Utz iezadazue garbi esaten: hau oso gogorra izango da egiteko». Frans Timmermans Europako Batzordeko Klima buruak hitzaldi sentitua egin zuen Europako Parlamentuan, iazko urrian, Klima Legearen eztabaidan. «Bloody hard» (gogor arraioa), esan zuen ia azentu alemanik gabeko ingelesean. «Sakrifizioa eskatuko diogu guztiei; industriari, herritarrei, garraio sistemari... Lan gogorra da, baina egin daiteke, eta zenbat eta lehenago hasi, bizkorrago onurak».
2050. urtean karbono neutraltasuna lortzeko helburua jarri dio bere buruari Europako Batasunak. Zero emisiorantz, hori bai, zedarri batzuk betetzen joan beharko da. Eta hortik hamar urteren buruan, 2030. urtean, 1990. urtean baino %55 CO2 gutxiago atmosferaratzeko helburua. Iaz aldatu zen mugarria, %40ko murrizketa helburutik.
Karbono isurketak maila horretan murrizteko politika murriztaileagoak derrigorrezko izango dira, isuriak debekatzen ez bada, haiek ekonomikoki zamatzen. Europako Batzordeak, hain zuzen, asteazken honetan aurkeztuko du neurri sorta handi bat, hainbat zuzentarau zorrozteko eta lege berriak egiteko proposamenekin.
Zergatik da inportantea neurri sorta hau?
%55eko murrizketa xedeak zenbaki argia ematen die herrialdeei eta herritarrei. Eta hori inportantea da, helburuak lortze aldera. Baita Timmermansek aipatutako sakrifizioei begira ere. Europarrak jada hasiak dira haiek igartzen, adibidez, karbono eskubideek garestitutako argindarrean.
Bestalde, beroketa globala mugatu nahi bada, mundu guztiak, eta ez da esamolde bat, egin beharko du ahalegina. Helburu horretan Europako politikak test modukoa dira; lehen urrats bat ikusteko klima larrialdia bezala, arazo globalentzat munduak izan dezakeen erantzun bateratu bat.
Zein dira neurri garrantzitsuenak?
Batzordeak aurkeztu nahi dituen neurri guztiek izango dute eragin zuzena herritarren bizimoduan. Hala ere, emisioen eskema berezi batez errepide garraioak eta eraikuntzen berokuntzak egindako CO2 isuriei prezioa jartzea neurri esanguratsua da; finean, kutsatzeagatik ordaindu egin beharko dutelako autoek eta etxebizitzek.
Karbono muga zergen mekanismoa ere inportantea da Batasunak deskarbonizaziorako egiten duen apustua babesteko. Nahiz eta oraingoz oso sektore gutxi hartu, muga zergarekin inguruan ikusiko da, adibidez, AEBn eta Txinaren borondatea ekinaldi bateratuetarako.
Zer diote gobernuz kanpoko erakundeek?
Filtrazioen bidez ezagututakoetatik, neurrietako asko kamutsak direla uste dute, oro har, klimaren inguruan jarduten diren GKEek. Izan ere, haien kalkuluen arabera, beroketa globala 1,5 gradura mugatzeko, karbono isurienmurrizketak %65ekoa izan beharko luke 2030ean.
Zer dio industriak?
Erregai fosiletan oinarritzen diren industriak eta herrialdeak kritikoak dira, baina gero eta gutxiago, hitzez behintzat. Automobil egileak, adibidez, buru-belarri jarri dira auto elektrikoekin. Dena den, lobby-gintzan jarraituko dute muga txikiagoak eta denbora gehiago eskatuz.
Eta hemendik aurrera?
Asteazkeneko aurkezpenarenostean, negoziazioak hasiko dira, neurri horiek guztiak Europako Parlamentuak eta Batasuneko herrialdeek onartu behar dituztelako. Halako legeek, batez beste, bi urte behar izaten dituzte Batasunean. Eta pentsa daiteke negoziazio gogorrak izango direla, adibidez, ikatzarekin eta gasarekin mendekotasun handia duten Europa ekialdeko herrialdeekin.
Timmermansek oso gogorra izango dela erantzun zien urrian kostuak aipatu zizkiotenei: «Hartu segundo bat gauzak ez egitearen kostua imajinatzeko», esan zien. «Joan Italiako Piamonteko Limonera, non ekaitz beldurgarriek jendea hil eta herria hankaz gora utzi duten. Nola joango zara haiei esatera, '[hau ez gertatzeko] kostua handiegia da. Zenbat kostatuko da Valentzian hilero tanta hotz bat izatea?».
%55ERAKO BIDE ORRIA
Autoen eta berokuntzaren isuriei prezioa, 2035etik aurrera errekuntza motorrak debekatzea... Deskarbonizazio helburu berriak betetzeko hartu beharreko neurriak asteazkenean aurkeztuko ditu Europako Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu