Prozesua, arau haustez betea

Tatjana Zdanoka europarlamentariak salatu du kontraesanak atzeman dituela Europako Parlamentuak ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzeko egingo duen bidaiaren prestaketan.

Tatjana Zdanoka Friendship taldeko europarlamentaria. FRED MARVAUX / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Europako Parlamentuko ordezkaritza bat Euskal Herrian eta Espainian izango da datorren astean, azaroaren 3tik 5era bitarte. Haren helburua da erantzuna ematea «ETA erakunde terroristak egin eta oraindik argitu gabe dauden 379 hilketen» harira Dignidad y Justicia elkartearen ordezkari Miguel Angel Rodriguezek eginiko eskaerari. Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeko presidenteorde Tatjana Zdanokaren hitzetan, ordea, bisita prestatzeko prozesua «kontraesanez betea» egon da, eta ez ditu errespetatu batzordearen araudiak. Hala, ordezkaritzaren buru izateko hautagai zenak uko egin dio bidaian parte hartzeari, haren helburuak zintzoak ez direlakoan.

«Mesfidati naiz bake prozesua errailetatik aterarazteko eta terrorismoaren biktimen gai mingarria joko politikoetarako erabiltzera bideratutako edozein saiakerarekin», argudiatu du Zdanokak, bidaiatzeari uko egitearekin batera. Letoniako europarlamentaria euskal gatazkaren konponbide baketsu baten aldeko Friendship taldeko kide da hura eratu zenetik, 2004tik, eta uste du asteazkenetik ostiralera egingo den bidaiak joko politikoa duela helburu, eta ez biktimak.

Bidaia antolatzeko erabakia 2020ko urtarrilean hartu zuen Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak, talde parlamentarioek atea itxita eginiko bilera batean. Proposamena Ciudadanosek aurkeztu zuen, eta Renewek soilik ez —haren parte da alderdi espainiarra—, Europako Alderdi Popularrak, eta Kontserbadore eta Erreformisten taldeak ere —Vox horren kide da— babestu zuten. Erabakiaren berri emateaz arduratu zena PPko europarlamentari eta Espainiako ministro ohi Dolors Montserrat izan zen, hura baita Eskaera Batzordeko presidentea.

Iaz ziren bidaia egitekoak, baina pandemiak hura atzeratzera behartu zuen batzordea. Ez da, ordea, COVID-19a izan misioaren nondik norakoak nahastu dituen bakarra. Izan ere, prozeduran «onartezinak» diren hainbat arazo sortu direla ohartarazi du Zdanokak. Gutun batean azaldu duenez, batzordeko araudiak hala zehazten du bidaia prestatzeko prozesua: «Idazkaritzak, ordezkaritzako kideekin kooperazioan, programa bateratu bat eratzen du, eta bisitaren helburuak definitzen dituen proposamen sorta bat. Programa [talde parlamentarioetako] koordinatzaileek eztabaidatzen eta onartzen dute». Kasu horretan, baina, atzera bota dituzte Berdeek —talde parlamentario hartako kide da Zdanoka— eta beste hainbat taldek bidaiaren programazioa eta haren helburuak moldatzeko aurkeztutako proposamen guztiak. «Aspaldian bidaian parte hartzeko interesa azaldu ostean, ez nuen aukerarik izan programaren zirriborroa egiteko prozesuan eta bidaiaren helburuak zehazteko proposamenetan parte hartzeko», salatu du.

Gainera, Zdanokak kritikatu duenez, irailaren 30ean koordinatzaileei ordezkaritzaren berri ematean, Montserrat haren buru gisa azaltzen zen, eta hori araudiaren kontrakoa da; estatu kide baten barne aferak aztertzen dituzten ordezkaritzetan parte hartzea galarazia dute estatu horretako europarlamentariek. Gerora, baina, moldatu egin zuten hori, eta PPko kideak, batzordearen ordezkaritza ofizialarekin bidaiatuko duen arren, ex officio bidaiatuko du. Hala egingo dute haren alderdikide batek, eta PSOEko, Ciudadanoseko eta Voxeko europarlamentari banak ere.

Dignidad y Justiciako ordezkariek birritan salatu dute Europako Parlamentuan Madrilek ez duela nahikoa lan egin «ikerketa ofizial, eraginkor eta independente bat» egiteko. 2017an, baina, hauxe erantzun zion batzordeak: «Badirudi Dignidad y Justicia elkarteak interes handiagoa duela atentatu terroristak egin izanaren susmagarriak auzitara eramatean, terrorismoaren biktimen eskubideak bermatzean baino». Hala, adierazi zion batzordeak ez duela eskumenik estatu kideen sistema judizialean esku hartzeko.

Bi urte geroago, jada Montserratek batzordearen gidaritza hartua zuela, koordinatzaileek beste behin bota zuen atzera eskaera. Espainiako eskuineko alderdiek, baina, eutsi egin zioten ideiari, eta lortu zuten batzordeak Espainiako Estatuari eskatzea has ditzala ikerketa batzuk ETAren atentatu argitu gabeen inguruan. Hala, batzordeburuaren esanetan, eskaera haiek bete ote diren ebaluatzea eta gaiaren inguruko gomendioak ematea da ordezkaritzaren helburua. Ez du kontuan hartzen, baina, biktimen elkarteak aipatzen dituen hainbat eta hainbat kasu preskribatuta daudela jada.

Madrilgo begiradaren bila

Ordezkaritza datorren asteazkenean iritsiko da Euskal Herrira. Bertan programatua duen ekintza bakarra, ordea, Gasteizko Biktimen Oroimenezko Zentroa bisitatzea da. Bilera guztiak, izan ere, Madrilen egingo dituzte. Salaketaren atzean dauden Dignidad y Justiciako kideekin biltzeaz gain, Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako informazio buruekin, Auzitegi Nazionaleko eta Goreneko epaile eta fiskalekin, eta biktimen hainbat elkarterekin ere elkartuko dira. Horiez gain, gatazkaren inguruan elkarrizketatuko duten «aditu» bakarra Martin Alonso izango da. Hark Coviteren sari bat jaso zuen joan den astean, «ETAren gorrotoaren eta indarkeriaren engranajeen funtzionamendua zehatz aztertzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.