Amerikako Estatu Batuen eta Txinaren arteko mikrotxipen gerran ezusteko aldaketa bat egon da. Huawei Txinako teknologia enpresak Mate 60 Pro telefono eramangarrien modelo berria atera du, eta gailuaren barrenak begiratzean zazpi nanometroko punta-puntako prozesadore bat aurkitu dute, Txinako SMICek egina.
Ez da dagoen mikrotxip aurreratuena, baina goiburu handirik gabe pasa beharko lukeen albiste horrek hautsak harrotu ditu AEBetan. Izan ere, azken urteetan Joe Biden AEBetako presidentearen administrazioa neurri bereziak ari da hartzen Txinaren aurka, txip aurreratuenak eta horiek egiteko tresnak eros ditzan eragozteko.
Haserrea eta zalantzak
Hala, haserrea eta harridura sortu du AEBetan Huaweiren prozesadore berriak, Bidenek aipatutako neurriak onartu zituenetik zalantzan jarri baita Txinak txip aurreratuenak egiteko duen ahalmena. Bada, sakelako berriak zalantzak uxatu ditu. Ondorioz, AEBetako Merkataritza Departamentuak adierazi du lanean dabilela «ustezko» prozesadore horri buruz informazio gehiago lortzeko.
AEBentzat berebizikoa da Txinako enpresek teknologia mota horiek lortzeko duten erraztasuna kontrolatzea, Txina «nazioaren segurtasunarentzat mehatxu» bat dela uste baitute. Jake Sullivan AEBetako Segurtasun Nazionalerako kontseilariak adierazi du teknologia alorreko murrizketekin jarraituko dutela. Huaweiren txip berriak, baina, iritzi publikoan ere harrabotsa sortu du, eta auzitan jarri du azken urteetan hartu dituzten neurrien eraginkortasuna.
Huaweik punta-puntako txip bat erabiltzeak AEBak sutu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu