ETA desagertzearekin guztia konpondutzat eman zutenek ezin dute irentsi ETAk hildako pertsona bat eta estatuak torturatutako beste bat elkarren ondoan jartzen dituen kartelik. Badira hala ere, ETAk gehien maite zutena ostu arren, etorkizunaren aldeko diskurtsoak eraikitzen ari direnak: eskuetatik kendu zieten pertsonak hala nahiko zukeelako, askori entzun diedanez. Eta pentsatzen dut alde batean zein bestean, modu batera zein bestera hildakoek hitz egin egiten digutela.
Bere ziegan hilik agertu den presoa zerk hil du? Ez du balio bere burua hil duela esan eta geure burua kontsolatzeak. Kartzelak pertsonak akabatzeko eraikita daude. Behin pertsona han barruan sartuta, haren bizitzaren gaineko kontrola bere gain hartzen du estatuak: nor eta noiz ikusiko duen, mediku artapena behar duen edo ez, patiora noiz joango den edo astean zenbat aldiz telefonoz deituko duen, hori estatuak erabakitzen du. Eta presoaren gain daukan botere hori baliatzen du haren senideei sufriarazteko edo hark defendatu duen mugimenduari xantaia emozionala egiteko.
Bere ziegan hilik agertu den presoa estatuak hil du, baina esaten ari zaigu gizarteak ardura bat daukala presoekin eta ezin ditugula bakarrik utzi bere historia guztia menperatuen odolez eraiki duen estatu baten eskuetan.
BIRA
Hildakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu