Izpegiko pasabideari, mugarik ez

Nafarroaren zatiketa salatzeko, berrehun lagunetik goiti bildu da Izpegiko lepoan. Frantziaren okupazio militarra ere gaitzetsi dute

Izpegin jende andana bildu da pasabidearen zerratzea eta Frantziako indar militarren okupazioa salatzeko. BOB EDME.
Ainize Madariaga
Izpegi
2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ikusmenak ikusten uzten duena osoki ikusi nahi ez delarik, bista mugatua da. Izpegiren (Baigorri, Nafarroa Beherea) magal batekoek eta bertzekoek ez dute beren burua elkarren bertze ikusten. Behe lainorik gabe, Hauzaren gaina gaitzak hortzak argi erakutsi ditu: lepoan 250 bat lagunek salatu baitute bidearen mozketa, «Herri bat gira, mugarik ez eta Indar okupatzaileak kanporat!» pankartek lagundurik.

Lorea Lapeyrade Brust baigorriarrak aitortu du biziki kexu dela. Egun guziez baliatzen du Nafarroa Garaia eta Beherea josten dituen bidea, Lekarozen (Baztan, Nafarroa) bizi baita, eta lanean sorterrian ari: «Jin naiz hona zeren eta ezartzen baitizkigute mugak ez diren tokian, eta, oraino, aldi honetan pasa naiteke. Lehen aldian hetsi zutelarik, enetzat lehen aldia izan zen muga bat bazela. Guretzat ez da mugarik hemen; haiek ezartzen dizkigute, baina guretzat ez da horrela».

Nafarroako eta presoen etxeratzearen aldeko banderen eta ikurrinen uhin haizetsuetatik ez urrun, Guardia Zibilaren autoa isilik da, berak ikusten duen marra ikusezinaren barrandan.

Intza Bidart baigorriarra okupazioa pairatzen duela salatzera igan da Izpegirat, bertzeak bertze, azkenaldian 60 bat militar baigorriratu baita: «Okupazioaz gain, muga hori hestea... Ez da mugarik guretzat. Ez dugu ez ulertzen, ez ere onartzen. Ez, ez da mugarik».

Mobilizazioaren hondarrean,«Militarrak aire hemendik!» zioten banderolak banatu dituzte.

Bidartek, Erratzun (Baztan, Nafarroa) bizi denez, eguneroko ibilbidearen parte du bidea: «Hemendik pasatzen gara izan lanerako, izan arrazoi sozialengatik, familia ikustera joateko... Ez da onargarria hemen hesi bat ezartzea, militarrak egotea hemen jendea kontrolatzen». Ikusiak ikusi, deliberatu du berdin segitzea: bidea erdizka moztu duten horren ez ikustea: «Horiek inposatu edo ez, hemendik pasatuko naiz, eta behar baldin bada muga hori eskuz hautsi ere bai; autoarekin pasatzen naiz nahi dudalarik. Ez da muga bat, bide bat da, mendi tontor bat; ez da muga bat: Euskal Herria bat da eta osoa, eta ez dugu independentzialortu oraino, baina esperantza atxiki behar da. Berriz ere oztopo bat ezartzen digute oroitarazteko horiek dutela indarra eta boterea, eta gu hemen gara erakusteko herri bat garela».

Mugaz duda-muda guti

Jendea juntatu da. Osasun krisiak libertatea mugatzen badu ere, Gaineko benta inguratu dutenek hartu egin dute mobilizatzeko askatasun hori, aspalditik ezin ikusi dituzten lagunak agurtzeko. Horretara hurbildu da Xabi Torres Baztango Udaleko zinegotzia: «Etorri naiz etxean nagoelako eta badaudelako aspalditik ikusten ez ditugun lagunak, eta ospatzeko gogoak ere badira. Batez ere etorri naiz lotsaturik hartzen diren neurriekin, zeinen errazki jartzen dizkiguten guri mugak ezer ez bagina bezala, nahi duten momentuan». Haren iritziz, iduri du azkenaldian «inoiz baino errazkeria handiagoz» ari direla mugak jartzen, eta uste duegoera baliatzen ari direla: «Hori salatzeko, gure lagunekin bildu gara; Baigorriko lagunekin batera, Zugarramurdiko lagunak ere ikusi ditut. Aspaldi gogoz ikusteko jende horrekin bildu gara».

Urtarrilaren 14tik, ofizialki hetsiak behar dute zortzi pasabideek. Izpegin lerro bakarra hetsi dute oraingoz, ibilerari traba handirik egin gabe. Prefetaren erranetan, otsailaren hondarrera arte hala segituko dute. Iragan asteburuan hasi, eta atzoko mobilizazioak segida izanen du: otsailaren 6an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.