Musika

Manboaren erregea

Gaurko egunez hil zen, duela hogei urte, Tito Puente, musika afro-kubatarraren perkusionista handia. Musika latinoak eta jazzak azken 70 urteetan izan duten harreman gozoaren ordezkari nagusia izan zen.

Tito Puente perkusioaren maisua izan zen. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Oscar Hijuelosen The Mambo Kings Play Songs of Love (1989) nobela sonatuaren eta haren zinemarako egokitzapenaren (The Mambo Kings, 1992) oihartzunak berriro jarri zuten lehen lerroan Tito Puente 1990eko hamarkadan. Musika utzi gabea zen, baina hala liburuaren nola filmaren arrakastak berriro ekarri zuen lehen lerrora haren izena. Hijuelosek bere liburuaren izenburuan aipatzen zituen manboaren erregeetako bat zen bera, eta horregatik 1991n kaleratutako diskoaren titulua ere: The Mambo King: 100th LP. Manboaren errege ez ezik jatorri afro-kubatarreko musikak mundura zabaldu zituen perkusionista parerik gabekoa ere izan zena gaurko egunez hil zen, 2000. urtean. Gaur hogei urte. 77 urte zituen.

Tito Puente (Ernest Anthony Puente) 1923an jaio zen, New Yorken, Manhattango Spanish Harlemen ezarritako jatorri puertorricarreko familia batean, eta jazzarekin batera hazi zen: «Dantzarako banda guztiak entzuten nituen irratian: Benny Goodman, Artie Shaw, Duke Ellington... Gehien gustatzen zitzaidana, halere, Gene Krupa zen. Perkusionisten lehiaketa bat ere irabazi nuen hark Sing, Sing, Sing kantuan egindako bateria soloa notaz nota joz».

Puentek perkusio eta piano ikasketak egin zituen, baina, bide akademikoarekin paraleloan, beste ikasketa batzuk ere jaso zituen kalean. Ordurako, Spanish Harlemen hamaika orkestra latino aritzen ziren, eta Puentek berehala ikusi zuen han berak egin nahi zuenerako oinarria, jazzak eta erritmo afro-kubatarrek lotsarik gabe egiten baitzuten bat elkarrekin. Hain zuzen ere, garai hartan, 1950eko hamarkadaren hasieran, Kubatik iritsitako erritmo batek nolabaiteko iraultza bat eraman zuen Palladiumera eta beste areto batzuetara, eta, hamarkadaren erdialderako, erritmo hori (manboa) New Yorkeko areto nagusietan dantzatzen zen.

Ordurako Puente mugimendu horren parte eta protagonista zen, eta berehala hasi zen diskoak grabatzen. Ez bakarrik manbo diskoak, ordea, bere lehen diskoetan jazzak, jatorri afrikarreko erritmoek eta doinu latinoek bat egin baitzuten konplexurik gabe.

Puentek beti izan zuen garbi berak musika latinoa egiten zuela, eta kontzeptu horrek hainbat estilo biltzen zituela bere barnean. Horregatik, 1960ko hamarkadan Fania diskoetxeak izen berri bat (salsa) asmatu zuenean besteak beste son kubatarra eta jazza nahasten zituen estilo bat definitzeko, perkusionistari ez zitzaion gehiegi gustatu, nahiz eta bera ere estilo haren parte izan: «Dantzarako musika afro-kubatarra izendatzeko izen komertzial bat da salsa. Baina guk ez dugu salsa jotzen. Guk musika latinoa jotzen dugu, eta horrek hainbat estilo biltzen ditu: txa-txa-txa, manboa, guagancoa... Salsa hitzak ez du definitzen musika latinoaren historia aberats eta ugaria. Baina onartu behar dut gure musika zabaltzeko balio izan duela».

Puentek musikari eta kantari ugarirekin egin zuen lan (Celia Cruz, La Lupe), eta haren lana rock eszenara ere iritsi zen: 1970eko hamarkadaren hasieran, Carlos Santana gitarristak perkusionistaren kantu pare bat (Oye cómo va eta Para los rumberos) mundu mailako hit bilakatu zituen.

Puente 2000ko maiatzaren 31n hil zen, 180tik gora disko grabatuta eta musika afro-kubatarraren mito bilakatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.