Supereroaleei buruzko ikerketa baten egileetako bat da. Tximeleten eta pipien gardentasunari buruzko beste batena ere bai. Indiako Karnataka estatuko lurpeko akuiferoen kudeaketa ikertu du. COVID-19a. Armeniako antzinako eraikuntzak. Biologia, arkeologia, fisika, astrofisika, gizarte zientziak... Guztira, 200 artikulutan baino gehiagotan ageri da haren izena. Argitalpenen kopurua eta aniztasuna ikusita, sekulako zientzialaria dela pentsa liteke. Camille Nous da. Baina Camille Nous ez da existitzen. Ez da ikertzailea, ez da pertsona bat.
Ideia bat da Camille Nous. Sinbolo bat. Talde bat du atzean. Iazko martxoaren 20an jaio zen. Izen partikularra da, baina haren sinadurak zientzialari talde bat ordezkatzen du, «komunitateak» ikerkuntzari egiten dion ekarpena irudikatzeko: «Jakintzak sortzearen eta zabaltzearen izaera kolaboraziozkoa eta irekia aldarrikatzen du, komunitate akademikoaren kontrolpean, eta osotasun marka bihurtuko da».
Berez, pentsatzen da artikulu zientifiko bat sinatzen duten ikertzaileek parte hartu dutela ikerketa horretan, eta guztiak egiazkoak direla. Hala ere, hainbat aldizkaritan argitaratu dituzte ikerketak egileen zerrendan Camille Nous izen-abizenekin. Kasu batzuetan, editoreak ez dira konturatu ikertzaile faltsua denik edo protestarako sinboloa denik, eta ikerketen egileek ez diete jakinarazi Camille Nous ez dela benetakoa. Aldizkari zientifiko batzuek uko egin diete egileen artean Camille Nous ageri den artikuluak argitaratzeari.
Science aldizkariraino ere iritsi da, hari buruzko artikulua argitaratu baitzuen martxoaren 16an: Nor da Camille Noûs, 200 artikulu dituen alegiazko ikertzaile frantziarra?. Artikulu horretan, Lisa Rasmussen Ipar Carolinako Unibertsitateko bioetikariak auzitan jarri du ekinbidea, gutxietsi egiten baitu oinarrizko printzipio bat: egiletzarekin argitaratutakoaren ardura hartzea.
Camille Nousen sortzaileek eta bultzatzaileek agerian utzi nahi dute ikerketen arrakasta neurtzeko irizpideak zentzugabeak direla. Izan ere, ekinbidea asko zabaltzen baldin bada, baliteke munduan gehien aipatuetako bat izatea existitzen ez den ikertzaile bat.
Haien iritziz, Camille Nous hainbat ikerketatan egileen artean agertzeak nazioartean nabarmendu egingo du, eta, horrela, agerian utzi zentzugabeak direla gaur egun ikerketarako aurrekontuak eta ikertzaileen ibilbideak erabakitzeko erabiltzen diren irizpideak edo neurgailuak. Argitalpen kopurua izan ohi da neurgailu horietako bat.
Eta nork sortu du Camille Nous? Nor dago haren atzean? RogueESR taldea. Frantziako Ikerketa Legearen kontra ari den goi hezkuntzako irakasleen eta ikertzaileen taldea. Lege horrek zehaztuko du nola banatuko den ikerketarako dirua hainbat urtetan. Camille izena aukeratu zuten, izen neutro bat, eta Nous abizena, frantseseko gu-ren eta antzinako grezierako arrazoia-ren edo adimena-ren arteko hitz jokoa.
2017an jada Emmanuel Macron Frantziako presidentearen kontrako sinadurak bildu zituzten, ikerkuntzarako aurrekontua murriztu nahi zuelako. Iazko martxoan, berriz, agiri bat kaleratu zuen, unibertsitatea eta ikerketa berregin behar zirela esanez, «munduaren eta geure bizitzen kontrola berreskuratzeko».
Irizpide kuantitatiboak
RogueESR taldeak uste du Ikerketa Legeak auzitan jartzen dituela askatasun akademikoa eta lanaren egonkortasuna. Horrez gain, salatzen du ikertzaileen lanaren neurketa irizpide kuantitatiboetan oinarritzen dela, argitalpenen eta aipamenen kopuruan, esaterako.
RogueESR taldeak Cogitamus izeneko laborategi birtuala sortu du, ekinbidearekin bat egiten duten zientzialariak elkartzeko gune gisa. Balio batzuk partekatzen dituzte: «Ikerketa zintzoa eta eskuzabala, ezagutza sortu, iraunarazi, berrikusi eta transmititu nahi duena». Ikerketaren babeslekua da Cogitamusen abizena. Ikerketa ekintza kolektiboa da haientzat; Frantziako Gobernuak, ordea, indibidualizazioa bultzatu nahi duela uste dute.
Camille Nous da laborategiko lehen kidea eta zuzendaria, eta laborategiko ateak zabalik dituzte haren balioekin bat egiten duten ikertzaileek.
Ikerketen sinatzaileetan Camille Nous gehitzera animatu dituzte ikertzaileak. Hori bai, gehitu aurretik, ikerketaren egile guztiek jakin eta onartu behar dutela diote. Eta, argitalpenen batera bidaliz gero, gardentasunez jokatu behar dela uste dute, alegia, kontua ez dela iruzur egitea. Horregatik, egileak editoreei jakinaraztera animatu dituzte, bai gutunean bertan argi eta garbi adieraziz, bai oin ohar batean jarrita.
Muga garbi bat ere ezarri dute Camille Nousen erabileran: ezin da erabili ikerketa bateko ikertzaile bakar gisa. «Komunitate zientifikoa adierazten du, baina ez du ordezkatzen». Ezin zaie 2020 aurreko ikerketen egileei gehitu, orduan oraindik sortu gabe zegoelako.
Taldeak eta bitxikeriak
Camille Nous ez da zientzian edo ikerkuntzan pertsona izen-abizen batzuen atzean biltzen den lehen taldea. Nicolas Bourbaki, Henri Paul de Saint Gervais, Arthur Besse eta Isadore Nabi aipatu dituzte. XX. mendearen lehen erdian matematikak berritu zituen matematikari talde gazte bat izan zen Nicolas Bourbaki; XX. mende amaierako matematikarien taldeak, berriz, Henri Paul de Saint Gervais eta Arthur Besse; eta biologia ebolutiboaz aritzeko sortutako taldea Isadore Nabi.
Ekinbide kolektiboez gain, historian izan dira haien ikerketei sinatzaile bitxiak eta ezinezkoak gehitu dizkieten ikertzaileak. Ez aldarrikapenak edo salaketak egiteko. Baina agerian utzi dituzte sistemaren arrakalak.
Jack Hetherington fisikari estatubatuarrak, esaterako, FDC Willard ere jarri zuen bere ikerketa baten egileen artean: FDC akronimoa Felis Domesticus Chester-i dagokio, hau da, Chester Etxeko Katua. Hetheringtonen katu siamdarra zen Chester. Katu horren aita izan zen Willard.
Katuak helio 3 isotopoaren tenperatura hotzei buruzko artikulu bat sinatu zuen Physical Review Letters aldizkarian, 1975eko azaroan. Artikulua Hetheringtonek bakarrik idatzi zuen, baina idazketan, sarritan, pluraleko lehen pertsona erabili zuen. Zuzendu ezean, ez zioten argitaratuko. Guztiak zuzentzea lan handia zela pentsatuz, Hetheringtonek egile bat gehitu zuen, Chester katua.
Andre Geim Fisikako Nobel saridunak, berriz —grafenoaren aurkitzaileetako bat da—, 2001ean H.A.M.S. ter Tisha jarri zuen Lurraren errotazioari buruzko ikerketa baten egileen artean. Bai, Tisha Geimen akuria zen.
Eta Polly Matzinger immunologoak, lehen ikerketetako batean, hirugarren pertsonan idatzi nahi ez zuenez eta singularreko lehen pertsonan idaztera ausartu ez zenez, pluraleko lehen pertsona erabili zuen. Baina ez zegoen beste ikertzailerik, eta Hetheringtonen moduan, animalia bat gehitu zuen: Galadriel Mirkwood txakur afganiarra. Journal of Experimental Inmunology-n argitaratu zuen.
Zientzia
Nous, gezurrezko ikertzailea
Frantziako goi hezkuntzako irakasle eta ikertzaile talde batek Camille Nous ikertzailea sortu du, merituak neurtzeko irizpide kuantitatiboak salatzeko. Protestak indarra hartu du, eta 200 ikerketatan baino gehiagotan jarri dute egileen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu