Europa nondik eraiki, eta norantz

EBren geroaz eta estaturik gabeko nazioen rolaz gogoetatu dute lau eurodiputatuk. Horiekiko beste jokabide bat izatea nahi dute

Zelai Nikolas, Izaskun Bilbao eta Pernando Barrena, asteleheneko mahai inguruan. BERRIA.
jon olano
2020ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Europara begira jartzeko astea izan da amaitzen ari den hau. Europako Batasuneko 27 herrialdeek akordio bat lortu dute COVID-19ak eragindako krisiaren inguruan suspertze plan bat adosteko. Neurri batean, EBren norabidea ezarriko du horrek, bai alor ekonomikoan eta bai politikoan ere. Ituna itxi baino ordu batzuk lehenago, Europaren etorkizuna izan zuten hizpide astelehenean Bilbon, Europa: Etorkizun federala edo konfederala? izenburuko mahai inguruan. Eusko Ikaskuntzak, Coppieters eta Ezkerraberri fundazioek antolatu zuten solasaldia, eta lau europarlamentari aritu ziren hizketan, besteak beste estaturik gabeko nazioek Europako Batasunaren antolaketa politikoan jokatu behar duten edo jokatu dezaketen rolaz: Izaskun Bilbao (EAJ), Pernando Barrena (EH Bildu), Toni Comin (Junts Per Catalunya) eta Jordi Sole (ERC).

Federaltasun-konfederaltasun eztabaida «oso presente» nabari du Barrenak Europako Parlamentuko jardunean. «Tentsioa dago integrazio politikoaren azken estaziora iritsi nahi duten herrialde edo indarren eta egungo egoerari eutsi edo inboluzio bat nahiko luketenen artean. Hori oso agerikoa izan da COVID-19aren krisian». Haren iritziz, eredu konfederala «indartzen» ari da: «Estatuek erantzun diote krisiari, eta COVID-19a urruntzen ari da integrazio politikoa».

Horrez gain, estaturik gabeko nazioek EBren arkitektura instituzionalaz eztabaidatzeko dituzten baldintzei erreparatu zien Barrenak, eta beharrezkotzat jo zuen «euskal subjektu nazionalak» erabakitzea «nola nahi dugun egon ordezkatuta Europan, zer burujabetza maila eman nahi dien Europako instituzioei».

Europako Batasunaren etorkizun politikoa iragartzeaz harago, iraganean eginiko bideari erreparatu zion Bilbaok: «Lehentasuna ez da Europa federalagoa izateari buruzko debatea; uste dut Europa duela hamar urte baino federalagoa dela, eta datozen urteetan iaz baino federalagoa izango dela».

Sole bat dator: «Kontuan hartuta nola eboluzionatu duen EBk, krisiei erantzunez, integrazio handiagorako bide bat egin izan du». Haatik, uste du garrantzitsua dela egungo egoera ezagutzea; «federazio zantzuak» antzematen dizkio oraingo ereduari. Alderdi federalizatzaile hori, ordea, «elkarbizitzan dago beste parte konfederal batekin, non estatuek sutsuki defendatzen dituzten euren interes nazionalak», Soleren hitzetan: «Bi arima dauzkagu aldi berean, eta horrek egiten du sistema hori hain konplexua izatea. Horregatik, aurrera egitea oso motela da, baina aurrera egingo dugu; pandemia honek integrazio europarraren azeleragailu gisa jokatuko du».

Sole burujabetza europar kontzeptuaz jardun zuen; kontzeptu horrek esan nahi du «nazioarteko harremanen marko batean, non gero eta lehia handiagoa dagoen —AEB eta Txinaren artean—, Europak bere interesak defendatu behar dituela hainbat arlotan; industria estrategikoetan, energia eta teknologia burujabetzan...». Erantsi zuenez, ez daki horrek EB eramango duen egun indarrean dauden tratatuak aldatzera, baina ziur dago: «Aktore gehienak konturatuko dira EBren interes orokorra babestu behar dela, eta hori ez dela beti estatu kideen interesen batura».

Comin, berriz, «momentu hamiltondarraz». Ameriketako Estatu Batuak sortu berritan, Alexander Hamiltonek beharrezkotzat jo zuen botere zentral indartsu bat eratzea, estatuen zorra bereganatu zezan. Orain COVID-19aren ondorioei aurre egiteko plana duela bi mende AEBetan bizi izandako egoerarekin alderatu du Cominek, eta, plana adostuta, hurrengo «eztabaida handia» iragarri du: nola pagatu zor hori? Haren ustez, aukeren artean dago «zerga europar» bat sortzea: «Europa momentu hamiltondarrean egongo da hipotesi bat baieztatzen bada: Europako zerga sistema baten hazia sortuko dugula».

Nazioen protagonismoaz

Hitzaldiaren bigarren partean, galdera bati erantzun zioten lau europarlamentariek: nola integratzen dira estaturik gabeko nazioak EBn? «Aukera baten aurrean» egon litezke nazio horiek, Bilbaoren hitzetan: «EBren etorkizunari buruzko eztabaida honetan, aukerak daude erregioen aktibaziorako eta parte hartzerako. Europak ez du aurrera egingo eskema sozialago, digitalago, berdeago eta humanoagoan ez badira tokiko eta eskualde mailak integratzen. Euskadik axola du Europako esparruan, eta bide hori jorratu behar da gure espazio propioa izateko».

Barrenaren iritziz, «gero eta gehiago dira estaturik gabeko nazioak errealitate politiko europar berri baten euskarri gisa ikusten dituzten aktore politikoak». Barrenak uste du Europaren etorkizunari buruzko konferentzia «aukera bat» izan daitekeela: «Aukera interesgarria izan daiteke lan egiteko, eztabaidaren testuinguru horretan beste errealitate batzuk kokatzeko. Inportantea da eztabaida horretan gure ahotsa entzutea, geure burua aurkeztea errealitate nazional gisa eta geure burua aurkeztea integrazio politikorako tresna gisa. Konferentzia horretan lobby lan hori modu antolatuan egin ahal izatea garrantzitsua izan daiteke». Konferentzia irail-urrietarako dago deituta, eta iragarri zuen lanean ari direla deialdi horretarako estaturik gabeko nazioetako diputatuek eskema bateratu bat izateko.

Sole ezkor mintzatu zen atal horretan : «Nola ikusten gaituzte? Ez ikusiarena egiten dute. Gobernantza ofizialean, estaturik gabeko nazioak ez gara aktore bat. Estatutik beherako egiturak estatuaren kontua dira». Gaineratu du EBk rol bat jokatu beharko lukeela burujabetza gatazken konponbidean, «EBren mugen barruan geratzen direlako eta herritar europarrei eragiten dielako».

Cominek galdetu zuen Europako integrazioak erraztuko edo zailduko ote lukeen nazioen eta autodeterminazio eskubidearen aitortza, eta gaineratu erantzuna paradoxikoa izan daitekeela: «Objektiboki, estatuek boterea eta garrantzia galtzen duten heinean, estatu berriak sortzearen lurrikara txikiagoa da; baina, subjektiboki, estatuek era dramatikoagoan biziko lukete lurralde baten independentzia, botere galera konpentsatzeko, erretorikoki indartu beharko luketelako beren posizioa».

Mahai ingurua Lurralde burujabetza gatazkak: jardunbide egokien kode baterantz izenburuarekin azaroko nazioarteko jardunaldietan garatuko den eztabaidaren atariko gisa aurkeztu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.