«Sugea bezala, sigi-saga segitzen du bere bidea EHZk: Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik iragan ondotik, aurten, laugarren urtez, Irisarrin». Irudi horren bidez azaldu dute Euskal Herria Zuzenean festibalaren sustatzaileek 27 urteko ibilbidea. Iraganeko eta egungo belaunaldien elkarlanari esker, EHZ «etengabe azalberritzen» joan da bide horretan, haien hitzetan. Eta, horrexegatik, Etengabe azalberritzen leloa hartu du jaialdiak 27. aldian. Ekainaren 30ean, eta uztailaren 1ean eta 2an izanen da aurten jaialdia, Irisarrin (Nafarroa Beherea). Eta antolatzaileak hasiak dira aurtengo egitaraua zehazten.
Azken urteotako bideari segida emanez, ahal bezainbeste musika estilo, adierazpen eta doinuri egin nahi diete lekua oholtzan, baita sorkuntza berriei ere. Oraingoz, Irisarriko agertokiak hartuko dituzten sei musika talderen izenak iragarri dituzte: Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare. Musikaz gain, baina, kultur eskaintza zabala izaten da urtero festibalean, eta beste diziplinek ere lekua izanen dute egitarauan, hala nola antzerki, zirku eta dantza ikusgarriek. Horien artetik, izen bakarra iragarri dute: Ertza dantza konpainiaren Otempodiz obra ikusgai izanen da.
Aurreko urteetako eredu berari eutsiko diote aurten. Hala, egunez eta urririk, askotariko animazioek hartuko dute plaza, tartean zirkua, kontzertuak eta haurren txokoa. Irisarriko kultur etxean, Ospitalean, berriz, «gaur egungo erronken» inguruko hitzaldiak, mahai inguruak eta tailerrak izanen dira. Eta arratsez, iaz bezala, bi eszenatan banatuko dute pentzea, kontzertuei segida emateko.
Ipar Euskal Herriko lau ertzetatik festibalera joateko autobusak antolatuko dituzte —xehetasunak aurrerago emango dituzte—. «Kapitalismoak eragindako krisi bete-betean garen honetan, gure ahalegin guziak eginen ditugu festibala denendako eskuragarria izan dadin», gehitu dute.
Datozen asteetan izen gehiago iragarriko badituzte ere, sarrerak erosteko moduan daude jada. Hilaren 12ra bitarte, hiru egunetarako sarrerak 40 euroan izanen dira salgai, www.ehz.eus atarian. Ondotik, apirilean ekingo diote berriro sarrerak saltzeari, eta egunez egunekoei, berantago. Festibalean laguntzeko izen emateak ere apirilean irekiko dituzte.
Urte osoan elkarlanean
Urte osoan, eta beste eragile batzuekin elkarlanean, EHZk hainbat proiektu aurrera eramaten dituela ere gogorarazi dute egitasmoko kideek. Horien artean, azaldu dute iaz Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxetan euskal kulturaren inguruko saio pedagogikoak antolatu zituztela, eta aurten ere eginen dituztela. Eta gaineratu dute Erasoen Kontrako Brigada erasoen kontrako protokoloa lantzen ari dela, festibalean izan daitezkeen jarrera sexistak, homofoboak eta arrazistak eragozteko.
Hainbat belaunalditako kideek eta haien esperientziek osatu dute «EHZren herensugea», jaialdiaren sustatzaileek azaldu dutenez. «Berriz ere, denek osatzen dugun herensugea plazara jautsiko da, Irisarrin, gure kulturaren pindarrak zazpi haizetara ufatzeko, auzolanaren sua pizteko eta euskaratik euskarara arnasteko». Eta nahia agertu dute belaunaldi berriek herensuge hori «xingola berriekin janzten» segi dezaten.
Belako, Kolinga, Kristonak, Afrika Bibang, Ada Oda eta Muare EHZn
Laugarren urtez, Irisarrin iraganen da festibala, ekainaren 30etik uztailaren 2ra. Jaialdiaren 27. aldian ariko diren lehen taldeak iragarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu