«Borroka hau ez da langileon lan baldintzak hobetzeko, baizik eta komunitatearen ongizatea bermatzeko». Mikel Gerriko ikastola bateko irakasleak adierazi zuen, atzo hezkuntzan izandako grebaren harira Donostian egin zuten manifestazioan. Ikastolen Elkartearekin eta beste ikastola batzuekin adostu badute ere itzulera, baliabideen falta sumatu du: ratioak jaistea eta langile kopurua handitzea.
Grebarako arrazoiak, askotarikoak izan ziren atzo; helburua, berriz, bakarra: aurrez aurreko itzulera «segurua eta adostua» izatea. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deitu zuten grebara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan, eta milaka lagun elkartu ziren Gasteizko, Bilboko eta Donostiako kaleetan. Grebak eragina izan zuen eskola garraioan, jantokietan eta garbiketan ere, deialdia egin baitzuten hezkuntza arloko azpikontratetan ordezkaritza duten ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek ere. Hainbat ikasle mugimendu ere batu ziren mobilizazioetara. Nafarroan, greba ez, baina hezkuntza komunitatearen foroak, protesta moduan, giza katea egin zuen Iruñean.
«Babes oso zabala»
Horrelakoetan ohikoa denez, zenbaki dantza egon zen atzo ere. Sindikatuen arabera, greba egin zezakeen langileen %70ek egin zuten; Eusko Jaurlaritzak, berriz, datu apalagoa eman zuen: ikastetxe publikoetako irakasleen %41,9, eskolen %89ren informazioa izanda. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek ohar bidez azpimarratu zuten grebak «babes oso zabala» izan zuela. Mobilizazioak jarri zituzten adibidetzat. Sindikatuen arabera, 17.000 lagun bildu ziren: Bilbon, 8.000; Gasteizen, 5.000; eta Donostian, 4.000. Hezkuntza Sailari eskatu zioten bere gain hartzeko «egoerak eskatzen duen ardura», eta abian jartzeko aurrez aurreko ikasturte «segurua eta adostua» bermatzeko neurriak eta «osasuna eta kalitatezko hezkuntza» bermatzeko baliabideak. «Bestela, mobilizazioekin aurrera jarraitzea beste biderik ez digu utziko».
Greba egitea erabaki, eta Donostiara joan zirenetako bat da Mertxe Merino. Ikastetxe publiko bateko irakaslea da, eta ikasturtea «ezin martxan jarrita» hasi dutela azpimarratu zuen: «Ikasleak ohitu behar dira talde eta dinamika berrietara, lan egiteko modu desberdinak daude, maskarak, ilarak, ordutegiak moldatu behar izan ditugu...». Espazio eta irakasle gehiagoren beharra ikusten du: «Azken astean, hamalau edo hamabost matrikula berri izan ditugu. Horien beharrak ere bete egin behar dira, eta, oraingoz, ez dute ezer bidali horiek betetzeko».
Pandemiaren aurretik ezohikoak ziren irudiak utzi zituzten atzoko manifestazioek ere: maskarak eta distantzia mantentzeko ilarak. Donostiako manifestazioko ilara horietako batean zihoan Donibane Azkarate, ikastola bateko irakaslea. Arazoa, baliabideena baino gehiago, «estrukturala» dela dio, baina baditu eskaerak: ratioak jaistea, kontratazioak handitzea eta Jaurlaritzak harremanak finkatzea sindikatuekin eta eragileekin. Orain arte, «lehenengo olatuari eusten» ari direla uste du, baina egoera okertu daitekeen errezeloa du: «Uste dut iritsiko dela puntu bat non dauzkagun baliabideek ez duten emango beharrezko kalitatea eta segurtasuna bermatzeko».
Irakasleak ez dira baliabideak eskatu dituzten bakarrak. «Eskatzen ari garena da Hezkuntza Sailetik gu kontuan hartzea eta egin ez dutena egitea: plangintza bat egitea eta baliabide gehiago jartzea». Jantokietan aritzen den Maribel Alberdiren hitzak dira. Salatu zuen, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen esku utzi duela antolakuntza guztia, baina ez dituela horretarako baliabideak jarri. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak ere kritikatu ditu: «Lotsagarria izan da, eta oso bortitza guretzat».
Langileen eskaerekin bat egin zuten hainbat guraso ere baziren manifestazioan. Nahia Eguskizaga 2 urteko umea bizkarrean zuela zegoen. «Ez genekien oso ongi zein neurri hartuko ziren, eta gurasoak 2 urteko umeen egokitzapenean egon gintezkeen. Esan ziguten bilera bat egingo zela irailean irakasleekin, eta ez da egin». Ziurtasunik izan ez dutelako, umea eskolara ez eramatea erabaki dute, baina ez zaie irakasleei mintzo, Hezkuntza Sailari baizik: «Hona nator ulertzen dudalako hau guztia gertatu dela ez irakasleen borondate faltagatik, baizik eta agian baliabide gutxi jarri direlako eta informazio gutxi egon delako».
Antzeko eskaerak eta kezkak zituzten Bilboko manifestaziora joatea erabaki zutenek ere. «Ez dugu denborarik izan ezertarako», kexu zen Eli Mentxaka hezitzailea. Ikastetxe bakoitzeko «panorama» desberdina dela dioen arren, grebarako arrazoiak badaudela uste du: «Pentsatzen dugu hemen gaudenok ez gaudela guregatik bakarrik: ikasleen eta gurasoen osasunaren alde ere bagaude gaur hemen, eta hori da aldarrikapen nagusiena».
Irakasleek bakarrik ez
Hezkuntzarako eskubidea bermatzeko, lanean aritzen dira jantokietan, garraioan eta garbiketan ere. Atzo, ordea, greba eguna zuten. Agustina Peral jantokiko eta garraioko langileak eman zituen arrazoiak: «Oraindik jantokietan ratioak ez dira gutxitu. Umeak, oraingoz, jantokietan daude, baina askoz kopuru txikiagoan. Ondorioz, langile gutxiago daude».
Langileek ez ezik ikasleek ere zuzenean bizi izango dituzte sor daitezkeen gorabeherak. Ikama ikasle antolakundeko kidea da Markel Rio. Jaurlaritzak ikasleen aldarrikapenak ez dituela kontuan hartu nabarmendu zuen, baita ikastetxeetako egoera salatu ere: «Gehienetan, ez dago gutxieneko baldintzarik ikasgeletara modu duin batean itzultzeko».
Koronabirusa. Greba hezkuntzan
Hezkuntzako langileek greba egin dute, itzulera «segurua eta adostua» eskatzeko
Sindikatuen arabera, %70eko erantzuna izan du; Hezkuntza Sailak, berriz, datu apalagoa eman zuen: %41,9. Protestak egin zituzten Hegoaldeko hiriburuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu