Frantziak 'Google tasa' onartu du, eta AEBen erantzunaren zain dago

Trump administrazioak ikerketa bat zabaldu du «neurri baztertzailea» ote den zehazteko; hala balitz, Frantziako ardoari eta autoei muga zergak ezarriko lizkieke, eta kaltea Europa osora zabalduko litzateke

Emmanuel Macron eta Donald Trump, aurtengo ekainean, Normandiako Lehorreratzearen 75. urteurreneko ospakizunetan, Caenen (Frantzia). LUDOVIC MARIN / POOL.
xabier martin
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Donald Trumpek ez du askorik behar gerra komertzialaren botoia sakatzeko Etxe Zuriko nagusi denetik, eta Frantziak onartutako Google tasa nahikoa izan daiteke Atlantikoko frontea berriro zabaltzeko. Europako Batasunarekin bakea eginda dago Washington, eta Txinarekin urruti iritsi den muga zergen gatazkan ere su-etena eman du, aldeek adostutako akordioa nola gauzatzen duten zain dauden bitartean. Haatik, Atlantikoan gerra komertziala pitz dezake berriro Frantziako Senatuak atzo onartu zuen Gafa tasak (Google tasa deitua hemen). Google, Amazon, Facebook, Apple eta antzeko konpainiek dagozkien zergak ordaintzea du helburua legeak.

Trump administrazioak ikerketa bat zabaldu baitu tasa hori AEBetako konpanien aurkako «neurri baztertzailea» ote den erabakitzeko; 2018an Txinaren aurka egiteko abiarazi zuen mekanismo bera da, 301. sekzioa. Gafa tasa legearen aurkakoa dela erabakiko balu, Frantziako ardoen eta autoen aurkako muga zergak ezarriko lituzkeela esan du Etxe Zuriak. Trumpek berak esana dauka ez zaiola bidezkoa iruditzen Europak AEBen ardoei ematen dien tratua. Arazoa da Munduko Merkataritza Erakundearen arauen arabera, zerga berezi horiek ezin zaizkiela soilik Frantziari aplikatu, eta Europako Batasuneko kide guztiei eragingo lieketela. Muga zergen mamua irits daiteke berriro Alemaniako autogintzara, beraz, Washingtonek iazko urte amaieran egindako saio argiaren ondoren.

Parisek, ordea, «burujabetasun fiskala» argudiatuz erantzun dio AEBetako Komertzio arduradun Robert Ligthizerrek zabaldutako ikerketaren albisteari. «Nazioarteko itunekin bat dator» Frantziak onartutako Gafa tasa, Parisen ustez, eta, hori dela eta, «ez da egokia tresna komertzialak baliatzea estatu baten subiranotasunari eraso egiteko». Gafa tasak konpainia teknologikoen irabazien %3 zergapetuko ditu, gutxienez 750 milioi euroko negozio bolumena badute, eta horietatik 25 milioik gutxienez Frantziari eragiten badiote.

Ingeniaritza fiskala

Gafa akronimoak Google, Amazon, Facebook eta Apple konpainiei erreparatzen die, denak estatubatuarrak. Tasak, era berean, Uberri eta Airbnbri ere eragingo lieke, eta beste hainbati. Aspaldiko arazoa da multinazional horiek baliatzen duten ingeniaritza fiskala, Europan eta beste kontinente batzuetan zergei ihes egiteko. Europako Batasunak aspaldian ekin zion zergak ordainarazteko neurriak bilatzeari, eta jardun horretan jaio zen Google tasa, baina gaur arte ez da gauzatu, estatukideen artean ez delako adostasunik egon; egoera horri aurre egiteko, hainbat estatuk bere bide legegilea egitea erabaki dute, eta Frantzia da helmugara iritsi den lehena. Parisek dio urtero 400 milioi eurotik gorako kopurua bilduko duela Gafa tasa-ri esker. «Justizia sozialarekin» lotutako neurritzat jotzen du.

Oso bestela ikusten dute auzia ozeanoaren beste aldean. Washingtonek zabaldu duen ikerketak urtebete inguru iraungo du, eta erantzuna iritsiko da haren emaitza bada tasa berria zerga baztertzailea dela AEBetako enpresentzat. Robert Lightizer Komertzio buruak garbi utzi du «orekatzeko mekanismoak» prest daudela. «Zerga berriaren egiturak eta Frantziako Gobernuko bozeramaileek egindako adierazpenek iradokitzen dute zerga bidegabeki zuzentzen ari dela hainbat enpresaren aurka, denak AEBetakoak». Hori dela eta, Lightizerrek esplikatu du Trump presidenteak «agindu» duela zerga ikertzen hasteko, «baztertzailea edota oinarririk gabea ote den» jakiteko.

Hego Euskal Herrian ere bai

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herrian martxan da jadanik Google tasa eta atzerako eraginarekin; hau da, indarrean da joan den urtarrilaren 1az geroztik, Emmanuel Macronen gobernuak aurrera egin duelako, mehatxuak mehatxu. Hegoaldean ere eragina izango luke konpainia teknologiko handientzako tasa berri batek Espainiako Gobernuak agindutakoa beteko balu aurten. Horretarako, ordea, boto gehien jasotako Pedro Sanchez presidentegaiak gobernua osatu beharko luke aurrena, eta gaur-gaurkoz ez da hain hurbil ikusten Google tasa bat, are gutxiago Donald Trumpen erreakzioa ikusi eta gero.

Sanchezek, baina, Mariano Rajoyri egindako zentsura mozioaren ondotik Moncloara iritsi eta gero, balizko tasa hori onartzeko asmoa azaldu zuen, eta Ministro Kontseiluan onartu zen tramitatzen hasteko. 1.200 milioi euroko bilketa egitea espero du PSOEko gobernuak Google eta beste teknologikoei jarriko zaien tasaren bidez, Frantziak iragarri duen kopurua halako hiru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.