Ipar Euskal Herriak 11 milioi bisitari errezibitu zituen guztira 2020an, Turismo Erakargarritasunaren eta Garapenaren Agentziak egin zuen azterketaren arabera. Horien artean %87 frantsesak ziren, eta %13 beste herrialde batzuetakoak. Euskal Herriak duen fama turistikoa ez da fenomeno berria; izan ere, urteak eta urteak dira milioika lagun dabiltzala hemengo mendietan eta itsasoan. Alta, egoera geroz eta kritikoago bilakatzen ari da bertako biztanle askorentzat. Galdea urtez urte gora doan heinean, eskaintzak ere gora egiten du, eta, batzuek begi onez ikusten badute ere, kezka eta kexa ugari eragiten ditu beste biztanle batzuengan. 2020ko datu horiek, gainera, krisi sanitarioaren testuinguruan irakurtzekoak dira; pentsatzekoa da pandemiarik gabe jende gehiagok Ipar Euskal Herriko bidea hartuko zuela.
Turismo masiboak ondorio anitz dakartza. Erraterako, jendetza handia biltzen da hiri eta herrietan, eta bertako biztanleen eguneroko bizia geroz eta zailagoa bilakatzen da.
Halaber, lurraldeak pizten duen famak etxebizitzen prezioaren gorakada ere eragin du. Gaur egun, oso zaila egiten zaie lekuko gazteei, eta ez hain gazteei ere, arrazoizko prezioa duen etxe baten aurkitzea, atzerritik heldu diren aberatsek prezioak gehiegi igoarazten baitituzte.
Lurraldean gaindi pizten den kezkari erantzuteko, Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseilua (IEHGK) turismo eztabaidagarri horren inguruan informatzen ari da, bisitariei zein biztanleei egokituko zaien turismo bat birpentsatuz.
Azken hiru urteetan, Euskal Hirigune Elkargoarekin bildu dira eztabaidaren aberasteko, eta, bide hartatik, masa turismoa hobeki kudeatzeko, bertako biztanleekiko, batez ere. Xede horretarako, Euskal Hirigune Elkargoak bultzatutako 2020-2026 Turismo Estrategia Eskema proiektuak abiarazi zuen, 2019. urte bukaeran. Ikerketak egin ziren, eta aitzineratu ziren lehen elementuen arabera, bigarren lan fasea abiatu zen, 2021eko urrian. Protourisme bulegoarekin batera, Ipar Euskal Herriko turismoaren diagnostiko bat egitea zuten helburu; zeinak landu beharreko ardatz nagusiak identifikatu zituen, besteak beste.
Joan den uztailaren 1ean, proiektua abiatu eta hiru urtera, Garapen Kontseiluak prentsaurreko bat eman zuen. Aurkezpenaren ostean, turismo jasangarriago baten garatzeko egin beharrekoak diren aldaketak planteatzen dituen txosten bat aurkeztu zieten publikoari eta prentsari, honako galdera honi erantzunez: «Lurraldeari balio dion turismo baten bidean: zein estrategia behar du Euskal Herriko eredu turistikoak?».
Txostenak hiru urteren lana biltzen du, eta turismoa bertako biztanleei pentsatuz antolatu behar dela azaltzen saiatzen da, besteak beste. Haren proiektu baten baitatik landutako ikerketa dela eta, Euskal Hirigune Elkargoak hurbiletik segitzen ditu turismoaren arloan ematen diren aitzinamenduak. Gaur egungo turismo ereduari aurre egiteko, hain zuzen ere, konpentsazio araua bozkatu zuen Elkargoak joan den uztailaren 9an, eta %98ko babesa jaso zuen neurriak. Arau horrek turismorako bizitegien hazkundea oztopatzeko xedea du, eta 2023ko martxoaren lehenetik goiti indarrean izanen da.
Euskal Hirgune Elkargoko hautetsi Daniel Olzomendik adierazi du Garapen Kontseiluarekin eramandako lana «ezinago garrantzitsua» dela, baina azaldu du gerora begira proiektuak zehaztea espero dutela, estrategiak «herrikoia» izan behar duela azpimarratuz. «Turismo arduratsu» baten xedea ere aipatu du. Helburua hurbileko publiko baten erakartzea litzateke; Hego Euskal Herrikoa, adibidez.
Erakundeak problematikarekin interesatuta dauden arren, eta proiektuak garatuz doazen arren, batzuetan estrategia ez doa aski fite, eta turismoaren ondorioak zuzenki jasaten dituzten biztanleek erantzun lasterragoen beharra dute. Horregatik, eta halako egoerei aurre egiteko, mugimendu eta elkarte ihardukitzaile anitz sortu dira azken urteetan Ipar Euskal Herri osoan.
Herrian bizi, zer preziotan?
Herrian Bizik etxebizitzaren problematikari lotzen diren 32 elkarte batzen dituen plataforma osatu du. Daniel Harotzarene plataformako kidea da, Aterbea elkartearen bitartez. Harentzat, «dena lotua da». Alde batetik, aitortu du «turismoak ekonomikoki gauza onak ekartzen» dituela, baina, bestetik, «kalteak ere bai, bereziki etxebizitzaren gaiaren inguruan». Haren ustez, arazoa ez da baitezpada «hemengo jendeak bere bizilekua bi asteren denboran bere bizilekua alokatzea: hori betidanik gertatu da». Baina, «prozesuaren profesionalizazioa», berriz, lanjerosa iruditzen zaio.
Alda elkarteak, adibidez— Herrian Biziren kide ere bada—, alokairuan dauden pertsona askori ikasle kontratuak egiten zaizkiela salatu du. Izan ere, fenomeno hori anitz hedatu da Airbnb kontzeptuarekin batera. Egiteko moldea ondokoa da: irailetik ekainera, lekua berezko prezioan alokatzen da, eta, udako hilabeteetan egon nahi izanez gero, orduan udako prezioa pagatzera behartzen dituzte, kanporatuak izatearen mehatxupean. Alta, jende askok ezin du udako preziotan ordaindu, eta bizpahiru hilabeterako kanporatuak geratzen dira, familia edo lagunen etxean aterpea bilatu beharrean.
Azkenean, etxebizitzaren problematikak «prekaritate arlo» berri bat sortu du, talde horien iritzian. «Etxebizitzak badaude bertako jendearentzako, baina ez dira helburu horretarako erabiliak, eta sekulako eskasia sortzen du», salatu du Harotzarenek. Haren aburuz, gelditu ezin den zirkulu zikoitza da, «hazkurri kate bat, zeinetan elementu batek ez duen funtzionatzen eta, orduan, dena gelditzen duen».
Azaldu duenez, «prezioak geroz eta gehiago igotzen dira, erosteko edo alokatzeko izan dadila, eta orduan jendeak ezin du inbestitu». Gero, «laguntza eta egitura sozialetan sartzen dira, eta aski laster atera beharrean, bertan egoten dira, prezioek gora segitzen dutelako, eta etxebizitza posibleak ez zaizkielako bertako biztanleei dedikatuak». Dirudienez, etengabe berritzen den arazo bat da, etxebizitzaren logika turistei edo bigarren etxebizitza bat erosten duten atzerritarren zentzuan doalako beti, biztanleriari lotua izan beharrean.
TURISMO EREDU BERRIEN BILA
Turismo masiboak dakartzan ondorioen karietara, kexak piztu dira Ipar Euskal Herrian. Garapen Kontseilua bisitariei eta biztanleei egokitu behar zaien estrategiaren lanketan hasia da. Ber denboran, egoerarekin kezkatuta dauden kolektiboak ugaritzen ari dira, kostaldean zein barnealdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu