Taldearen izena ez da oso inspiratua, ezta bere proposamenaren definitzaile egokia ere: The Saxophones. Deitura horrekin, izan zitekeen jazz banda bat edo musika garaikidea egiten duen ensemble bat, baina Alexi Erenkov (ahotsa, gitarra, saxofoia eta flauta) eta Alison Alderdice (ahotsa eta perkusioa) senar-emazteek osatzen duten taldeak —Richard Lawsek (baxua, sintetizadoreak) laguntzen ditu— bestelako koloreak eta doinuak biltzen ditu bere musikara, nahiz eta haietako bakar batek ere ez lukeen definituko The Saxophonesen musika bere osotasunean: ganbera popa, countrya, soula, soft-popa...
Eta, hala ere, jazza izan zuen jatorrian oinarri The Saxophonesek,Erenkov jazz ikaslea baitzen proiektuari heldu aurretik. Musika horrek, ordea, ez zion baliabiderik ematen bere adierazteko gogoari, taldearen Bandcampean idatzi duenez, unibertsitate ikasketetako musika konponketa konplexuetatik aske aritu nahi baitzuen. Alderdice perkusioarekin Erenkovi batu zitzaionean, berriz, bakarkako proiektua zena talde bilakatu zen. The Saxophones izena bera ere nolabaiteko txantxa moduan hartu zuten. «Musika ikasketak egin ondoren, bazter utzi nuen saxofoia. Ezin nuen jasan, iruditzen zitzaidalako kategoria batera mugatzen ninduela. Jotzen ikasi nuen; teknikoki, menderatzen nuen tresna, baina, halere, sentitzen nuen ez zidala ezer originala ematen». Gerora, ordea, eta «jazz konpositore eta musikari» etiketa gainetik kenduta, berriro heldu zion saxoari Erenkovek, nahi zuena egiteko «askatasunez».
The Saxophonesek 2018an hasi zuen bidea, Songs of The Saxophones diskoarekin, eta lan hartan definituta gelditu ziren taldeak landuko zituen bideak. Ordurako agerikoa zen Erenkovek eta Alderdicek 1950eko hamarkadako melodia eta harmoniekiko duten zaletasuna, eta joera retro hori saxo, flauta, bibrafono eta bestelako tresnen erabilerak indartzen zuen. Erenkovek onartu du 50eko hamarkadako soinu eta estetiken «erabateko nostalgia» duela, nahiz eta ez duen nahi garai hura idealizatu: «Badakit 50eko hamarkada zaila izan zela AEBetan, eta baita mundu osoan ere. AEBetan arrazaren araberako segregazioa ikaragarria zen, eta, zuriek pribilegioak zituzten bitartean, herritar beltzak erabat ukatuak zeuden. Ez dut garaia ideializatzen, baina, hori une batez albo batera uzten badugu, ikusiko dugu musika eta estetika izugarri ondo etorri zirela bat».
[youtube]https://youtu.be/_ueepVVGWyI[/youtube]
Hain zuzen ere, The Saxophonesekin, hasieratik, melodia argi eta gozoekin ideia edo pentsamendu ilunagoak biltzeko nahi bat ere izan duela adierazi du Erenkovek. «David Lynchek oso ondo ulertu zuen 1950eko hamarkada. Irudi garbi eta zaindu horren atzean gauza beldurgarriak ezkutatzen dira». Berari ere gustatzen zaio horrekin jokatzea eta gai ilunak azal lasai eta goxoekin zabaltzea: «Gustatzen zait ideia sakonak dituen musika entzunerraza».
Izan zen, taldearen lehenengo diskoari zerion dotorezia nabarmenduta, The Saxophonesen musika Tindersticksenarekin alderatu zuenik, nahiz eta Stuart Staplesen taldearen proposamena beti izan den melodramatikoagoa, eta The Saxophonesena, berriz, malenkoniatsuagoa eta baita soilagoa ere. «Minimalista», Erenkoven iritziz. «Zahartzen ari garen heinean, gure bizitzak konplikatuagoak bihurtzen dira, eta musika babesleku bat da, dena sinplifikatzen dugun espazio bat. Saiatzen gara ahalik eta modu sinpleenean adierazten esan nahi duguna».
Talde lana
Lehenengo diskoa kaleratu eta bi urtera iritsi da Eternity Bay, The Saxophonesen bigarrena. Aurrekoari jarraipena emanda ere, lan berrian beste soinu paleta batzuk sartzen saiatu dela aitortu du Erenkovek. Nahiz eta ez zaion erraza egin. «Elementu berriak gehitzea beti da arazo niretzat, aldaketari beldurra diodalako. Baina, aldi berean, ohartzen naiz beharrezkoa dela, eta ez kontu dramatiko bat».
Eternity Bay-n mantentzen da 50eko hamarkadarekiko obsesio hori, baina countryaren, pop sofistikatuaren eta musika brasildarraren aztarnak antzematen dira hainbat kantutan. Nahiz eta estilo horietara oso modu pertsonalean gerturatzen den taldea. Hala, Forgot my Mantra leunean ez da zaila Lambchopen eragina antzematea; Take My Fantasy soft-pop harribitxi bat da; eta Anymore egon zitekeen Caetano Velosok Londresko erbestealdian grabatutako diskoan. Erenkovek ez ditu ezkutatzen diskoan eragin duten musikarien izenak: «Jonathan Richman, Caetano Veloso, Chico Buarque.... beste musikari brasildar batzuk ere bai, eta baita Elton John ere. Diskoa idatzi genuenean asko entzuten genituen».
[youtube]https://youtu.be/7BkauhdPefs[/youtube]
Lehenengo diskoa Erenkovek berak idatzi zuen oso-osorik, baina bigarrenean taldekideen parte hartzea askoz handiagoa izan da, nahiz eta kantuak bereak diren oraingoan ere. «Taldekideen ideia asko daude diskoan. Alisonek, adibidez, perkusioari lotutako elementu asko ekarri zituen, eta Richard Lawsek, berriz, sintetizadoreei lotutako konponketa ugari».
Horrek berak taldean bertan ere eragina izan duela adierazi du Alderdicek. «Eternity Bay-n elkarrekin egin dugu lan. Uste dut denok aurkitu dugula gure lekua taldean, eta badakigula zertan egin diezaiekegun ekarpena Alexiren kantuei». Eta esaldi borobil batekin laburbildu du sentipen hori: «Eternity Bay talde baten jaiotza agiria da. Benetako talde batena».