Maria Angeles Elorza. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia

«Herrialdearen markak plus bat edo minus bat ematen dizu. Gurea plus bat izatea nahiko genuke»

Eusko Jaurlaritza 2014. urtean hasi zen 'Euskadi Basque Country' markaren lehen urratsak egiten, eta iaz asmoa eta estrategia berritu zituen. Enpresek eta batez ere gizarteak marka bere egitea nahi luke.

MIKEL ARRAZOLA.
Irune Lasa.
2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nola ez, brexit-aren gorabehera guztien berri izaten eta horiek aztertzen nahikoa lan du azken egunetan, baina tarte bat hartu du Euskadi Basque Country markaz hitz egiteko. Gaia ederki ezagutzen du Maria Angeles Elorzak (Zumarraga, Gipuzkoa, 1967), Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izan aurretik gobernuaren Bruselako ordezkaritzan egin baitzuen lan, eta hamar urtez nazioartekotze zuzendaria izan baitzen.

Zer irudi dauka Euskal Herriak kanpoan?

Herri serio baten moduan ikusten gaituzte. Serioak garela, hitza betetzen dugun horietarikoak. Jakina, ezagutza maila desberdina izaten da; batzuek ez gaituzte ezagutzen, eta beste batzuek badakite kultura eta hizkuntza propio bat dugula, eta hori misteriotsu eta erakargarri egiten zaie. Bere nortasunaz harro dagoen herri txiki bat garela dakite, eta jende serioa garela; irudi positiboa da. adibidez, Argentinan palabra de vasco [euskaldunaren hitza] erabiltzen dute, hitzeko izango direla adierazteko.

Baten batek esaten du Europako japoniarrak bagina bezala ikusten gaituztela.

Bai, gerta daiteke hori. Jende oso langile gisa ikusten gaituzte, ordenatuak, hitza, epea betetzen duenak. Adibidez, gure industria asko ibili da munduan, Europan asko saltzen dugu, etahor oso inportantea da epeak eta baldintzak betetzea. Agian hortik ere badator. Gure kulturan, langile izatea edota ardura izatea elementu positibo gisa ikusten dugu, eta hori atzerritik ere ikusten da.

Euskadi Basque Country markan, nortasun propioarena asko azpimarratzen da.

Azken finean, nation branding horretan, zer daukazu zuk? Gauzak gero eta antzekoagoak diren honetan, nola bereizten zara? Guk badauzkagu bereizgarriak eta indarguneak. Inolako zalantzarik gabe, nortasun propio bat dugu, kultura propio bat, hizkuntza propio bat gurea dena... Eta, gero, gureak bakarrik ez baina oso gureak diren beste indargune batzuk ere baditugu: herri oso industriala gara; autogobernua dugu, hots, ohituta gaude geure burua gobernatzen, eta horretan oso eskarmentu handia dugu, eta, gainera, nahia. Eta, horrez gain, nik esango nuke, zailtasunak zailtasun, gure gizartea orekatua dela, kohesioa dagoela gurean, eta hori ere indargune bat da.

Enpresek erabiltzen al dute euskara atzerrira begira? Alegia, euren izena euskaraz, edo leloak euskaraz. Hor badago oraindik ibilbidea, ezta?

Badago bidea egiteko hor. Euskara bera, zalantzarik gabe, erakargarria da atzerrian, berezia delako, kuriositatea sortzen duelako. Egia da, era berean, euskarak eta hizkuntza politikak izugarrizko ikusmina sortzen dutela eta bisita asko hartzen ditugula, datozenak ulertu nahian euskara nola errekuperatu den, nola dagoen txertatuta gizartean. Baina enpresak atzerrian saltzen ibiltzen direnean, han erraz ulertzen diren izenak bilatzen dituzte, eta ingeleserako joera hori dago. Hemengo enpresa gehienen izenak euskarazkoak dira, baina, hortik aterata, negozioetako hizkuntza ingelesa da, eta nabaritzen da hori.

Hala ere, ez litzateke bereizteko modu bat? Autoak erdi alemanez saltzen dizkigute, Das Auto horrek zer esan nahi duen ez badakigu ere.

Guk ez ditugu autoak saltzen, auto barruan doazen piezak baizik. Normalean, osagaiak dira gure industriak saltzen dituenak, ez azken buruko produktuak. Eta izena azken produktu horri jartzen zaio, kontsumitzailearengana, herritarrarengana iristen den horri.

Euskal nazio-branding-a lantzeko beharra ikusi zela ez da hainbeste denbora, ezta? Euskadi Basque Country lantzen hasi zinetenean...

2014. urtean hasi ginen, jabetuta geundelako marka propio bat behar genuela. Izan ere, kanpora ateratzeko bereiztu egin behar zara eta, ezaguna eta bereiztua den marka bat behar duzu. Jakina, marka hori marka on bat izatea nahi duzu, jendeak kalitatearekin, seriotasunarekin, zerbait diferentearekin, elementu positiboekin lotzen duen marka bat. Eta hori da lantzen saiatzen ari garena. Gero, marka propio bat ez da egun batetik bestera lortzen. Jaurlaritzak bultzatu du marka, eta pixkanaka badoa indarra hartuz, eta inportanteena da erakundeek soilik ez gizarteak ere bere egitea marka, eta erabiltzea kanpoan dabiltzanean edo kanpotik bisitak izaten dituztenean.

Beharbada, jendea gero eta gehiago jabetzen da norbere produktua saldu behar duenean, herrialdearen branding-ak edo irudiak ematen duenaz.

Hala da, bai. Herrialdearen irudiak plus bat edo minus bat ematen dizu. Gurea plus bat izatea nahiko genuke.

Euskadi Basque Country-k Marca España-rekin talka egiten duela leporatu izan dizuete.

Guk Euskadi Basque Country ez genuen sortu inoren kontra; ez gaude horretarako. Guk hori sortu dugu gure gizartearen indarguneak eta berezitasunak azpimarratzeko. Ez doa inoren kontra: ez goaz besteena kritikatzera. Guk fokua positiboan jartzen dugu, gureari balioa eman.

Basque Country nola ulertzen den; EAE, Euskadi, Euskal Herria... auzia ere hor dago. Irudi aldetik Euskal Herriaren osotasuna, kontzeptualki bada ere, agian erraztuko luketen beste izen batzuk aipatu izan dira: Basque Made, Made in Basque...

Ondo pentsatzen baduzu, Basque Country-ren itzulpena izan daiteke Euskal Herria, Pays Basque, Pais Vasco, Euskadi... Bakoitzak nahi duen moduan itzul dezake; zabala da. Dena kabitzen da ontzi horren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.