Plutonioa han da oraindik

David Beriainek hil aurretik ekoitzi zituen lanetako bat da 'Palomares' dokumental saioa. 1966an gertatu zen istripu nuklearraren ingurukoak argitara ematen ditu, lau ataletan.

Palomaresko (Almeria, Espainia) ikerlari bat, dokumental saioaren fotograma batean. MOVISTAR PLUS.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Berriki desklasifikatutako agiri eta materialak, 1966an Ameriketako Estatu Batuetako armadatik Palomaresera (Espainia) joan zirenekin elkarrizketak, herri horren auzokideen hitzak, ikerlarienak eta itzalpean izan duten istripu nuklear baten inguruko xehetasunak argitara. Hori eta gehiago eskaintzen du Palomares dokumental saioak. Movistar Plusen daude lau atalak ikusgai.

David Beriain kazetari nafarraren —Roberto Frailerekin batera hil zuten Burkina Fason, apirilaren 26an— ekimenez sortutako proiektua da Palomares, eta bera zen ekoizle eragileetako bat. 93 metros Nafarroako ekoiztetxearen lan bat da. «Daviden proiektua zen», azaldu du Marias Rekarte 93 metros ekoiztetxeko eta Palomares-eko ekoizle eragileak. «Beriainek jaurtitzen zituen ideia horietako bat zen: buruan berehala egituratzen zuen ikus-entzunezko thriller baten gisan, eta historiako pasarte bat orain gertatu balitz bezala kontatzeko».

Beriainek proiektuko istorioaren sorreran parte hartu zuen, baita tramen garapenean eta atalen ekoizpen eragilean ere. Ezin izan zuen azkeneko atala amaituta ikusi —bukaerako kredituetan Beriaini eta Fraileri eskainitako hitzak daude—.

Herritar askoren iruditerian Manuel Fraga ministro frankistak Palomaresko uretan hartu zuen bainua dago. Baina istripu nuklear haren ondorioak bere horretan daude 55 urte geroago: plutonioa Palomaresko lurretan dago oraindik ere. Herri horretako biztanleek azkeneko atalean nabarmentzen dute zenbait hamarkadatan ez zietela erradioaktibitateaz ezer esan. Antonia Flores alkatea eta herritarrak 1980ko hamarkadan altxatu ziren arte.

Rekartek aitortu du zailtasunak izan dituztela duela 55 urteko gertakari bat berreskuratzeko. «Ez zen erraza izan gertaerak lehen pertsonan bizi izan eta ondo kontatzeko modua dutenak topatzea». Baina lortu dute. «Ikerketa taldearen ahaleginak bere fruituak eman ditu, eta pozik gaude emaitzarekin», dio Rekartek.

Dokumental saioaren zuzendaria Alvaro Ron da. «Dokumentalen hizkuntza eta fikzioarena ulertuko dituen zuzendari bat behar genuen». Izan ere, lehen ataletan garrantzi handia dauka aktoreekin egiten dituzte birsorketak. Zainduak oso. «Istorioaren eta protagonisten errealitatearekin sentsiblea izango ziren lankideak behar genituen, eta taldeak asmatu egin du genero hibridoarekin». Rekartek gogorarazi du Beriainek haren pasioa transmititzen ziela lantaldeei.

AEBetako bi hegazkinen arteko istripua gertatu zenean, lau bonba nuklear erori ziren Almeriako herrixkara. Aurreneko hiru bonbak hurrengo egunetan aurkitu zituzten. Baina laugarren bonba ez zen inon agertzen. Dokumental saioak suspensea sortzen du laugarren bonbaren bilaketaren inguruan. Itsasora erori zela jakin zuten gero, baina ez zen kontu makala hura aurkitzea. Rekartek duen sentimendua da herritar gehienentzat ezezaguna dela Palomaraseko istripu nuklearra. «Fragaren bainuaren argazki ikonikoak ezkutatzen zuen Espainia Gerra Hotzaren eszenatoki garrantzitsua izan zela». Laugarren bonba itsasoan zegoela jakin zenean, Sobietar Batasuneko itsas ontzi bat handik gertu ibili zen.

Rekartek hau gaineratu du: «Bonba nuklearrak lehertu izan balira, ondorioak kalkulaezinak izango lirateke. Garai hartako zentsurak eta gardentasunik ezak, eta ondorengo gobernuen interes faltak eragin du Palomaresko herritarrentzat soilik egotea istorioa bizirik». Nekazariei hamarkada batzuk geroago esan zieten haien lurretan ezin zutela landatu. Erradioaktibitatea duten lurren ondoan bizi dira egun.

Saioaren grabaketak Almerian, AEBetan eta Ingalaterran egin dituzte. Auzia gehien ikertu dituztenak elkarrizketatu dituzte. Eta 93 metros ekoiztetxeko arduradunek itxaropena dute Palomares-ek nazioartean bidaiatu ahal izatea, Movistar Pluseko estreinaldiaren ostean. «Testuingurua unibertsala da». Beriain zenaren lan guztietan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.