Pentsatzekoa da idazle batengana hurbiltzeko biderik onena, edo zintzoena behintzat, haren idazlanetara jotzea dela. Ursula K. Le Guin ezagutzeko eta haren izaera txinpartatsuaren, suhartasunaren eta konpromisoaren berri izateko, ordea, aski da 2014ko National Book Award sarietan eman zuen hitzaldiari erreparatzea, bere langintza osoaren metonimiatzat har baitaiteke. Idazlea sariagatik eskertuta eta apalik agertu zen, baina hasierako hitz goxoak erreibindikazio politiko zorrotzekin uztartu zituen berehalakoan. Gogor salatu zuen, besteak beste, Amazonen jarduna, batik bat enpresak mundu editorialean egindako esku hartzeak eta izandako eragin kaltegarria. Liburuak, Le Guinen esanetan, ez dira salgai hutsak, eta sarri askotan artearen beraren helburuak mozkinen kontrakarrean etortzen dira. Bere atriletik, 85 urteko andreak kritika antikapitalista gogorra egin zuen, eta bere esaldirik ospetsuenetako bat bota zuen: «Kapitalismoan bizi gara, eta haren ahalmenak atzeraezina dirudi, baina halakoa zen erregeen botere zerutarra ere. Edozein giza botere erresistitu eta alda dezakete gizakiek».
Hitzaldiaren parterik ederrenetako batean, Le Guinek argi adierazten du zer jarrera duen literaturaren eta idazketaren inguruan: «Garai latzak datoz, eta behar-beharrezkoak izango ditugu gaurko bizimoldearen alternatibak ikusteko gauza diren idazleen ahotsak, gure gizartearen beldurretik eta haren obsesiozko teknologietatik harago begiratu eta beste biziera batzuk ikusteko, baita itxaropen errealak imajinatzeko ere. Askatasuna gogoratzeko gauza izango diren idazleak beharko ditugu —poetak, ameslariak—, errealitate zabalago baten idazle errealistak». Fantasia eta zientzia fikzioa merke-zurreko eskapismoaren zakuan sartzen dituztenen kontrako argudio petoa da Le Guin, beti defendatu eta duindu baitzuen, hala hitzez nola ekintzaz, genero sarritan gutxietsion eta bertan diharduten idazleen balioa. Le Guinen obra osoa, kritikak goretsia eta publikoak maitatua, generoaren beraren duingarria da.
Halere, Le Guinek ez zituen fantasia eta zientzia fikzioa aparteko kategoria gisa entenditzen; harentzat, imajinazioa luzatu eta errealitate zabalago edo areagotu hori harrapatzean zetzan bere idazletza. Fantasian eta zientzia fikzioan, worldbuilding edo mundugintza esaten zaio bestelako unibertso literarioak sortu, jantzi eta aberasteko jardunari. Le Guinen mundugintza ikaragarri oparoa da, hainbat unibertso edo ziklotan bereizi baitzituen bere idazlanik ospetsuenak, eta soltean ere idatzi zituen makina bat. Munduotan oparoena eta alerik laudatuenak ekarri dizkiona Ekumenaren zientzia fikziozko zikloa da. Hainbat nobela, istorio eta nouvelle girotu ditu unibertso horretan, horien artean The Left Hand of Darkness (Iluntasunaren esku ezkerra) eta The Dispossessed (Gabetuak) eleberriak, ziur aski bere lanik goretsienak, baita Oihan hitzean mundua ere. Bestalde, akaso Earthsea (Itsaslur) fantasiazko zikloa izango da idazlearen sagarik ezagunena. Itsaslurreko artxipelagoan girotutako bost nobelak eta ipuin liburu batek osatzen dute, eta literatura fantastiko klasikoaren erreferente dira. Ugariak eta sakonak dira Le Guinen mundu guztiak, eta bere ziklo nagusietatik kanpo ere badira harribitxi ugari.
Unibertso solteak
Mundugintzaren kontzeptuak Le Guinenean nolako garrantzia duen konprenitzeko, Always coming home (Beti etxera itzultzen) liburu hibridoa da agian egokiena. Etorkizuneko kultura asmatu baten deskribapen xehea da, patxadaz irakurtzeko fikziozko saiakera-suerte bat —mundugintza hutsa, alegia—, zeinean Le Guinek brida guztiak kentzen baitizkio bere interes antropologikoari. Liburu horretan nabaritzen zaio mundugintza duela Le Guinek bere benetako genero literarioa. Antropologoak zituen guraso biak, AEBetako biztanle natiboen inguruko ikerketan aritutakoak, eta bere liburu guztietan antzematen zaio hori, xehetasun kultural, soziologiko eta antropologikoz beteak baitaude bere unibertso guztiak, eta munduko garai eta leku guztietako kulturen eta mitologien eraginak antzematen baitzaizkie. Hain da zabala eta sakona Le Guinen mundugintza, eta hain konprometitua haren begirada, orotariko aldarrikapen politikoek blaitzen baitute haren obra osoa, hasi antikolonialismotik eta ekologismotik (Oihan hitzean mundua) feminismora (Iluntasunaren esku ezkerra) eta anarkismora (Gabetuak), beste asko beste.
Zenbaitetan, erreibindikazio horiek forma literario landuak hartzen dituzte oso, eta hortxe distiratzen du Le Guinek bizi-bizi. Halakoxe lanketa dauka 2008ko Lavinia eleberriak, argitaratu zuen azkenak. Fantasia aldera lerratzen den kontakizun solte bat da, Virgilioren Eneida poema epikoko pertsonaia bat duena protagonista eta narratzaile, Lavinia, Latino erregearen alaba. Jatorrizko epikan duen presentzia murritza orekatzeko helburuz idatzi zuen Le Guinek, pertsonaiari boz propioa eman eta bere istorioa konta zezan. Bada, boz propioa emate horrek ardazten du joko literario guztia. Lavinia bere ahotsaz kontziente da, eta nahita erabiltzen du bere bizitza kontatzeko, baina orobat daki etorkizuneko poeta batek idatziko duela berari buruz. Geroaldiko Virgiliorekin komunikatzen da ametsetan, hura poema idazten ari den bitartean. Badaki poeta horrek ematen edo emango diola izatea. Izate hori, ordea, eskasa izango da, ia ahotsik gabeko izate bat, eta horregatik enplegatu behar du ahotsa bere bizitzaren narrazioa taxutzeko. «Badakit nor nintzen, esan dezaket nor izan nintekeen, baina, orain, idazten ari naizen hitz lerro hau bakarrik naiz». Joko metaliterario eder, sotil eta indartsu bat, fantasiaren xendretatik baino ezin eskura daitekeena.