraren Fingernails komediarentzat izan zen.

Gazteriaren Epaimahaia 18 eta 25 urte bitarteko 150 gaztek baino gehiagok osatzen dute urtero. Aurten, Javier Macipe zuzendari espainiarraren La estrella azul lanari Gazteriaren saria ematea erabaki dute. Nest saria, berriz, Nehal Vyas indiarrak eraman du, Amma ki katha lan laburragatik; Marie Falys belgikarraren Entre les autres laburrak aipamen berezia jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.