Telesforo Monzonek eta Txillardegik, arrazoi politikoengatik, Frantziatik alde egiteko agindua jaso zuten 1971ko maiatzaren 9an, orain dela 50 urte. Hilaren 20an gose greba hasi zuten Baionako katedralean, eta 28an, Frantziako prefeta negoziatzeko prest azaldu zen: bi idazleek Euskal Herritik kanpo bizi beharko zuten sei hilabetez. Okzitaniako Armagnac eskualdeko Nogaro herrian etxalde bat alokatu zuten, eta elkarrekin egon ziren ekainetik azarora bitartean.
Jasone Osoro, Asel Luzarraga eta Xabier Etxaniz Rojo jaio ziren urte hartan. Joxe Azurmendik Hitz berdeak poema liburua argitaratu zuen; Amaia Lasak eta Mikel Lasak, Poema bilduma, eta Anjel Lertxundik, Ajea du Urturik.
Bi urte lehenago plazaratu ziren, 1969an, Txillardegiren Elsa Scheelen, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako, Joxan Artzeren Isturitzetik Tolosan barru eta Ibon Sarasolaren Poemagintza liburuak; eta 1970ean, Gabriel Arestiren Harrizko herri hau, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean.
Hori zen urte haietako giroa euskal letretan. Baina orduan zer literatura egiten zen munduan? Zein liburu plazaratu ziren zehazki 1971n? Munduko hizkuntzak zazpi mila direnez, ezinezkoa da gutxi gorabehera ere laburbiltzea. Hala eta guztiz ere, mendebalekoak deitzen diren kultura batzuetako liburutegiei erreparatzea nahikoa da ideia txiki bat egiteko.
Italian, esate baterako, bi eleberrik ematen dute atentzioa. Nanni Balestriniren Den-dena nahi dugu nobelan Fiat automobil fabrikako langileen borrokak eta kontzientzia hartzea kontatzen dira. Fernando Reyk euskaratu zuen 2019an, Katakrakentzat. Gainera, durduzagarria da Leonardo Sciasciaren Il contesto. Norbait epaileak eta fiskalak bata bestearen atzetik hiltzen ari da, baina, Rogas poliziak ikerketa oso aurreratuta duela uste duenean, nagusiek agindu diote bertan behera utz dezan. Nola liteke? Zer ote dago sakonean, boterearen sukaldean?
Europako beste zenbait ale
Londresen argitaratu zen Fred Uhlman idazle alemaniarraren lehen eleberria: Reunion. Mediku judu baten semearen eta gazte aristokrata baten adiskidetasun ezinezkoa kontatzen du, erregimen naziaren sorreran. Talde argazkia andrearekin nobelari buruz Heinrich Bollek zera esan zuen: «Andre alemaniar baten patua marrazten saiatu naiz, 50 urtetik hurbil dagoena eta 1922 eta 1970 arteko historiaren pisua berarengan eraman behar izan duena». Eta Ingeborg Bachmannen Malina eleberriak idazle baten istorioaz dihardu.
Bohumil Hrabal txekiarraren nobelako protagonista gazteak hala dio izenburuan: Ingalaterrako erregea zerbitzatu nuen; hoteletan lanean, azkar asko ikasi du zenbatekoa den diruaren boterea. Aleksandr Solzhenitsinen 1914ko abuztua liburua Errusiako Armada Inperialaren porrotari buruzkoa da, Ekialdeko Prusiako Tannenbergeko guduan. Eta Ismail Kadareren Harrizko hiriaren kronika nobelan, haur batek Albaniako hiri batean Bigarren Mundu Gerran izandako bizipenez jarduten du.
Liburu bitxia da Albert Camusen La mort heureuse (Zorioneko heriotza). Berez, hark idatzitako aurreneko eleberria da, 1930eko hamarkadan; baina idazlea hil eta 11 urte geroago argitaratu zen, 1971n. Arrotza nobelan bezalaxe, protagonistak gizon bat hilko du; eta ia berbera dauka abizena: Mersault batean eta Meursault bestean. Sylvia Plathen Crossing the Water poema liburua ere idazlea hil ondoren apailatu zuten, 34 olerkiz, Londresen. Eta berdin, E.M. Forster hil eta hurrengo urtean agertu zen Maurice, amodio homosexual baten istorioa.
AEBetako liburuak
Don De Lilloren lehen nobela da Americana. Telebistako exekutibo gazte bat du pertsonaia nagusia, abangoardiako dokumental bat filmatzeko asmotan dena, AEBetako herri txikietako jendearengan aurkituko duelakoan amerikarren izaeraren funtsa. Joyce Carol Oates idazleak zera esan zuen nobela horri buruz: «Nik irakurritako lehen eleberrien artean harrigarri eta sofistikatuenetako bat da».
Oatesek ere urte hartan bertan argitaratu zuen Wonderland. Jesse Vogelen bizipenak dira, 1929ko krisi garaian haurtzaroan hasi eta 1960ko azken urteetan buka; Book Award sarietan finalista izan zen, baina Flannery O'Connorren The Complete Stories izan zen garailea. Berebat, finalean izan ziren Cynthia Ozicken The Pagan Rabbi and Other Stories, Earl Thopsonen A Garden of Sand, eta E.L. Doctorowen The Book of Daniel. Benetako gertakarietan oinarrituta, Doctorow idazleak Rosenberg senar-emazteen istorioa kontatzen du (eleberrian, Isaacson abizenez), nola epaitu eta exekutatu zituzten 1953an, espioitzat jota.
Philip Rothen bosgarren nobela da Our Gang (Gure kuadrilla). AEBetako lehendakari Richard Nixonen karikatura egiten du satira politikoz. The New York Times-eko Dwight Macdonald kritikariak honela deskribatu zuen: «Okerra, gustu txarrekoa, larria, logikoa, zitala eta oso barregarria; laburbilduz, maisulana».
Luke Rhinehartek The Dice Man (Dado gizona) eleberria idatzi zuen, autobiografia itxuratuz. New Yorkeko psikiatra bat aspertuta dago bere bizimodu burgesarekin, eta deliberatu du ausazko erabakiak hartzea handik aurrera, aldiro dado bat airera botata. Izugarrikeriak egingo ditu.
The Wild Boys plazaratu zuen William S. Burroughsek; gazte mugimendu homosexual bat irudikatzen du, zeinaren helburua baita mendebaldeko zibilizazioaren erorketa, XX. mendearen bukaera apokaliptiko batean.
Charles Bukowskik bere lehen eleberria kaleratu zuen: Post Office (Postetxea). Henry Chinaski pertsonaiak lana topatu du Los Angelesko posta zerbitzuan, baina ibilbide finkorik gabe banatzen ditu gutunak. Edatea eta zaldi karreretan apustuak egitea dira bere afizio nagusiak.
Urte hartako liburu garrantzitsuen artean dira hauek ere:Anne Sextonen Transformations, Alice Munroren Lives of Girls and Women, Ursula K. Le Guinen The Lathe of Heaven, John Gardnerren Grendel, Kingsley Amisen Girl 20, Arthur Haileyen Wheels, Richard Brautiganen The Abortion eta Neal Cassadyren First Third (autobiografikoa).
Bukatzeko, saiakera gogoangarri bat nabarmendu behar da: Eduardo Galeanoren Las venas abiertas de América Latina. Kolonialismoaren eta ekonomia politikoaren kronika egiten du, XVI. mendetik XX.era arte, liburu mardul eta argi batean. Zentsuratua izan zen Uruguain, Txilen eta Argentinan, AEBek babestutako gobernu militarren garaietan.
Nolakoa zen literatura orain dela 50 urte?
1971n, Vietnamen oraindik gerran zeuden bitartean, liburuak irakurtzen ziharduten literaturazaleek. Giorgos Seferis eta Friedebert Tuglas hil ziren urte hartan. V.S. Naipaulentzat izan zen Man Booker saria, eta Nobel saria, Pablo Nerudarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu