Bidegurutze bat eta galdera bat: gaur egungo telebista ereduak modu egokian erantzuten al die EITBren sorrera legeak zehazturiko helburuei eta dugun errealitate soziolinguistikoari? EITBren etorkizu- naz, soziolinguistikaren talaiatik txostenean egindako galderari Kike Amonarriz soziolinguistak berak erantzuten dio: «Nire iritzian, erantzuna ezezkoa da, eta aldaketa sakonak behar dira». Txostenean jasotako planteamenduei datu eta iritzi batzuk gehitu dizkio Amonarrizek, eta kezkaz mintzatu da: «EITBren eskaintzan, ETB2koa gailentzen zaio nabarmen ETB1ekoari: arratsaldeko programazioan, albistegietan edo saio nagusietan erdarazko katearen aldeko desoreka handia da».
EITB sortu zenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazte euskaldunak ez ziren %20ra iristen. Gaur egun 24 urte azpikoetan, euskara ulertzen ez dutenak %6 baino ez dira. «ETB2ko ikusleen artean euskaldunak eta elebidun hartzaileak gehiengoa dira, EITBk egoera berrira egokitu behar du», uste du Amonarrizek. «Euskaraldiak planteatu duen hizkuntza ohituren aldaketa bere buruari aplikatu eta hamarkadatako inertzia linguistikoak hautsi behar ditu EITBk». Bidegurutzea agerikoa da, soziolinguistaren iritziz: «Edo euskara bilakatzen da EITBren hizkuntza nagusia eta lehentasunezkoa, eta orduan ekarpen garrantzitsua egingo dio hizkuntzaren normalizazio prozesuari, edo oraingo eskemarekin jarraituz gero, gizarteari eta batez ere euskararen ulermenaren unibertsalizaziotik gertu dagoen belaunaldi gazteari adieraziko diogu euskara bigarren mailako hizkuntza periferikoa dela, beronen subordinazioa indartuz».
EITBren ardatza ETB1 izatea erabaki beharko litzateke, Amonarrizen ikuspuntuaren arabera, «denbora epe» eta «bide orri» batekin. Txostenean jaso duenez, ETB1en eta ETB3ren programazioa osatu eta indartu egin beharko lirateke. Pausoak hauek lirateke: «ETB1eko albistegiei ETB2ko albistegien garrantzi eta iraupen berbera ematea, eta ordutegian dauden desoreka nabarmenak konpontzea; ETB1eko arratsaldea indartu eta baliabidez hornitu. Desoreka nabarmena dago euskarazko eskaintzaren eta erdarazkoaren artean; fikzioaren beharra nabarmena da; ETB1ek eduki sektorialagoak eskaintzen jarraitu behar du —adibidez, Teknopolis—; ETB3 berritu eta sustatu behar da, eta haurren artean erreferentzia berriak sortu».
Amonarrizen arabera, aldaketa prozesuaren inflexio puntua albistegiek programazioan duten kokapenak marka dezake: «Egun, ETB2ko gaueko albistegiak du zentraltasun osoa, eta bi kateetako prime time-ko programazioa horren arabera antolatzen da, ETB1eko audientziaren jarraikortasuna kaltetuz».
Euskaraldiaren bidetik
Amonarrizek argi du: «EITB da, eta izango da, euskarazko ikus-entzunezko edukien ekoizle, motor eta eragilerik nagusia. Eta fase berri honetan, beste hizkuntzetako eskaintza erraldoia orekatze aldera, hainbat eskaintza eta programa mota euskaraz egin beharko lirateke beti, eta egoki den kasuetan, ondoren bikoiztu edo azpititulatu».
Eraldaketa prozesuari ekiten bazaio, bikoizketak eta azpidatzean oso bitarteko garrantzitsuak izango direla iruditzen zaio. «Bai kanpoko ekoizpenak euskarara ekartzeko, baina baita euskarazko ekoizpenak eta euskaldunak ETB2n ikusarazteko ere». Euskaraldiko rolei egin dio erreferentzia, bide batez: «Belarriprestak ETB1era inkorporatu nahi baditugu, eta ahobiziak ETB2ra, azpidatziak edo bikoizketak ezinbestekoak izango dira». Txostenean eskatu du ETB2, ETB Sat eta Radio Euskadi «nabarmen» euskaldundu behar direla, euskaldunen eta euskarazko adierazpideei eta edukiei leku handiagoa eskainiz. «Hizkuntza eskemaren aldaketari begira, Euskaraldian lortu den kontsentsu soziopolitikoaren antzeko bat lortu beharko litzateke».
Ezinbestekotzat jo du Amonarrizek arriskatzea eta esperimentatzea: «Profil propioa landu behar du EITBk, bere eskaintza bereziz, betiere helburu nagusia euskarazko kateen ikusle kopurua nabarmen handitzea izanik».
ETB1 ardatz duen ETB bat
Kike Amonarrizek 'EITBren etorkizunaz, soziolinguistikaren talaiatik' txostena aurkeztu zuen azaroan legebiltzarrean. Euskarazko edukiei lehentasuna ematea proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu