Gaztetxeak defendatzera dei egin dute

Jendetza bildu da Iruñeko Arrotxapea auzoan, irailaren 2an hustu zuten gaztetxearen alde. Antolatzeko lekuen premia aldarrikatu dute

Manifestariak, gaztetxea zenaren aurretik pasatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Beren kabuz antolatzen eta jarduten duten mugimenduek horretarako espazio fisikoak ezinbestekoak dituztela aldarrikatu zuten atzo arratsaldean Iruñeko Arrotxapea auzoan egindako manifestazioan. Hamar egun dira Poliziak auzo horretako gaztetxea hustu zuela, eta jendetza bildu zen gune autogestionatuen defentsan. Antolatzerik ez espaziorik gabe lelopean egin zuten martxa. Auzoa poliziaz josia zen, baina ez zen istilurik izan.

Manifestazioak Arrotxapeko hainbat kale zeharkatu zituen, eta hustu eta hesitu berri duten gaztetxearen eraikinaren aurretik ere igaro zen. Han bi lagunek pankarta bat zabaldu zuten, eta txalo ugari jaso zituzten. Martxaren amaieran Mila esker eta Borrokak darrai mezuak zeramatzan pankarta bat jarri zuten, eta gaztetxeko batzarreko bi kidek komunikatu bat irakurri zuten. Bertsolariak eta musikariak ere izan ziren amaierako ekitaldian.

Gaztetxeen eta antzeko espazioen aurkako erasoak zenbait mugimendu «antolakuntzarako baliabiderik gabe» uzten ari direla salatu zuten gaztetxeko batzarreko kideek; «espekulatzaileen gaitasunen aurrean ahul» daudela. Horiek «estatua, legea eta polizia» haien alde dutela salatu zuten; dirua dutela «armatzat», eta «masa komunikabideak haien alde» dituztela. Horren aurrean, «indarrak metatzearen» garrantzia nabarmendu zuten: «Gu txikiak gara, baina handiak potentzian».

Horrekin lotuta, elkartasuna adierazi zioten husteko arriskuan den Gasteizko zentro sozialistari, eta Hazparneko (Lapurdi) Ttattola gaztetxeari, berriz, aurrera egiteko «animorik handienak». Oro har, halako guneak defendatzeko deia egin zuten: «Antolakuntzarako aukeren murrizketaren aurrean, ezinbestekoa da espazio hauen aldeko borrokan aurrerapausoak ematea». Erraki sareari eskerrak eman zizkioten, halako guneen alde egiten ari den lanagatik.

Husteko prozesua

Iruñeko Lehen Instantziako 4. epaitegiak Arrotxapeko gaztetxea hartzen zuen eraikina husteko agindua eman zuen abuztuko lehen egunetan, eta irailaren 2an burutu zuten prozesua Espainiako Poliziak, Foruzaingoak eta Udaltzaingoak. Espazioa hustu zuten, eta kanpoan protesta egiten ari zirenen aurka oldartu ziren. Sei atxilotu, dozenaka zauritu, eta hainbat identifikatu izan ziren operazioan. Atxilotuak aske utzi zituzten hurrengo egunean, kautelazko neurririk gabe. Kausa judiziala irekia dute, ordea: Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuenez, desordena publikoak eta lesioak eragitea, eta poliziei eraso egitea leporatuta ikertuko dituzte.

Gaztetxeko batzarrak azaldutakoaren arabera, La Caixak, Iruñeko Udalak eta Juslaberri enpresak gaztetxearen aurkako salaketa jarri zuten, eta epaiketa hiru aldiz atzeratu ondoren, urtarrilean egin zuten. Salatu zutenez, kostu judizial handiak erreklamatzen zizkieten, baina akordio bat lortu zuten, horiek txikitzeko.

Gaztetxea husteko operazioaren hurrengo egunean, Iruñeko Udalak ohar batean adierazi zuen eraikina hustu eta eraitsi ostean «eremuaren urbanizazioa burutu» ahalko duela. Zehazki, etxebizitzak eraiki nahi ditu, gaztetxearen eraikinean eta aldamenekoetan. Abandonatutako lantegiak dira gehienak, eta udala bera da horietako baten jabea. Baina udalak berak aitortzen zuen plan hori 2007an onartu zutela, duela hamalau urte. Alegia, udalak hamarkada oso batez geldirik egondako plana berreskuratzeko asmoa du orain. «Jabedunek espazioa objektu soil bilakatu nahi dute kapitala metatzen jarraitzeko helburuarekin», salatu zuten gaztetxeko kideek atzo.

Irailaren 3an —hustearen hurrengo egunean— bost urte bete ziren Arrotxapeko gaztetxeak ateak ireki zituenetik, «antolakuntzarako espazioen beharra agerikoa» zen garai batean, gaztetxeko kideen esanetan. «Ordutik, auzoko gazte eta ez hain gazteen espazioa izateaz gain, Iruñerriko antolakunde eta eragile ugarirentzako ezinbesteko azpiegitura izan da». Hori dela eta, elkartasuna antolatzearen garrantzia nabarmendu zuten. «Hamaika aldiz erori» arren, «hamabi aldiz altxatzeko» asmoa agertu zuten, «antolakuntzaren defentsan, auzoarentzako espazio baten alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.