Marina Litvinovitx. Jabloko alderdiko hautagaia

«Errusia osoa berreraiki behar dugu»

Errusiakoa «gaizkilez betetako sistema» dela gaitzetsi du ordezkariak, eta salatu agintariak oposizioa boikotatzen saiatu direla.

BERRIA.
Alex Bustos
Mosku
2021eko irailaren 18a
00:00
Entzun
Moskuko iparraldeko barrutiko alderdiaren ordezkaria da Jabloko (euskaraz sagarra) alderdiko hautagaia. Ksenia Sobtxak edota Boris Nemtsov oposizioko ordezkari ezagunen taldekide izan da—Nemtsov 2015ean hil zuten tiroz Moskuko Plaza Gorritik gertu— Marina Litvinovitx. Zentro-ezkerreko haren alderdiak sistema aldatu nahi du, eta, horretarako, beste behin ordezkaritza lortu beharko du behe ganberan —2003tik ez dute eserlekurik—.

Litvinovitxekgiza eskubideen defentsan egin du lan Errusiako kartzeletan, besteak beste. Moskuko Ikuskaritza Publikoko Batzordeko kide izan zen bidali zuten arte, haren esanetan, «bere lanen eta printzipioen ondorioz». Haren kezka nagusietako bat da presoen baldintzak hobetzea, egun «tratu ankerra» jasotzen dutelako. Egoera hobetzeko behe ganberan sartu behar du Jablokok, baina Errusiako agintariek gehiengoari eutsi nahi diote legebiltzarrean. Horretaz guztiaz hitz egin du hautagaiak BERRIArekin.

Zeintzuk dira Errusiako arazo nagusiak?

Argi dago Errusian gaizkilez betetako estatu bat eraiki dutela, non jabetza eta boterea bat bera diren, eta elkarrekin eraiki diren. Estatu hau eragingabea eta ustela da; eta, nabarmen denez, errepresiozkoa.

Zer-nolako arazoak izan dituzue kanpainan zehar?

Nire mitinetan Polizia agertzen zen, eta bilkurak debekatzen saiatzen zen. Nire taldearen egunkariak eta publizitatea postontzietatik kentzen zituzten, eta kartelak kentzen. Baina arazo nagusia da ez direla aurkezten iazko [eskualdeetako] bozetan parte hartu zuten hautagai guztiak, espetxeratu egin dituztelako, erbestean daudelako edo inhabilitatu egin dituztelako, hau da, aldez aurretik ezabatu zituztelako.

Zertaz hitz egin nahiko zenuke behe ganberan ordezkaritza lortuz gero?

Gure herrialdeak benetako aldaketak behar ditu; arazoak legebiltzarretik haratago konpondu behar dira. Errusia osoa berreraiki behar dugu. Ez da eraginkorra, herritarrak babesgabe daude, eta ez dago garapen ekonomikorik. Guztia berreraiki behar dugu: gobernua, presidentea aldatu, auzitegiak, Polizia, espetxe sistema, osasun sistema, hezkuntza. Ez dago sektore bakar bat aldaketarik behar ez duena.

Mendebaldea Errusiaren aliatu bat da edo etsaia?

Niretzat, pertsonalki, aliatu bat da, uste dudalako garrantzitsuena bakea dela, eta ez gerra. Baina gure herrialdean Mendebalde guztia, eta batez ere AEBak eta Europa, etsai gisa sentitzen dira. Agintariek eta [Vladimir Putin] presidenteak berak etsai gisa aurkezten dute Mendebaldea. Nik sinesten ez dudan arren, inork pentsa dezake Putinen ekintzek gerrara eraman gaitzaketela; berak erakutsi du prest dagoela sakrifizioak egiteko eta gerrak antolatzeko. Ez dut atsegin bere erretolika erasokorra, oso arriskutsua dela uste dut.

Zer esaten diezu oposizioari atzerriko dirua jasotzea leporatzen diotenei?

Orain atzerritik egindako edozein diru emate ezinezkoa da, hau da, atzerriko errublo bakar batek ere ez du finantzatzen alderdi politiko edo ekintzailerik, ezinezkoa delako. Hori hala da agintariek guztia blokeatu dutelako, baita diru laguntzak ere. Guztia dago itxita. Beraz, kanpaina finantzatzeko Errusiako herritarren dirua jaso genuen, 300, 500 eta ehun errubloko ordainketetan. Hori oso gogorra da, lan asko egin beharra dagoelako crowdfunding bidez dirua biltzeko. Ez dago ezer errazik ez AEBetan, ez Europan, eta ez beste inon [kar, kar, kar]. Horri gotorleku setiatua deitzen zaio, uste duzulako zure inguruan etsaiak bakarrik dituzula. Eta hori ez da horrela.

Zer aldatu beharko lukete espetxeetan?

Tortura da kezkagarriena. Espetxeetan presoak torturatzen jarraitzen dute, auziak faltsifikatzen dira, jende errugabe asko dago kartzeletan. Gainera, espetxe sistemak sobietikoa izaten jarraitzen du, hau da, SESB garaiko arazo guztiek bere horretan jarraitzen dute, ordutik indarrean dauden arau asko daude. Arauak horren dira ankerrak pertsonen bizitzak arriskuan jartzen dituztela; eta hori aldatu beharra dago.

Gaur egungo adibiderik argiena Navalni da.

Bai, bera zigor kolonia izugarri batean dago, gaur egun nola lan egiten duten ikusten ari da, eta argi ikusiko du aldaketak beharrezkoak direla. Espetxe instituzioak oso gai interesgarria dira uneotan Errusian; diote espetxea buruan dagoela, eta espetxean zauden artean pentsatzea arazo bat da.

Kanpainan Beslango eskolan gertatutakoari egin diozu erreferentzia —2004an hainbat bahitu hartu zituzten eskola batean, eta haiek askatzeko operazioan 300 pertsona hil zituzten, tartean 186 adingabe—.

2005etik ari naiz ikertzen Beslanen gertatutakoa eta biktimei laguntzen, eta ohartu garaguztia ez zela izan bertsio ofizialak dioen bezalakoa. Jakin genuen erasoaldia gure informazio zerbitzuek zuzendu zutela. Ez ziren terroristak izan eskola lehertu zutenak, gure informazio zerbitzuak izan ziren. Hori da egia, eta gure gobernuak ez du onartu nahi. Eta soilik aitortuko dute Putinek agintea uztean eta boterea aldatzean. Ez dutelako onartu nahi eurek hil zituztela beren seme-alabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.