«Une kritiko batean gaude, eta enpresa txiki eta ertainei (ETE) laguntzeko beharra dugu. Gure ehun industrialaren gehiengoa dira, eta modu global batean lagundu nahi diegu, ahalegin berezia eginez», horrela laburbildu du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak bere sailak abian jarri dituen ETEentzako laguntzak. Guztira, 68 programa dira, hainbat azpisailetan banatuta. 430 milioi euroko aurrekontua du programak, eta interesa duten enpresek programa jakin bateko baino gehiagotako laguntzak jaso ahal izango dituzte. SPRI industria sustapenerako elkartearen bitartez eskatu ahal izango dira.
Tapia zuhur mintzatu da laguntzen aurkezpen ekitaldian, gehiegizko baikortasunik zabaldu gabe, baina nabarmendu du euskal enpresak ez daudela «geldirik». Onartu du pandemia «kolpe gogorra» izan dela enpresentzat, eta inbertsioak murriztu dituztela, baina ez eten, eta nazioarteratzeko borondateari eusten diotela. Hori goratu du sailburuak, iaz jardun industriala %13,3 jaitsi baitzen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta nazioartekotze prozesua ia erabat gelditu zelako joan-etorriari jarritako traben erruz.
Hala, 68 laguntza programak bost bloke handitan banatu dituzte, eta egoera gogor horri erantzuna emateko diseinatuta daude. Lehen laguntza bloke handia larri dauden enpresentzat da, edo larri dauden eremu geografikoetan daudenentzat. Beste bloke batzuk berrikuntza, digitalizazioa eta ekintzailetza bultzatzeko dira. Alde horretatik, Tapiak zehaztu du pandemian detektatu duten arazorik handienetako bat hornitzaileen eta euskal enpresen arteko urruntasuna dela, eta mugikortasuna mugatzen den egoera batean hori oztopo handia dela.
Azken blokeko laguntzak trantsizio energetikora, jasangarritasunera eta langile gazteak erakarri nahi dituzten enpresetara bideratuko dituzte. Laguntzen %40 ikerketa, garapen eta berrikuntzako (I+G+b) programetarako izango dira.
Bilera informatiboak
SPRI elkarteak banatuko ditu laguntza horiek, eta hiru bilera informatibo antolatu ditu otsailaren 24, 25 eta 26rako. Laguntzen katalogo zehatz bat ere diseinatu du. Kanpaina informatiboa ere jarriko dute martxan, Oso ETEzaleak gara lelopean. «Azken ETEraino iristea da asmoa», azaldu du Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusiak. SPRIren webgunean dago laguntzak jasotzeko aukera. Dagoeneko 1.200 enpresak eman dute izena.
430 milioi euro jarriko ditu Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko
Ekonomiaren Garapenerako Sailak 68 laguntza programa diseinatu ditu. SPRIk kudeatuko ditu, eta 1.200 eskaera jaso ditu dagoeneko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu