Kirurgialaria zen ikasketaz, eta aitak sortutako Paulmy klinikan aritu zen lehenbizi. 1989an sartu zen politikan, Baionako hautetsi gisa, Henri Grenet aitarengandik Lapurdiko hiriburuko alkatetza jaso arte, 1995ean. Ordurako 36 urte ziren grenetarrek Baionan agintzen zutela, eta Jeanek hogei urtez eutsi zion aginteari. 55 urtez izan da Grenet bat Baionako alkate. 2002. urtean Frantziako Asanbleako diputatu ere izan zen, Pirinio Atlantikoetako 5. barrutian. 2012an, Colette Capdevielle sozialistak kendu zion lekua, legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulian gailenduta. Horrez gain, Alderdi Erradikaleko presidenteorde izan zen.
Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria Greneten lehen auzapezordea izan zen hogei urtez. Haren heriotzak «galera handia» eragin duela aipatu du sare sozialetan. «Harro nago haren ondoan egon izanaz, ongizate komunaren bilatzean». Ipar Euskal Herriko eta Frantziako arduradun politiko andanak omendu zuen atzo, tartean, Alain Rousset Akitania Berria eskualdeko presidenteak eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako departamenduko presidenteak.
Antieuskalduna izatea egotzi zaio maiz Greneti, euskal aurrizkia zuen ororen kontrako borrokalari sutsua zelakoan boterean zegoelarik. Honela adierazi zion BERRIAri 2018an: «Geroa ez da Europa federala, ez dut inondik ere sinesten. Kontserbadorea naiz, baina zinez sinesten dut Frantzia hexagonalarentzat frantsesa dela hizkuntza naturala». Hala ere, bere agintaldian, Baionako zenbait bide seinale euskaraz eta gaskoiez ematea onartu zuen. Azken urteetan, Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbidean urratsak egitearen alde agertu zen, presoen hurbilketaren alde. «Urrats oso garrantzitsua da, argi uzteko orria itzultzen ari dela, eta bi aldeetan dagoela bakea lortzeko nahikeria».
Kritikak eta polemikak
Kritika eta polemika ugari eragin izan ditu Jean Grenetek hogei urteko jardunean. Besteak beste, Baionako zezen plazan izandako zezenketen galera ekonomikoa diru publikoarekin tapatu izana leporatu zioten, baita haren hurbileko Peñak lokal publikoak lortzen lagundu izana ere. Baionako festen masifikazioaren erantzule nagusi gisa kontsideratzen da.
2005ean polemika handia sortu zuen Baionako bestetan gertatutako bortxaketen harira egindako adierazpenengatik. «Goizeko hiruretan gainekoa kenduta eta tangarekin dantza egitean errazago gertatzen dira bortxaketak», erran zuen. Honela azaldu zituen adierazpen haiek 2018an, BERRIAn: «Uste dut edozein gizarte eredutan izan direla harrapariak, eta beti izanen direla. [...] Guraso banintz, eta alaba nerabe bat banu, janzkera batzuk ez nituzke aholkatuko».
Jean Grenet
Hogei urte Baionaren agintean
Baionako auzapeza izan zen 1995etik 2014 arte, eta Frantziako Asanbleako diputatua 2002tik 2012ra bitarte. Pisu handia izan du Ipar Euskal Herriko politikagintzan. Atzo goizean zendu zen, 81 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu