Txina uste baino motelago ari da ateratzen COVID-19aren garai luzetik. Badira sei hilabete Pekingo gobernuak koronabirusari aurre egiteko neurri zorrotzak bertan behera utzi zituela, baina esperotako susperraldi indartsurik ez da gertatu. Urteko lehen hiruhilekoan %2,2 hazi zen, eta suspertze bizkor baterako itxaropena eragin zuen, baina bigarrenean %0,8ra murriztu da hazkundea, aldagai batzuen ahultasuna dela medio: esportazioak jaitsi egin dira, inflazio handiaren ondorioz Mendebaldeko kontsumitzaileek erosketak gutxitu dituztelako; barne kontsumoa ere oso gutxi ari da hazten, mesfidantzak eraginda familiak aurrezten ari direlako; eta etxebizitza merkatua zorpetze handi baten zama jasaten ari da.
Urte arteko tasan kontrakoa gertatu da: %4,5etik %6,3ra igaro da hazkundea, baina kontuan hartu behar da duela urtebete Shanghai hiriburu ekonomikoan eta beste hiru batzuetan itxialdiak izan zirela, COVID-19aren hedapenari aurre egiteko. Urte osorako %5eko hazkunde bat aurreikusi du Txinako Gobernuak.
%5eko tasa oso handia izango litzateke Mendebaldeko edozein herrialderentzat, baina Txinak halakoak behar ditu enplegua sortzeko eta bake soziala mantentzeko. Hirietan langabeziak eutsi egin dio —%5,2 da—, baina jada %21,3ra heldu da 16 eta 24 urteko gazteen artean
«Biharamuna»
Koronabirusaren osteko «biharamuna» aipatu dituzte nazioarteko analista batzuek, eta iragarri dute Txinako Gobernuak neurri gehiago har ditzakeela hazkundearen erritmoa bizkortzeko. Banku zentralak interes tasak jaitsi ditu, eta gobernuak berreskuratu egin ditu auto elektrikoak erosteko emandako laguntzak. Azken neurri horren ondotik, urtearen lehen erdian %35 ugaritu da ibilgailu elektrikoen salmenta. Txina da auto horien merkatu nagusia.
Hilabetea amaitu aurretik bilduko da alderdi komunistako buruzagitza, eta eraikuntza eta etxebizitzen erosketa laguntzeko neurriak hartzea espero dute.
Txinan, susperraldi bizkorra eten egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu