Gero eta gutxiago gelditzen da Hondarribiko (Gipuzkoa) alarde egunerako, datorren ostiralean izanen baita, hilaren 8an. Asteon hautsak harrotu ditu Guztion Alardea taldeak egindako salaketak. Azaldu dutenez, Hondarribiko Alardeko Musika Banda Elkarteak konpainiako kideei eskatu die «erantzukizun adierazpen» bat izenpetzeko, adieraziz andreak soilik kantinera gisara nahi dituztela desfilean. Era berean, onetsi behar dute konpainiatik «kanporatu» egingo dituztela alarde parekidearen aldeko urratsen bat egiten badute. Igor Enparan alkateak (Abotsanitz plataforma) atzo erantzun zion dokumentuari. Nabarmendu zuen alardea «hondarribiar guztien ondare immateriala» dela. Erantsi du: «Herritar guztiek, gizonek zein emakumeek, parte hartzea bermatzeko lanean jarraituko dut».
Zuzenean agiriari dagokionez, esan du sare sozialen bidez izan duela haren berri, eta, oraingoz, duen informazioaren arabera behintzat, ez duela ondoriorik izan, «mehatxua» egon badagoen arren. Halaber, idatziak eragiten dienei eskatu die udaletxera jotzeko: «Argi eta garbi esan nahi dut udaleko eta nire bulegoko ateak irekita daudela eta babestu egingo ditudala, ez baitut onartu nahi inolako purgarik».
Bitartean, Jaizkibel konpainia berdinzalea hasia da entseguekin; hiru egunez eginen dituzte: ostiralean izan zen lehenbizikoa; gaur eginen dute bigarrena, Itsas Etxean, 20:00etan; eta asteartean izanen da hirugarrena, Bitoriano Juaristi kalean, 20:00etan. Nora Ferreira izanen da Jaizkibel konpainiako kapitain berria, Oihana Etxebarrietari lekukoa hartuta. Ostiralean hartu zuen hitza, eta txalo artean jaso zuten. Entseguaz gain, batzarra egin zuten.
«Misoginiaren» salaketa
Bestalde, Gaueko Emeak izeneko emakume taldeak Hondarribiko alardearen inguruan gogoetatzeko idatzi bat zabaldu zuen duela egun batzuk. Bertan adierazi dutenez, «Bidasoaldeko emakume gazte eta feministak» dira, eta «saminduta» daude inguruan bizi duten «misoginiaren gaineko inpunitatea ikusirik».
Zera azpimarratu dute, halaber: «26 urteko borroka latza eman dute herri honetan berdintasuna aldarrikatu duten herritarrek. Gizarte matxistaren oldarraldia eta instituzioen utzikeria jasan dute, erabateko bakardadean aritu dira. Baina gogor eta tinko eutsi diote justiziaren idealari». Adierazpen horiek egitearekin batera, zenbait argazki zabaldu dituzte; Hondarribiko udaletxean eta batzokian jarritako kartelenak dira, eta dagoen «misoginia» salatzea da horien helburua.
Salaketok gorabehera, aldaketa zantzuak sumatzen dira aurtengo alardean, aldarri parekidea nabarmen ozendu delarik. Guztion Alardeak uztailean esan zuen sinadurak biltzen hasiko zela gatazka «konpontzearen alde».
Horrez gain, alkate aldaketa izan dute Hondarribian, Abotsanitz izan baita garaile. Talde horrek bestelako jarrera izan du beti desfile parekidearen inguruan; urtero harrera egin dio, adibidez, Jaizkibel konpainiari ere. Bestetik, ekainean, Saindua proposamena izenpetu zuten Hondarribiko dozenaka lagunek, gatazkari irtenbidea ematea proposatzeko.
Alkateak dio alardean andreak eta gizonak ateratzeko lan egingo duela
Ostiralean egingo dute Hondarribiko alardea, eta Jaizkibel jada atera da kalera, entseatzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu