Txibitek Foru Hobekuntza goraipatu du, «batasun konstituzionalaren barnean»

Senatuan egin da Nafarroako estatutuaren urteurreneko ekitaldi nagusia. Hitzeman du «lehenbailehen» egingo dutela ituna trafiko eskumenari buruz

Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena ospatu zen atzo Senatuan. J.C. HIDALGO / EFE.
joxerra senar
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Aurten 40 urte bete ditu Foru Hobekuntzak, eta ekitaldi nagusia Senatuan egin zuen atzo Nafarroatik joandako ordezkaritza zabal batek. Bere diskurtsoan, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak nabarmendu zuen arau bat baino askoz gehiago dela, «herritarren bizi kalitatea, ongizatea eta gizartearen kohesioa hobetzeko» erreminta bat ere badelako. Gaineratu zuen Nafarroa eskumenak bere gain hartuz joan dela urratsez urrats, «erakundeen arteko leialtasunaren eta batasun konstituzionalaren barnean».

Madrilen Txibiterekin batera izan ziren Unai Hualde Parlamentuko presidentea; gobernuko hainbat kontseilari (Elma Saiz, Javier Remirez, Santos Indurain...); eta UPNko, PSOEko eta Ahal Dugu-ko ordezkariak. Igancio del Burgo eta Yolanda Barcina ere bertaratu ziren.

Legealdi honetan, presoei osasun arreta emateko eskumena eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentari buruzko akordioa erdietsi da Madrilgo gobernuarekin; trafiko eskumena, berriz, 2019ko maiatzerako Nafarroara itzultzeko konpromisoa hartua zuen Espainiako Gobernuak, baina, oraingoz, ez du hitza bete. Txibitek espero du «lehenbailehen» hitzartuko dela, «presarik gabe, baina etenik gabe». Txibiteren arabera, «lasaitasunez eta leialtasun instituzionalaren barnean» Foru Hobekuntza garatzeko asmoa dute.

Espainian autogobernua kritikatzen dutenei aurre egiteko, pedagogia egin behar dela uste du, eta kritikoei ohartarazi die egungo eredua babesten duen gehiengo sozial bat dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.