Berdeguneak dira hirietako osasun iturri

Hirietako biztanleen bizi kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da berdeguneak sortzea eta hiri eredua aldatzea. Hiri osasuntsuagoak eraikitzea da etorkizuneko helburuetako bat.

Herritarrak kirola egiten Armentiako parkean, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / EFE.
maddi iztueta olano
Donostia
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ibilgailu bidezko garraioan oinarritutako hiri eredua sustatzeak gaixotasun kronikoen garapena areagotu dezake. Horregatik, ibilgailuak baztertu eta berdeguneak sustatuko dituen hiri eredua bultzatu behar da, lotura zuzena duelako osasunarekin. Hala azaldu zuen atzo Carolyn Daher ISGlobal enpresako Hiri Plangintza, Ingurumen eta Osasun Ekimenaren koordinatzaileak. EHUk antolatutako Lurralde osasuntsuak: urbanismoaren eta osasun publikoaren topagunea izeneko ikastaroan izan zen, non herritarren bizi kalitatea eta osasuna berma ditzaketen hiri ereduez aritu baitziren.

Daher hirien eraikuntzak eta plangintza ereduak biztanleen osasunean duten garrantziaz eta horiek eragin ditzaketen kalteez aritu zen. Gero eta pertsona gehiagok egiten dute hiri eremuetan bizitzeko hautua, eta, horregatik, adituaren ustez beharrezkoa da hiri ereduak herritarren osasunean duen eragina aztertzea eta ulertzea.

Bizi kalitatea hobetzeko hirietan berdegune gehiago sortzea ezinbestekoa dela azaldu zuen Daherrek. Horretarako, ordea, ezinbestekoa litzateke hiri ereduak aldatzea. Oro har, ibilgailu bidezko garraioan oinarritutako eraikuntzen alde egiten dela salatu zuen Daherrek, baina, halakoetan osasunarentzat kaltegarriak diren baldintzak izaten dira: esaterako, airearen kalitatea eta zarata handia. Adierazle horiek herritarrek gaixotasun kronikoak garatzea eragin dezakete, diabetesa, hipertentsioa eta antsietatea, kasurako. Bizi itxaropenak gora egin duen arren, igoera hori ez da «osasun hobe baten adierazle». Haren arabera, «ongizate egoera osoaz ari gara, ez bakarrik gaixo egoteaz, osasuna kontzeptu holistikoagoa da».

Epe luzerako helburuak

Elkartutakoen artean egon zen Ignacio de la Puerta Rueda Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren zuzendaria. Garapen Jasangarrirako 2030erako Agenda egitasmoari begira, De la Puertak iragarri zuen hiri osasuntsuagoak eta berdeagoak eraikitzeko hainbat helburu ezarri dituztela. Besteak beste, helburuen artean daude herritarren bizitza, lan, mugikortasun eta aisialdi baldintzak garatu eta hobetzea.

Hirietako egoera aztertzen dabiltza 2011z geroztik. Ikerketak berebiziko garrantzia eskuratu zuen COVID-19ak eragindako pandemiaren ostean: «Konfinamenduak nabarmendu egin zituen lehendik hiri eremuetan antzemandako arazoak, eta aztertzeko premia sortu zuen».

Ikerketarako 65 adierazle hartu zituzten kontuan. Horien arabera, hirietako biztanleen %30 zaurgarriak dira hirian bizitzeak dakartzan baldintzengatik. Gainera, bizi itxaropen baxuagoa dute, hots: landa eremuko herritarrak baino hamar urte gutxiago bizi dira batez beste. Halaber, hirietako auzo eta zona pobreetan bizi ziren biztanleek ondorio larriagoak pairatu zituzten pandemian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.