Oztopo eta gorabehera handiekin, baina energia sortu eta kontsumitzeko moduak aldatzen ari dira, eta munduko ekonomia bera ere bai. Baina klima larrialdiaren itzelezko neurriari begira, oraindik ez da nahiko egin, ezta nahikoa konpromiso hartu ere, beroketa globala 1,5 gradu zentigradura mugatu ahal izateko. Herrialdeek eta gobernuek orain arte ezarritako deskarbonizazio politikekin, beroketa globala 2,6 gradukoa izango litzateke 2100. urtean. Gaur egun herrialdeek euren buruei ezarritako deskarbonizazio helburu eta konpromisoak beteko balira, beroketa, asko jota, 2,1 gradu zentigradukoa litzateke.
Larrialdia mugatzeko garai erabakigarrian, Glasgowko COP26 bilkuraren aurreko egunetan, eta munduko ekonomia energia krisia nozitzen ari den honetan, IEA Nazioarteko Energia Agentziak atzo emandako mezua garbia izan zen: energia garbiak dira bidea; gauzak aldatzen ari dira, baina munduak hobetu dezake; konpromiso gehiago eta haiek betetzeko inbertsio gehiago behar dira, beroketa 1,5 gradutan gelditzeko.
IEAk urtero argitaratzen duen World Energy Outlook txostena aurkeztu zuen atzo; hainbat berritasun dakartza, garai erabakigarriaren erakusle. Esanguratsua da, esaterako, txostenaren aurkezpena aurreratu izana, COP26a baino lehenago egiteko. Esanguratsua da lehen aldiz txostenean energia balioak exajouletan (EJ) adieraztea, eta, hala, orain arte erabilitako neurria, petrolio milioi tona baliokidea (Mtoe), ordezkatzea ere. Berritasunik handiena, hala ere, txostenean munduko ekonomiarentzat landutako agertokietan dago. IEAren agertoki normatiboa Net-Zero da, beroketa 1,5 gradura mugatuko lukeena. Agertoki horretarako baldintzak beteko balira, erregai fosilek 2025. urtean goia joko lukete.
Gasa ez da bidea
Alde horretatik, IEAko zuzendari Fatih Birolek argi utzi nahi izan du egungo energia krisiaren eragileak ez direla energia garbiak: «Batzuek esan dute energia garbietarako trantsizioaren lehen krisia dela hau. Hori ez da zuzena. Ez gaude ados horrekin. Loturarik izatekotan, arazo hau ez daukagu energia garbi gehiegi daukagulako, baizik eta gutxiago daukagulako». Eta ezbaian jarri du zenbait sektoretan gas naturalari trantsizioko energia gisa ematen ari zaion garrantzia. «Gas naturala energia fidagarri eta energia garbiaren osagarri gisa irudikatzen ari dira, baina haren prezio aldakorrak ez dira albiste ona».
IEAren arabera, erregai fosiletan egindako inbertsioen geldotzea adierazten du egungo krisiak; eta irtenbidea energia garbietan gehiago inbertitzea dela uste du. «Ez gara behar adina inbertitzen ari etorkizuneko energia beharrak asetzeko, eta ziurgabetasun horren ondorio dira egungo prezioak». Desoreka horri aurre egiteko modua argia da, IEAren arabera:«Energia garbietan inbertitzeko bultzada handiagoa eta azkarragoa behar da».
Urtero 3,5 bilioi euro inbertitu beharko direla aurreikusten du. Eta ahalmen txikiagoa duten herrialdeei lagundu beharko zaiela. IEAren arabera, 2050ean neutraltasuna lortzeko, gobernuek egun jartzen duten diruaren halako hiru bideratu beharko dute hamarkada honetan. «Trantsizioarekin lotutako inbertsioak pixkanaka handitzen ari dira, baina gutxiegi dira oraindik», azpimarratu du.
Ekonomia berri bat
Ekonomia global berri bat agertzen ari dela ere esplikatu du Tim Gould IEAko Energia ekonomistak. «Elektrifikatuagoa, efizienteagoa, lotuagoa, digitalagoa, eta garbiagoa» izango den ekonomia bat, hazkunderako eta enplegurako potentzial ikusgarriarekin. Munduak 2050erako deskarbonizaziorako bideari jarraitzen badio, industriarentzako aukerak handiak izango dira. Hala, agertoki horretan, bost sektorek soilik —erregai pilak, elektrolizagailuak, bateriak, turbina eolikoak, eta modulu fotovoltaikoek— gaur egun petrolioak duen adinako merkatua izango lukete mende erdirako.
Urriaren 31n hasiko den Glasgowko bilerara begira, mezu argia eman du IEAk. «Energia trantsizioak hainbat talderen mende daude: komunitateak, konpainiak, gizarte zibilak, inbertsiogileak... baina haietako inork ez du gobernuek bezainbesteko ahalmenik eta eraginik gure energia patuari forma emateko. Horregatik, han bilduko diren liderrei eskatzen diegu seinale nahasezina eman dezatela teknologia garbi eta erresilienteen hazkunde bizkorrerako».
Energiaren krisia
«Trantsizioa azkartu egin behar da»
IEAk esan du energia garbiak ez direla egungo egoeraren errudun. Aurreikusten du erregai fosilek 2025. urtean goia joko dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu