Atlantikoko iparralde hotzeannabigatzen ari da ordu hauetan Pasaiako Arosa Nueve; Svalvard uhartediaren uretako bakailao preziatua da Velaspex enpresako ontziaren helburua, baina arrantzaleak ez doaz lasai Artikora. Norvegiak abisu argia eman die: Europako Batasuneko ontziak atzemango ditu murriztutako kuotak gainditzen badituzte, Oslok bere kabuz eta Svalbardeko Ituna (1920) urratuz murriztutako kuotak, esan nahi baita.
Arrantzaren esparruan brexit-arekin duen arazoa nahikoa ez, eta beste fronte bat ireki zaio modu horretan Europako Batasunari. Auzia aspaldiko aliatu batekin da, gainera: Norvegiarekin, hain zuzen, merkataritza itun berezi bat duen estatu batekin. Oslok erabaki du uharteen arrantza kala historikoaren subiranotasuna beretzat hartzea, Savalbardeko Itunaren zehaztapenak alboratuz. Horren guztiaren emaitza da Pasaiako Arosa Nueve-ko eta dagoeneko eremuan arrantzan ari den beste euskal ontziko arrantzaleak —Laurak Bat enpresako Egunabar—beldurrak hartuta ari direla, jakin badakitelako auzi geopolitiko baten biktimak direla, eta Norvegia soka tenkatzeko prest dagoela.
«Bi enpresa baizik ez dira geratzen bakailaoaren sektorean, 40 urteko berregituraketa luzearen ondoren. Ehundik gora ontzi zeuden 1976an; 1981erako, soilik 79 geratzen ziren, eta gaur egun bi besterik ez daude Euskal Herrian», dio Pasaiako Velaspex enpresako zuzendari kudeatzaile Ignacio Urkolak. Europako Batasuneko kideen ontzidi osoa hamalau ontzik baizik ez dute osatzen, Svalvarden, eta datu hotzek diote Batasuneko arrantzontzi horien ekarpena ez dela inolako arazoa Oslorentzat, arrantzaren alorrari dagokionez: Norvegiak egun bakarrean Batasunera esportatzen duen bakailaoa da Batasuneko ontziei urte osorako murriztu dien kopurua.
Eta orduan zertarako jarri du martxan EBko herrialde aliatu batek neurri horretako desafio bat orain? Bruselari zabaldu dion fronte horren atzean dagoen arrazoia arrantzarena ez beste esparruko batekoa da, itxura guztien arabera. «Norvegiak ospe ona lortu du politika berdearen aldeko propagandarekin, eta moralki besteen gainetik jarri dela ematen du, baina bestela da errealitatea», azaldu du Urkolak. «Petrolio, gas eta lur arraro asko daude Svalbarden, eta haien bila abiatu nahi du, baina ezin du Batasuneko hamalau bakailaontziek uharteen kalan jarraitzen duten bitartean».
Svalbardeko Ituna
Mende bat atzera egin eta Svalvard uharteen kudeaketa finkatu zuen itunaren funtsari erreparatu behar zaio egungo egoera azaltzeko. I. Mundu Gerraren ondoren, Norvegiari eman zioten Savalbard uharteen subiranotasuna, baina akordioak oso argi utzitako baldintza batzuekin. Lehena eta garrantzitsuena da 1920 baino lehen jarduera ekonomikoak egiten zituzten herrialdeek haiekin jarraitu ahal izango zutela. Trukean, kudeaketa administratiboa Norvegiarentzat izango zen; ingurumena eta bestelako esparruak Oslok erabakitzen ditu. Bada, Norvegia aspaldian ari da Svalbarden erabateko subiranotasuna inposatu nahian, 1920ko itunaren baldintzak alboratuz. Artikoko eremu hori oso aberatsa da energia iturriei dagokienez; besteak beste, uranioa dago han.
Kontua da Europako Batasuneko estatu kideen hamalau arrantzontziak Svalbarden dauden bitartean ezingo duela abiarazi petrolioa eta gasa ateratzeko prozesu bat, eta, gainera, han egiten den arrantzari eta beste edozein jarduerari ezin die ezarri zerga sistemarik. «'Atxilotu egingo zaituztegu EBk ezarritakoa betetzen baduzue'; horixe esan digute gerra barkuekin guregana etorri direnean. Nola ez gara beldurturik egongo, ba?», galdetu du Urkolak.
Eta zertan ari da Brusela? Erantzunik eman al du? Oraingoz, ez du posizio argi bat erakutsi, eta ez dio altoa eman Oslori. Beharbada, benetan gertatzen badira atxiloketak eta ontziak atzematen badituzte, Bruselak epelkeriak alde batera utzi beharko ditu, baina orain arte zain egotea erabaki du, egoerak nolako bidea hartuko duen ikusteko.
Duela 300 urteko tradizioa
«Norvegiaren jarduera ekonomikoaren gehien-gehiena, lurrean, arrantzari lotua dago, eta Batasuneko merkatuetan saltzen ditu produktu horiek. Bruselak garbi utzi beharko lioke indarrean dagoen ituna errespetatu behar duela, tradizio historikoa jasoa dagoelako hor». Urkolak ekimena eskatu dio Batzordeari; «Norvegia estatu gisa existitzen ez zenean ere, bakailao bila joaten ziren Savalbardera Kantauriko arrantzaleak, duela 300 urte baino gehiago».
Velaspex enpresako zuzendari kudeatzaileak gogoratu du Norvegiak «oraindik» baleak harrapatzen dituela, berdelaren arrantzan zigortu dutela berriki Artikoko legedia urratu duelako, eta skrei bakailaoan ziurtagiri ekologikoa galdu duela: «Ez dira ingurumenaren zaintzaileak, inolaz ere».
Datorren ostegun-ostiralean iritsiko da Arosa Nueve Svalbard uharteetako uretara, 27 arrantzalerekin, eta Velaspex enpresan tentsio handia pilatu da. «Ez dakigu zer gertatuko den», dio Urkolak. Bi euskal bakailaontzietan 60 bat arrantzalek dute enplegua, baina zeharka 300 enplegu baino gehiago ematen dituzte. «Gure amaiera litzateke ontziak atzematea; ez dugu pentsatu ere egin nahi. Gure eskubide historikoen %35 lapurtu egin nahi dizkigute. Horrekin dena esanda dago».
Aurreko itsasaldian, hamar egunetik behin ontzia ikuskatzera joan zitzaizkien. Iazko abendutik ari da Norvegia eraso berri honekin, eta EBko arrantzontzietan gero eta beldur handiagoa dago. «Gerra barkuak ditugu aurrez aurre, eta nazioarteko uretan gaude, nahiz eta Norvegiak bereak direla esan. Horregatik, Batzordeari babesa eskatu diogu,behar den mailakoa, militarra bada ere bai. Afrikako adarreko piratak izan ala Artikoko gobernu bat, berdin dio; babesa behar denean, Bruselak eman egin behar du babes hori».
Urkolak garbi utzi du Pasaiako enpresako langileei ondo lan egiteko eskatzen diela, baina ezin diela eskatu hori ez badaude segurtasun baldintzak bermaturik. «Ezin ditut behartu lan egitera indarkeria gerta baldin badaiteke, eta, orain, aukera argi bat da hori Svalbard uharteetan».
Velaspex enpresan ondo baino hobeto gogoratzen dute 2007an Svalbarden izandako afera. Bahia de Guipuzcoa bakailaontzia atzeman zuten Norvegiako militarrek, harrapaketekin lotutako ustezko lege hausteak tarteko, eta hamar egunez eduki zuten Tromsoeko portuan, 190.000 euroko bermea ordaindu arte. Laurak Bat enpresako bi ontzi ere atzeman zituzten eremuan 2006an, Olaberri eta Olazar, eta Pasaiako enpresak 169.000 euro ordaindu behar izan zituen.
SVALBARD, BESTE FRONTE BAT ARRANTZAN
Pasaiako 'Arosa Nueve' eta 'Egunabar' bakailaontziak arrantzan ari dira Norvegiako Svalbard uharteetan, baina ez daude lasai, Oslok mehatxu argi bat egin baitie: atzeman egingo ditu eskandinaviarrek beren kabuz ezarritako kuota murritzagoak gainditzen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu