Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Hidroxiklorokina

2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
CCOVID-19 gaixotasunaren kontrako botika espezifikoen eskasiagatik, hasierako egunetatik hasi ziren merkatuan dauden hainbat konposatu probatzen. Hori dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko hainbat herrialdek martxoaren 18an Solidarity Trial programa ezarri zuten martxan. Horren helburua zen modu arinean frogatzea ezagunak ziren medikamentu batzuek gaixotasun berri horren kontra izan zezaketen eragina. Gaixotasun berri baterako jadanik onartutako sendagai bat erabiltzeko prozesu horri birposizionatzea deritzo.

Programa horretan bilatu nahi zuten erabilitako sendagaiek hilkortasuna jaitsi, ospitaleko egonaldia gutxitu edo gaixotasunaren arriskua arintzen ote zuten. Azterketaren helburua zen zer sendagaik funtzionatzen duten jakiteko froga zientifiko sendoak sortzeko behar den denbora laburtzea pentsatu behar da batzuetan zortzi edo hamar urte artean behar direla froga horiek lortu ahal izateko. Horrela, printzipalki lau sendagai probatzen hasi ziren: Remdesivir antibirala, Lopinavir/ritonavir antiretrobiral elkartea bakarrik edo beta-interferonarekin batera, eta hidroxiklorokina antipaludikoa.

Hidroxiklorokina izeneko antipaludikoa malariaren edo paludismoaren kontra erabiltzen den sendagaia da, eta artritis erreumatoidearen eta lupusaren tratamenduan hantura murrizteko ere erabiltzen da. Didier Raoult birologo frantsesak, martxoaren hasieran egin zuen behaketa azterketa batean, ikusi zuen paziente batzuetan seitan, konkretuki sendagai hau erabilita gaixotasunaren hobekuntza zegoela. Ikerketa honek hainbat akats metodologiko zituen, eta, gainera, ez zuen ospitalizazioaren iraupenari buruzko daturik jasotzen, ezta heriotza tasarenik ere. Zientzialari askok kritikatu zituzten emaitzak, baina, hala eta guztiz ere, basamortu terapeutiko bateko egoera berri honetan, erabiltzen jarraitu zuten. Sinestezina izanik ere, Trump bera prebentzio moduan hasi zen hidroxiklorokina hartzen.

Azken astean Lancet aldizkari medikoan argitaratutako lan batean argi eta garbi adierazten da botika hau oso kaltegarria dela. Sei kontinentetako seiehun ospitaletan baino gehiagotan ia ehun mila pertsonatan egindako azterketa da: horietako batzuk botikarekin tratatuak izan ziren, eta beste batzuek kontrol moduan jokatu dute, hau da, tratamendurik hartu gabe. Botika honekin tratatuak izan ziren gaixoek hilkortasun tasa altuagoa zuten tratatu gabekoekin konparatuta. Are gehiago, hidroxiklorokinaren tratamenduak bihotzeko arritmia larrien ehunekoa igo egin zuen ospitaleratutako pazienteetan.

COVID-19 gaixotasunaren aurka sendagai eraginkorrak bilatzea ezinbestekoa da, baina, aldi berean, horiek seguruak izan behar dute, derrigorrez. Batzuetan, arinegi joateak, ikerketa eskas batek ematen dituen emaitzak ikusita, arazo oso larriak bultza ditzake. Zientziak hitz egin behar du, eta medikuntzaren funtsezko printzipio bat da «lehenik eta behin kalterik ez egitea». Horregatik, saiakuntza klinikoak egitea eta horien emaitzen ondorioz tratamenduak ezartzea ezinbestekoa da. Komunikabideek ere, edozein emaitza kaleratzeko orduan, tentuz ibili beharko lukete, eta esperantza faltsurik ez emateko ardura ere badute, fidagarritasun neurriei erreparatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.