Labean da kooperatiben legea

Kooperatiben Legearen tramitea geratzeko eskatu du Confebaskek, aztertzeko legezkoa ote den kooperatibek Lanbiden ordezkari bat izatea. Ez da eten, eta aurreikuspena da azaroan onar litekeela legea.

IIIdiazabalgo Ampo kooperatibako langile bi beharrean, enpresaren galdategian. XABIER MARTIN.
xabier martin
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Forma hartzen ari da egunotan kooperatiben jarduera arautuko duen lege berria. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia 1.700 enpresa daude zain ikusteko zer-nolako itxura hartuko duen azkenean Eusko Legebiltzarra azaroan onartzekoa den Kooperatiben Legeak. Euskal ekonomian gero eta pisu handiagoa duen enpresa talde horrentzat «ezinbestekoa» da araudia berritzea, eta lege proiektuaren sukalde lanetan jarraitzen du legebiltzarreko batzordeak egunotan.

Duela 26 urtekoa da indarrean dagoen araudia, kooperatiben errealitatea eta arazoak oso bestelakoak ziren garai batekoa, alegia. Azaroko osoko bilkura batera daraman bidea ez da erraza izango, ordea. Confebaskek esku hartu du asteon kooperatibismoak leku bat eskura ez dezan Lanbiden, EH Bilduren zuzenketa batek proposatzen duen modura. Legebiltzarreko Mahaiak Eduardo Zubiaurre patronaleko presidentearen gutun bat helarazi du Lan Batzordera, baina lanean segitu du lege proiektua jorratzen ari den batzordeak, artikuluz artikulu pro-iektua josten; hots, Confebasken eskaerak ez du tramitazioa eten, patronalak nahi zuen bezala.

Lanbideri dagokion zuzenketa LHK Lan Harremanen Kontseiluak aztertzea nahi zuen Zubiaurrek, legearen aurkakoa delakoan. Alegia, Lanbiden dituen bost eserlekuei eutsi nahi die Confebaskek. Alderdi politikoek harriturik hartu dute patronalaren ohiz kanpoko mugimendua; erraza da ulertzea enplegu zerbitzu publikoko administrazio kontseiluko eserleku guztiei eutsi nahi izatea, baina argia da legebiltzarrean esku hartzeko saio zuzena egin duela, ohiz kanpoko presio zuzena.

Zuzenketaren edukia aurrera ateratzeko adostasun nahikoa dagoela dio koalizio abertzaleak, eta, luze gabe onartzekoa den legeak jasoko balu, Confebaskek Lanbideko ordezkaritzan duen monopolioa galduko luke. Datozen asteetan ikusiko da kooperatibei Lanbideko ateak irekiko lizkieken neurriak babes nahikoa ote duen legebiltzarreko batzordean. Aurrena artikulu guztiak adostu behar dira, eta 60. artikuluan daude lanak orain; 146 dauzka legeak; beraz, aste batzuk barru iritsiko da batzordera Lanbideren administrazio kontseiluan aldaketak egiteko zuzenketaren eztabaida.

Zerbitzu juridikoak, alde

Horiek horrela, Confebaskek jarri du azken oztopoa Kooperatiben Legea osoko bilkurara eramateko bidean. Atzerapenak atzerapen, lege berriak aldaketa sakonak ekarriko ditu kooperatiben joko-arauetan, proiektuaren edukia ez bada gehiegi aldatzen. Hasteko, oso litekeena da kooperatisbismoak Lanbiden ere toki bat lortzea, orain urte eta erdi SPRI enpresa garapenerako agentzian sartu zen moduan. Izan ere, Eusko Jaurlaritza horren aldekoa da, BERRIAk jakin duenez. Araubide Juridikoko Sailburuordetzak EH Bilduk egindako zuzenketari buruzko txosten luze batean dio «arraroa» dela «euskal mugimendu kooperatiboak ez edukitzea aukera» Lanbideren organoetan parte hartzeko. Idatziak dio enplegu politika aktiboek, «inolako dudarik gabe», eragina dutela «EAEko ekonomia sozialaren antolakundeen interes ekonomiko eta sozialetan». Sailburuordetzak uste du «arrazoizkoa dela formulak aztertzea euskal kooperatiben munduak parte har dezan» enplegu publikoaren alorrean, administrazioarekin bat. Ildo bereko azalpen gehiagoren emaitza gisa, sailburuordetzak argi esaten du «agente sozial gisa» onartzen duela Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa.

Euskal kooperatibismoaren ordezkaritzatik harago, lege proiektuak beste aldagai garrantzitsu batzuk jasotzen ditu. Esaterako, Fagor Etxetresnen porrotaren arrastoa ikusiko dio batek baino gehiagok kooperatibisten ardura ekonomikoari dagokion atalari. Aurreko legeak ahalbidetzen zituen interpretazioak saihesteko, erredakzio berri bat egin dute. Lege berriak ezarriko du kooperatiben galeren ardura enpresaren beraren ondareari dagokiola, eta kapital soziala dela bazkideen erantzukizun bakarra. Hots, ezin zaiela exijitu euren ondare pertsonalarekin erantzutea, zorrak baldin badaude.

Bazkide ez direnak, %30

Gainera, kooperatiben antolakuntza malgutzeko xedea dauka lege berriak, malgutzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko; ildo horretan, helburu hori betetzeko neurri zehatz batek kapital sozietateetara hurbilduko lituzke kooperatibak. Izan ere, enpresek aukera lukete lanaren %30 bazkide ez diren bestelako langileekin betetzeko. Orain, kopuru hori %25 da, eta soilik lan elkartukoentzat. Aurrera begira, zerbitzu kooperatibek ere aukera hori izango dute. Kontratu edo eskaera jakin bati erantzuteko kopurua handitzea beharko balute, posible lukete, baina mugak badaude.

Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan sailburuak argi dauka kooperatiben «malgutasuna eta nortasuna» orekatzeko helburua duela legeak, eta araudiak «xehetasunez eta zorrotz» jasoko duela kooperatiba formularen erabilera, «kooperatibak ez diren enpresen erabilera okerra saihesteko». Batzordeak orain arteko lan jarioan jarraitzen badu, aurreikus daiteke azaroko osoko bilkura batean onar daitekeela lege berria, legebiltzarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.