Eguna iritsi da, baina ez dira ados jartzen

Gaur hasi da Israelek Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko epea, baina gobernuan eztabaida handia dute egutegiaren inguruan

Netanyahuk anexio plana atzeratu beharko du. ABIR SULTAN / EFE.
ander perez zala
2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gaurtik aurrera, Israelgo Gobernuak Zisjordaniako kokagune juduen eta Jordango haranaren anexionatzea sustatu dezake. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren aspaldidaniko nahi bat da, eta duela bi hilabete hasi zen agintaldirako jarritako helburu nagusietako bat. Berez, agintari kontserbadorearen asmoa anexioa gaur gauzatzea zen, hori egiteko epearen lehen egunean, baina asteon arazo bat izan du aurrean: gobernuko hainbat kide ez daudela ados bere egutegiarekin.

Lehen egunean bertan desadostasunak egoteak agerian utzi du, berriz ere, Netanyahuk eta Benny Gantz lehen ministrorde eta Defentsa ministroak adosturiko koalizio gobernuak oinarri ahulak dituela. Negoziazioetan eztabaida handia izan zuten Zisjordaniaren anexioaren inguruan, baina azkenean auzia bideratzeko gai izan ziren; ordea, erabakia praktikara eramaterakoan, desadostasunak agertu dira. Eta hori ez da soilik Gantzen eta haren aliatuen kontua, Likud Netanyahuren alderdiko ministro batzuk ere lehen ministroaren abiaduraren aurka agertu baitira.

Zeev Elkin Hezkuntza Goreneko eta Ur Baliabideen ministroak atzo eman zuen gobernuaren desadostasunen berri: «Bihartik [gaurtik] aurrera, ordularia tik-tak egiten hasiko da. Inork dena uztailaren 1ean eta egun bakarrean gertatuko delako koadroa margotu badu, arrisku handia hartu du». Haaretz egunkariaren arabera, gobernuaren azken bileran gaurko eguna «sakratua» ez dela adierazi zuen Gantzek, arreta koronabirusak sorturiko krisian jarri behar dela argudiatuta.

YNet.co.il hedabideari atzo emandako elkarrizketan, berriz, Defentsa ministroak dei egin zuen nazioartearen eta palestinarren babesa lortzeko Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen planaren inguruan, aldebakarreko ekintzarik egin aurretik.

Berez, agintaldirako itunaren arabera, Netanyahuk eta Gantzek beto eskubidea dute bestearen erabakiekiko; ordea, horrek ez du eraginik Zisjordaniako kokagune juduetan eta Jordango haranean Israelen «subiranotasuna aplikatzeko» asmoan, eta, aukera hori baliatuta, Israelgo lehen ministroak plana ahalik eta azkarrena martxan jartzeko balia lezake —atzo, Israelgo Gobernuak ez zuen ministroen arteko bilkurarik iragarri gaurko—.

Halere, Netanyahu jakitun dago herrialde ia guztiak bere planaren aurka daudela —nazioarteko zuzenbidea urratzen duela argudiatu dute—, eta litekeena da horren ondorioz anexioa are gehiago atzeratu behar izatea. Israelgo Gobernuarentzat ezinbestekoa da AEBen babesa, eta hori badu dagoeneko, baina Etxe Zuriak oraindik ez du Tel Aviven plan zehatzari buruzko iritzia eman, eta horrek asko baldintzatuko du Netanyahuren asmoa.

Iragan astetik, AEBetako ordezkari politikoak eta herrialde horren Israelerako enbaxadore DavidFriedman Israelgo Gobernuko kideekin hitz egiten ari dira, jarrera bateratu bat adosteko planaren eta egutegiaren inguruan. Israelgo lehen ministroa atzo batzartu zen horiekin, eta hitzorduaren ostean adierazi zuen anexioaren inguruan «lan egiten jarraituko» duela datozen egunetan.

Kolonoen ezezkoa

Netanyahuk bere planen aurkako jarrerari aurre egin behar dio anexionatu nahi dituen kokaguneetan ere. Berez, hango kolono juduak pozik leudeke eremu hori Israelen parte bilakatzearekin, baina, anexioak Palestinako Estatu baten aitortza dakarrenez, kolonoak Israelgo lehen ministroaren asmoen kontra agertu dira.

Gainera, Mohammad Xtayyeh Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak hil hasieran ohartarazi zuen Gazaren eta Zisjordaniaren independentzia deklaratuko dutela, eta, hortaz, Palestinako Estatua aldarrikatuko dutela —1967ko mugetan— Netanyahuk bere asmoekin jarraitzen badu.

Egun berean, Heiko Maas Alemaniako Atzerri ministroa Gabi Ashkenazi Israelgoarekin batzartu zen, baina ez zuen erabat kritikatu Tel Aviven asmoa, bi estatuen arteko harremana ez gaiztotzeko. Hortaz, ikusteko dago nazioarteak zer-nolako erreakzioa izango duen balizko anexioaren inguruan; orain arte, zigor ekonomikoak ezartzea aipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.