Praga zaharraz errauts artetik

XVI. eta XVII. mendeetako Praga juduaz ari da Leo Perutz 'Gauez harrizko zubiaren azpian' eleberrian. Euskarara ekarri berri dute J.O. Olaizola 'Txiliku'-k eta Joxe Mari Berasategik.

1924an idazten hasi, eta 1953an argitaratu zuen Leo Perutzek Gauez harrizko zubiaren azpian eleberria. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Badira historiaren gorabeheretan joan-etorrian bizi diren idazleak, orain lehen lerroan, orain itzalean bizi direnak. Leo Perutz, horietako bat. 1882an jaio zen, Pragan, eta idazle oso garrantzitsua izatera heldu bazen ere, bolada batez itzalita izan zen ondoren haren izena. Jesus Mari Olaizola Txiliku: «Ez da idazle txekiarren artean agertzen. Zergatik? Alemaniaz idatzi zuelako? Hor daukagu Kafka ere. Idazten hasi zenean dagoeneko Vienan zegoelako eta nolabait hangoa delako? Beharbada hori izango da». Jatorri judukoa izanik, bere liburuak debekatuak izan ziren XX. mende erdialdeko Alemanian, baita Austrian ere. Eta egilea bera ere ohartu zen bere izenaren desagertzeaz. 1949an idatzi zuen: «Benetan erabakigarri diren faktoreek —garaia, kritika, argitaratzaileak eta literaturaren historia— dagoeneko existitzen ez den batentzat hartu naute. Are, inoiz existitu ez den batentzat. Ziurrenik, 40 urte barru berpiztuko naiz». Eta, nolabait, baita berpiztu ere. 1980ko hamarkadan, berriz sona hartu zuen literatur hizkuntza askotara iritsiz. Gauez harrizko zubiaren azpian nobela izan zen horietako bat, eta asteon heldu da euskarara, Txilikuren eta Joxe Mari Berasategiren itzulpenarekin.

Familiaren tela fabrika bati jarraika heldu zen Perutz Pragatik Vienara. Eta hor hasi zen haren idazle bizitza, Txilikuren arabera. Ikasle ona ez bazen ere, matematika ikasketak egiten hasi zen familiaren babesean, eta hala aritu zen, 25-33 urte zitueneko tartean: aseguru etxe bateko lanaren eta Vienako kafetegietako inguru bohemioaren artean. Baina piztu zen Lehen Mundu Gerra, heldu zen Depresio Handia. Austria-Hungariako Inperioa desegin zen, eta horrek asko mindu zuen idazlea: «Beti nazionalismoaren kontra egon zen, baita patriotismoaren kontra ere. Esaten zuen horrek hondatu zuela Europa». Parte hartu zuen gerran, ekialdeko frontean, eta, tiro bat jasota, larri gaixotu zen. Urtebete igaro zuen sendatzen, eta, bitartean, literatur sena sendotzen. «Garai hori da, 1918tik 1928ra bitartekoa, Perutzen garrantzizko aldia. Nor zen alemanezko literaturan, Austrian eta Alemanian. Bestseller liburuak egiten zituen norbait zen».

Aldi horretan hasi zen Gauez harrizko zubiaren azpian idazten, 1924an. Ondorengo urteetan, baina, bertan behera geratu zen proiektua. Edo geldi, bederen. Berasategiren aburuz, «ez dago azalpen garbirik jakiteko zergatik; faktore asko izango ziren». Izan ere, aldaketa handiko urteak izan ziren ondorengoak: 1928an, Perutzen emazte Ida zendu zen; idazle gisa etorkizunik ez zuela pentsatzen hasi zen; eta antisemitismoak indarra hartu zuen, lehenengo Alemanian, eta, handik gutxira, Austrian. Juduen lantegiak itxi eta beren liburuak debekatu zituen nazismoak. Hala, Perutzen familia osoak Palestinara emigratu zuen 1934an. Ongietorria egin zioten, baita Pen Clubeko kide izendatu ere, baina hark Europaren herriminez segitzen zuen, Txilikuren esanetan. «Alemanez idazten jarraitu zuen momentu oso larri batean. Tel Aviven bizi zen, eta han etsaien hizkuntza zen hori».

Bigarren Mundu Gerra amaitutakoan, Vienara itzultzen saiatu zen, baina 1950era arte ez zioten baimendu. Lortu zuenean, beste hiri batekin egin zuen topo: bazuen lehengo ospearen arrastoren bat, baina ez zen lehengo Viena. «Juduentzat oso alemana baldin bazen, austriarrentzat oso judua zen», Txilikuren hitzetan.

Istorioz istorio, nobela bat

Orain artean, Bederatzietatik bederatzietara (1918) izan da euskaraz irakur zitekeen Perutzen lan bakarra, Anton Garikanok itzulia. Eleberri bat da, eta hala da Gauez harrizko zubiaren azpian ere, lehen begiratuan, istorio bilduma baten antza duen arren. Epilogoarekin, hamabost istorio dira; egileak zioenez, «pentsa zitekeen hurrenkera posible bakarrean» ezarrita daudenak.

Nobela historikoa da, eta Praga zaharreko kondaira, esaera eta elezaharretatik edaten du. XVI. eta XVII. mendeetako biztanleak dira protagonistak, baina Jakob Maisel izeneko haien ondorengo batek kontatzen du, XX. mendearen erdialdetik, Pragako auzo judua suntsitu eta dena errauts egin zuten sasoitik. Hala, kultura baten gainbeheraz ari da nobela, hamaika gairi leku eginez: heriotza izurria, ustelkeria, baztertuen zoritxarra, artista bohemioaren azken nahia, alaitasuna, galtzaileak sasian eta beste. Berasategi: «Hori guztia umore malenkoniatsuzko saldatan egosia; Pragako kultura azkenduaren etsipenez gatz-ozpindua».

Urte batzuen ondoren, 1943an, ekin zion Perutzek berriz lanari. Hala azaldu zien egileak berak lagunei: «Amaitzeko falta zaizkidan bi istorio laburrekin borrokan ari naiz, ezinbestekoak baitira osotasunari kohesioa emateko; hau da, Praga zaharreko dozena bat istoriotatik Mordechai Meislen eta Rudolf II.aren eleberria sortzeko». Sei urte behar izan zituen bi narrazio horiek osatzeko: Argitxo iraunargia eta Asael aingerua. 1951rako amaituta zeukan, baina «juduen gaia» izateak argitaratzea zailduko zion ustea baieztatu zion argitaratzaileak.1953an argitaratu zen azkenean.Kritikaren laudorioak jaso bai, baina irakurleek ez zioten harrera berorik egin. Berasategiren hitzetan, «tokitan zegoen 1920ko hamarkadako idazle arrakastatsu bestseller idazlea».

Txilikuren «obsesioak» abiatu zuen Perutzen lan hau euskarara ekartzeko itzulpen lana. Berasategiren izena aipatu zion Xabier Mendiguren editoreak, eta hor hasi zen bien elkarlana. Azaldu dutenez, Perutzen «erregistro jaso, jori, eta, aldi berean, herrikoi-ahozkoa» euskarara nola ekarri izan dute erronka. «Trebetasun miresgarria erakusten du esaldi luze eta laburren konbinazioan; eten eta jauzi ustekabekoekin, eta gozamen hutsezko trosta arinean eramaten zaitu egitura horien gainean, zangalatrau, unean-unean behar duen erritmo egokian», Berasategiren esanetan. Lexikoan ere izan dute desafioa: «XVI.-XVII. mendeetako zahar kutsuari eustea, baina XXI. menderako modernotasun zaharberritu baten xerka».

Bestalde, nobela osoan ageri dira judaismoa eta haren irakurgai sakratuak, ikurrak, errituak, pertsonaia historikoak... Horiek nola eman eta non jarri adosteko, lanak izan dituzte; eta glosario batean jarri dituzte azkenean, liburuaren atzealdean eta hurrenkera alfabetikoan. Haren atzetik, gibel-solas batek borobiltzen du liburua.

Nobelaren beste ezaugarri bat da esamolde, atsotitz eta bertso errimatuen ugaritasuna. «Ukia, soinua, kolorea, usaina eta zaporea» ematen diote nobelari, Berasategiren iritzian. Hori ahal beste errespetatzearen aldeko hautua egin dute itzultzaileek, batik bat euskal literaturak eta bertsolaritzak eraikitako tradizioa baliatuta. Alemanezko esaldi bat jarri zuen adibidetzat Berasategik: «Hitzez hitz honela esango litzateke: 'Diruak poltsikoan txin-txin egiten digunean, ez da guretzat mundu ederragorik'. Txukun geratzen da, ezta? Baina errima? Orduan: 'Poltsikoan dugularik dirua txin-txin, guretzat mundu ederragorik ezin'. Ez zagok gaizki! Baina ez. Zeinekin gelditu ginen? 'Txin-txin, txin-txin, beterik dut poltsa, horrexek ematen dit maitia mundu honetan poza'. Bada, hor dago liburu honen kolorea, zaporea, doinua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.