Torturatuen Sareak mobilizaziora deitu du ekainaren 25erako

Tortura jasan duten hainbat belaunalditako lagunek osatu dute Nafarroako elkarte hori, eta eragile ugari izan dira aurkezpenean. Gobernuari eskatu diote iker ditzala 1978tik gaurdainoko kasuak

Torturatuen Sarea aurkeztu zuten, atzo, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Berriozar
2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Ekainaren 25ean, torturaren biktimen babeserako nazioarteko egunaren bezperan, Nafarroako Torturatuen Sareak mobilizazioa egingo du. Torturaren errealitatea ezagutarazteko, gizartearen babesa behar du elkarteak, eta, horregatik, herritarrei parte hartzera dei egin zieten atzo. Gaur ere efemeride berezia da. Duela 41 urte Joxe Arregi torturatuta hil zuten, eta Euskal Herriko torturaren egunaren bezperan, atzo, sareak bere burua ezagutarazi eta mezu argi bat zuzendu zion Nafarroako Gobernuari: 1960tik 1978ra arteko tortura kasuak ikertu dituen moduan, orain ikerketa hori zabaltzeko trantsizioaren garaitik gaur eguneraino.

Atzo goizean Berriozarko musika eskolan egin zuen batzarra Torturatuen Sareak. Amaituta,11:30ean, elkarte sortu berriaren berri eman zuten prentsaurrekoan. «Adierazi nahi dugu elkarte bezala eratu garela, torturatuen sarea ehuntzen hasiak garela, eta aretoan bildutakoak sare horren parte garela, jakin badakigun arren mila ahots eta aurpegi isilarazi dituela», azpimarratu zuen Lohizune Amatria Mikel Zabalzaren ilobak.

Ondoren, 12:00etan, Nafarroako erakundeetako ordezkariekin eta politika, gizarte eta lan arloetako eragileekin elkartu ziren. Bertan izan ziren Ana Ollo Herritarrekiko gobernuko Harremanetarako kontseilaria, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendaria eta Blanca Burusko biktimen bulegoko ordezkaria. Alderdien artean, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariek babesa adierazi zioten sareari. Sindikatuen artean, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK eta CGT izan ziren, eta,gizarte eragileen artean, Foro Soziala, Salhaketa, 78ko Sanferminak Gogoan, Etxerat eta Egiari Zor.

Torturaren errealitatea maiz estalia izan bada ere, orain dituzten datu batzuk ezagutarazi dituzte. 1960tik 2014ra Nafarroan mila lagun inguru torturatuak izan dira. Guztira, lurraldeko laurogei herritako biztanleak izan dira. Torturaren ondorioz, bi lagun hil dira: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa. Halaber, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik, baita beste lau herritar nafarren salaketak ez ikertzeagatik ere —Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalez—.

Ez da lan «erraza»

Datu horiek izanik, sareak torturatuak izan direnen errolda bat osatu nahi izan du auzolan baten bidez, ahalik eta argazkirik zehatzena izateko asmoz. «Badakigu ez dugula egun batetik bestera egingo, ez delako erraza mila pertsona horiengana iristea. Horietako batzuk jada ez daude gure artean, edo beren kasuaren berri emateko idatzi bat betetzeak iraganeko mina azaleratzen die». Egin beharreko lana dela deritzote, eta hura aurrera ateratzeko «determinazio osoa» dute. Gobernuari zeregin hori har dezala galdegin diote, era berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.